«D eredua benetako eredu eleaniztuna da». Argi dauka hori Iñaki Anduezak, NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteko presidenteak. Gogorarazi du otsailaren 7tik 14ra haurrak aurrematrikulatzeko kanpaina egingo dutela eta, horren harira, D ereduaren aldeko kanpaina izango dela. «Familiek, D eredua aukeratzean, hautu ezin hobea egingo dute». Nafarroako Gobernuak D ereduaren aldeko kanpainarik ez duela egiten salatu du, eta horregatik erabaki dutela ikastetxeek kanpainaren ardura hartzea.
NIZE Nafarroa osoko 59 ikastetxetako zuzendariek osatzen dute. 59 zentro horietan eskola umeak D ereduan matrikulatzeko lan egiten dute. «Eremu batzuetan lan gehiago egin behar da, beste batzuetan gutxiago», azaldu du Uxue Larraza Txantreako Bernat Etxepare ikastetxeko zuzendariak. Gurasoek ikastetxe guztietan ereduaren inguruko informazioa lortzeko aukera dutela esplikatu du. «Auzoetan eta herrietan gaude, eta horien eguneroko bizitzaren osagai garrantzitsuak gara». Hutsune bakarra Haur Hezkuntzako ikastetxeetan ikusten dute. «Gure xedea da 0 eta 18 urte bitarteko hezkuntza publikoa eta euskalduna. Gaur egun, 3 urtetik aurrera egin dezakegu D ereduaren alde, ikastetxeen faltagatik».
D ereduaren «oihartzuna areagotzeko», Argi ikusi. Jarri betaurrekoak! lelopean kanpaina «sinbolikoa» egingo du NIZEk. Kanpaina egiteko ahalegin handia egin behar izaten dutela nabarmendu du Larrazak. Gainera, elkarteko bazkideen diruarekin abiatu dute ekimena, diru publikorik ez dutelako jasotzen. Betaurrekoak izango dira kanpainaren irudia, eta xedea gurasoek izan ditzaketen «argilunak» baztertzea da, «eta D ereduaren onurak erakustea». Kanpaina atzo hasi zen, eta otsailaren 1ean bukatuko da Iruñeko Alde Zaharreko San Francisco ikastetxean egingo duten hitzaldiarekin. Gurasoek izan ditzaketen «dudak eta eztabaidak» argitzeko egin dute hitzaldia, baina informatzeko modurik hoberena «egunerokoa» dela zehaztu du Iñaki Anduezak: «Guraso batekin elkartu, eta galdetu zein den haren esperientzia».
Kanpaina umeak aurrematrikulatu behar dituzten guraso guztiei bideratuta dagoen arren, etorkinengan izan nahi dute eragina «bereziki». Uxue Larrazak adierazi duenez, ez da erraza etorkinen umeak D ereduan matrikulatzea. «Batzuek gaztelania ez dakitenez, ez dira ausartzen euskarazko ereduan matrikulatzen. Baina, gure ustez, D eredua gizarteratzeko bidea da». Nafarroan 30 urtez elebitasunean irakatsi duen eredua dela gogorarazi du.
D eredua eleaniztasuna bultzatzeko bidea dela nabarmendu du NIZEko presidenteak. Euskara irakats hizkuntza denez, eta gaztelania irakasgai moduan ikasten dutenez, D eredua hizkuntza atzerritarrak ikasteko aukera ematen duen bakarra dela esan du Anduezak. «Zuzenean elebidunak dira ikasleak, eta, pixkanaka-pixkanaka, ingelesa sartzen ari gara». D ereduaren helburua da euskara jorratzea, «bertako» hizkuntza jorratzea. Nafarroako Gobernuak ezarri nahi duen TIL ereduak, gainera, D ereduko matrikulazioetan eraginik ez duela izan azaldu du.
NIZE elkarteko bi ikastetxe dagoeneko TIL ereduan murgilduta daude. Eredu horren inguruan diote «hizkuntzak integratzeko» metodologia aldatu dela eta oinarrian D ereduaren «filosofia bera» jarraitzen duela. Buztintxuri eta Elizondoko ikastetxeetan jarri dute eredu hori; funtsean, ingelesezko ikas orduak areagotu dira, eta ez da ikasgai gisa irakasten. «Ingelesa ikasteko hizkuntza da». Hala ere, euskara irakats hizkuntza da oraindik ere.
Nafarroako Gobernuak ingelesezko ereduak sustatzeko tresna gehiago erabiltzea kritikatu du Iñaki Anduezak, eta D ereduari «indarra» emateko kanpainak, berriz, ez dituela egiten. «Eredu berriak elebitasuna lortuko duela esaten dute, eta ulertarazi nahi dute gaztelania eta ingelesa dela elebitasuna. Benetako elebitasuna D ereduak sortu du, ordea; hau da, gaztelaniak eta euskarak».
D ereduko matrikulazioaren alde kanpaina abiatu du NIZEk
Nafarroako Gobernuak eredua bultzatzen ez duenez, bere gain hartu du lana ikastetxeetako zuzendarien elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu