D ereduak gora egiten jarraitzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrematrikulazioetan. 2 urteko ikasle berrien gurasoen artean, %76,83k egin dute euskaraz ikastearen alde —iaz baino %1,6 gehiagok—. Guztira, aurreko urtean baino 419 ikasle gehiago arituko dira D ereduan. Bestelako bidean jarraitzen dute A eta B ereduek, ikasleak galduta. Eskolek eskaintzen ez duten hizkuntz ereduren bat, berriz, 161 lagunek eskatu dute. Joan den urtean 282 izan ziren.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo eman zituen aurrematrikulazioen behin-behineko datuak. Ikasle kopuruari erreparatuta, 36.325 eskari berri egin dituzte EAEn, iaz baino zortzi gutxiago besterik ez. Horietatik erdiak pasatxo dira 2 urteko umeak: 18.433. Aurreko urtean baino 170 gehiago, hain zuzen ere; 18.268 izan ziren iaz. Nafarroan, berriz, martxoaren 1etik 16ra bitarte egongo da zabalik matrikulaziorako epea.
EAEn Haur Hezkuntzari 2 urterekin ekingo dieten ikasleei dagokienez, sare publikoaren alde egin dutenak gehiago izan dira pribatuetara jo dutenak baino. 9.801 ikaslek eman dute izena eskola publikoetan. Aldiz, 8.632 haurrek pribatuetan. Gehienak mutilak izango dira: 9.387; neskak, berriz, 9.046.
Ereduei dagokien datua bereziki da nabarmentzekoa. D eredua da oraindik jaun eta jabe ikasle berrien artean EAEn. 18.433 ikasletatik 14.162k egingo dituzte ikasketak euskarazko ereduan (%76,83). Guztira, iaz baino 419 gehiago dira horiek.
Bizkaian gertatu da aldaketarik nabarmenena D ereduan. Iaz baino 203 ikasle gehiagok egin dute euskarazkoaren aldeko hautua —6.902 ikaslek guztira—. Gainontzeko bi herrialdeetan ere goranzko joera hartu du. Gipuzkoan, 111 haur gehiagok ikasiko dute euskaraz —5.641 umek—, eta Araban, 105 gehiagok —1.619k—.
Aldiz, beste bi ereduek beheranzko bidean jarraitzen dute Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. A eta B ereduetan, 4.271 haurrek eman dute izena, iaz baino 254 gutxiagok. Esanguratsua da Arabako datua, bi gela soilik egongo baitira A ereduari dagokionez. 35 ikasle arituko dira guztira, iazko erdiak baino gutxiago —joan den urtean, 73 izan ziren—. B ereduan, ordea, igoera txiki bat gertatu da, iazko 1.066 ikasletik 1.190era igo baita ikasleen kopurua.
Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, antzekoa da joera. Bizkaian, A eta B ereduek egin dute behera. Gipuzkoan, baita Bk ere. A ereduan, baina, 192 ikaslek eman dute izena, eta, iaz, 169k.
Nafarroan, D ereduak behera
Lehen Hezkuntza eta derrigorrezko hezkuntza aintzat harturik, euskaraz ikasteko matrikulatu diren ikasleen kopurua jaitsi egin da Nafarroan. Halaxe jakinarazi zuen atzo Nafarroako Gobernuak, behin-behineko datuetan.
Pello Mariñelarena ikastolen elkarteko zuzendariak, ordea, hauxe adierazi zuen: «Kontuan hartu behar da jaiotza tasak behera egin duela, herri txikietan batez ere, eta krisi ekonomikoak gogor jo duela». Arrazoi horiez gain, baliteke TIL ereduak (ingelesezko ereduak) eragina izatea.
Gehienek eskola publikoen aldeko apustua egin dute. Ikastoletan 485 ikaslek eman dute izena, iaz baino 53 gutxiagok. Iruñerriko eta inguruko ikastoletan esperotako datuak bildu dituzte, baina herrixketan ez. Nestor Salaberria Nafarroako Sortzen Ikasbatuaz elkarteko zuzendariak adierazi du egoera larria dela: «Datuak behin-behinekoak badira ere, iazko antzera ibiliko garela uste dugu. Horrek erran nahi du eskolaren bitartez egiten den euskalduntzea geldirik dagoela. Eta hori gertatzen da, Nafarroako Gobernuak euskara aintzat hartzen ez duelako eta bultzatzen ez duelako». Orain arte, haur kopuruaren herenak ematen zuen izena euskarazko irakaskuntzan; orain, ia laurdenak.
D ereduan hasiko dira ikasle berrien %77, iaz baino %1,6 gehiago
Iaz baino 419 gehiagok aukeratu dute euskaraz ikastea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; behera egin dute A eta B ereduek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu