Euri lehorra. Horixe da herenegun gauean Kataluniako TV3 telebista kateak eman zuen dokumentalaren izenburuaren euskarazko itzulpena. Irlandan, lurrera iritsi aurretik lurruntzen den euriari esaten zaio horrela, eta horixe da, Gorka Espiauk zuzendu duen dokumentalak bitartekarien egitekoa deskribatzeko erabiltzen duen espresioa. Itxura batean, egon ez balira bezala beharko bailukete bitartekariek, egiaz arrastoa uzten duten arren.
Euskal Herriko gatazka nazioartean ahaztua edo alboratua egon balitz bezala aurkezten da, baina dokumentalak erakusten duen moduan, nazioarteak beti begiratu izan dio gatazkari eta hor egon da laguntza emateko prest. Ez da pertsona eskuzabalen kausa soila izan, bitartekari ezagunak, bake erakundeak, unibertsitateak, parlamentuak eta gobernuak egon dira inplikatuta.
Inpaktu handiko hasiera du Pluja seca-k. 2008ko ekainaren 5ean, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gutun bat jaso zuen,ETArena itxura batean, erakunde armatuaren anagrama baitzeukan. Gutunak bitartekaritza lanak albo batera uzteko mehatxu egiten zion Currini, eta ez zuela ohar gehiago bidaliko abisu ematen zuen. Currinek kontatzen du ezker abertzaleko kide bati gertaeraren berri eman ziola eta hura ere zur eta lur geratu zela. Aste batzuk geroago, pertsona horrek berak adierazi zion gutun hori ez zela ETArena, eta erakunde armatuaren «benetako» gutuna jasoko zuela handik egun batzuetara. Jaso zuen gutun hura, eta lanarekin aurrera egiteko eskatu zion ETAk.
Lehenbiziko gutunaren egileari buruz bi bertsio ematen ditu erreportajeak. Lehenean, borroka armatuarieutsi nahi dioten ETAko «gogorren» oharra litzateke. Bigarren bertsioan, berriz, bitartekaritza lanak eragotzi nahi dituzten Espainiako zerbitzu sekretuek bidalitako gutuna litzateke.
Hegoafrika eta Irlanda
Bitartekaritza lanak dituen zailtasunak planteatzen ditu hasiera horrek, baina zailtasunekin itsutu beharrean aukeretan zentratu behar dela da mezua.
Hegoafrikako eta Irlandako gatazken konponketatik abiatzen da kontakizuna, jakineko arrazoiengatik, Euskal Herriko gatazka konpontzeko azken saioen planteamenduek haietatik edan dutelako,metodologia baliagarri ikusi delako eta hemen bitartekari lanetan dabiltzanak edo ibili direnak bi gatazka horien konponketan zuzeneko protagonista izan zirelako. Brian Currin, Frederik de Klerk, Roelf Mayer, Mohamed Bahba hegoafrikarrak, Alec Reid eta Harold Good apaiz irlandarrak, Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blairren gobernukide Jonathan Powell, Sinn Feineko Alex Maskey, SDLPko John Hume, DUPeko Peter Robinson, Henry Dunant zentroko Pierre Hazan irakaslea, Irlandako Incore erakundeko Brandon Hamber... ugari dira bitartekari lanari buruz iritzia ematen duten adituen zerrenda, horietako asko euskal gatazkan zuzenean edo zeharka bitartekari lanetan jardundakoak dira gainera.
Euskal gatazkaz
Ordubete irauten du dokumentalak, eta bigarren ordu erdia Euskal Herriari buruzko zatia da. Gatazkan bitartekari lanetan diharduten edo jardun dutenez gain, euskal politikari zenbait ere elkarrizketatu dituzte: Rufi Etxeberria, Leopoldo Barreda, Jose Antonio Pastor eta Juan Jose Ibarretxe.
Ordu erdi gutxi den arren, 1999tik gaur egun arteko errepasoa egiten dute bitartekariek eta politikariek. Reidekin nola jarri ziren harremanetan Bilboko gotzaindegiaren bitartez, ezker abertzalearekin harremanak hasteko; Ibarretxek Roelf Mayerrekin hasitako harremanak. Reidek eginkizun garrantzitsua izan zuen 2003-04ko isilpeko elkarrizketetan, ETArekin ere zuzenean hitz egin zuen, eta Espainiako Gobernuarekin harremanak hasteko Londresko eta Dublingo gobernuen bitartekaritza erabili zuen. Tony Blairrek konfiantzazko gizon bat jarri zuen lanean; Powell.
Brian Currin 2004ko amaieran hasi zen ezker abertzalearekin harremanetan; talde bat bidali zuen Euskal Herrira, ezker abertzaleko hainbat kideri negoziazioei buruzko ikastaro bat ematera...
Reid 2006an bigarren mailara igaro zen, osasun arazoak zirela tarteko eta ETAk eta Espainiako Gobernuak Henry Dunant zentroa aukeratu zutelako bitartekari lanetarako.
Barajasko atentatuak prozesua hankaz gora jarri zuen arren, sei hilabete geroago, Erresuma Batuko Gobernuak eta Sinn Feinek Espainiako Gobernua, PSOE eta ezker abertzalea azkenekoz biltzea lortu zuten. «Nazioarteko bitartekari bat proposatu genien, Irlandan ere, prozesua eteteko arriskuan zela, George Mitchellen bitartekaritzak asko lagundu zuelako», dio une batean Blairren konfiantzazko gizonak.
Ez zuen fruiturik eman, eta orduan Brian Currinek beste bide bat jorratu zuen ezker abertzalearekin. 2007ko amaieran, Arnaldo Otegirekin eta ezker abertzaleko beste buruzagi batzuekin bildu zen, eta han planteatu zien alde bakarreko erabakiak hartzea. Hortik aurrera, joan den astelehena bitartean ezker abertzaleak egindako urratsekin amaitzen da erreportajea.
Baina bada amaiera aldera Currinek jasotako lehen gutun hari buruzko erreferentziarik. Lokarriko bozeramaile Paul Riosek kontatzen du gutuna jaso eta astebetera espainiar kazetari batek aferari buruz galdetzeko deitu ziola abokatu hegoafrikarrari. «Argi dago: edo zerbitzu sekretuek bidali zioten gutuna, edo zerbitzu sekretuak Currin espiatzen aritu ziren. Bata edo bestea izan, oso larria da», adierazi du Riosek.
@TV3ren webgunean osorik ikus daiteke 'Pluja seca' dokumentala: www.tv3.cat
Currinek bi letter jaso zituenekoa
'Pluja seca' dokumentala egin du Gorka Espiauk; azken hamarkadan Euskal Herrian inplikatuta egon diren nazioarteko bitartekarien lanaz dihardu, haien zuzeneko kontakizunen bidez eta Hegoafrikako eta Irlandako kasuak ere aipatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu