Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformarekin eta Askatasuna alderdi politikoarekin lotuta hamahiru lagun inputatu eta ostiralerako deklaratzera deitu ditu. Haien artean, Jose Antonio Munduate Askatasunako lehendakaria. "Hauteskundeetako helburu politikoekin Batasunaren eta Ekinen aginduetara" aritzea egozten die eta, ondorioz, "ETAren esanetara" aritzea. "Talde terroristako" kidetzat jo ditu.
Askatasunatik Xabier Isasa Garmendia idazkaria, Miriam Diaz Tuesta Arabako bigarren zerrendaburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako, Jaione Unanue Baños eta Urtzi Vidal Astobiza ere deitu ditu. D3Mtik Ainara Etxebarria Escudero, Itziar Garmendia Mitxelena eta Eneko Agirre Garcia Gipuzkoatik, Fernando Antia Zoilo eta Oskar Biteri Castañares Arabatik eta Maria Lidia Barcena Aurrekoetxea, Ana Rosa Tapia Gonzalo eta Ainhoa Barrena Salgado Bizkaitik -horietatik inor ez da izango hautagai-.
Duela bi aste, D3M bultzatu zutelakoan, Espainiako Poliziak Amparo Lasheras, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Elixabete Zubiaga, Agurtzane Solabarrieta, Arantza Urkaregi, Hodei Egaña eta Iñaki Olalde atxilotu zituen, Garzonek aginduta, eta preso dauzkate.
Espainiako Gobernuak Estatuko Abokatuari agindu dio D3Mren eta Askatasunaren aurka egin dezala, ETArekin eta Batasunarekin loturak dituztelako ustez. Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrareko hauteskundeak, eta bihar eta etzi aurkez daitezke helegiteak Espainiako Auzitegi Gorenean. Garzonek, baina, D3Mren eta Askatasunaren jarduera politikoa eten dezake, eta horretarako derrigorrezkoa du haiekin lotura dutelakoan pertsona batzuk inputatzea.
D3Mk eta Askatasunak aurkeztuak dituzte euren hautagaitzak bozetarako.
Politika
D3M eta Askatasunarekin lotuta 13 lagun inputatu ditu Garzonek
"ETAren esanetara" aritzea egotzi die Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta ostiralerako deklaratzera deitu ditu. Elkarte haien aurkako balizko helegiteak Auzitegi Gorenak aztertuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu