Euskara, plazara! oihuak eta danbor hotsak. Dozenaka haurrek hartu dituzte Beskoitzeko (Lapurdi) karrikak gaur goizean, ikastolako haurrei elkartasuna adierazteko. Badu hamar urte eraikin prefabrikatuetan direla, eta gurasoek behin baino gehiagotan salatu dituzte eraikin sendo bat altxatzeko herriko etxeak ematen dizkien oztopoak. Larunbatean manifestazioa eginen du Seaskak, 11:00etan, Beskoitzen bertan. «Deiadar bat egin nahi diogu Euskal Herri osoari: Ikastolaren geroa jokoan da, euskararen geroa jokoan da; denen artean pixka bat eman behar dugu, elkarren artean defendatzeko», adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.
Beskoitzeko Ikastolakoekin batera, Hazparneko, Lekorneko, Bardozeko, Hiriburuko (Lapurdi) eta Arberoako (Nafarroa Behera) ikastoletako haurrek egin dute danborrada. Herriko etxe aitzinean elkartu dira, Kasu, ikastola kexu! oihu eginez. «Toki anitzetan laguntza jaso dugu herriko etxeengandik; hemen, ez gaituzte laguntzen eta gainera oztopoak jartzen dizkigute», salatu du Gorostiagak.
Izan ere, azken hilabeteetan, Fabienne Aiensa auzapezak eta haren taldeak uko egin diote ikastola berria egiteko elkarrizketa orori. Ez du nahi ikastolak 50 ikasle baino gehiago izan ditzan, eta baldintza «arbitrarioak» inposatu dizkio Seaskari. Hala, urtarrilean, 3 urteko haur bati ukatu egin zioten bere ikaskideekin jatea eskola guztiek erabiltzen duten herriko jantegian. Halaber, eraikin berria egiteko proiektuari etengabeko mugak jarri dizkio herriko etxeak, hala nola eraikina bera, kanpoko eremua eta aparkalekua antolatzeko.
Ikastolako gurasoek Pirinio Atlantikoetako prefetari dei egin zioten, eta hau prest agertu zen bi aldeen arteko elkarrizketa laguntzeko, azpimarratuta «haurren interesa» dela lehentasuna. Baina Gorostiagaren hitzetan, Seaskari eta herriko etxeari dei bana egiteaz gain, ez du bien arteko bilkurarik antolatu. «Parez pareko bilkura bat nahi dugu herriko etxearekin, eta espero dugu larunbateko manifestazioak eragina izatea».
Bilkura Parisen
Lehengo astean, Frantziako Estatuaren meneko hizkuntza gutxituetako eragileak biltzen dituen Gure hizkuntzak bizi daitezen kolektiboak bilkura egin zuen Parisen, «Eskualdeetako hizkuntzak eta kulturak» aztertzen dituen lantaldeko hainbat diputaturekin, eta hizkuntzak transmititzeko, irakasteko eta zaintzeko dituzten «oztopo tekniko eta juridikoen» berri eman zieten. Kolektiboak agiri batean adierazi du hizkuntzek «erabateko aitortza» behar dutela, eta hori Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren «berrikuste» batekin baizik ez dela lortuko.
Urriaren 30ean, Frantziako hizkuntzaren nazioarteko hiriaren inaugurazioan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi zuen hizkuntza guziak «berdinak» direla «duintasunaren ikuspegitik». Kolektiboak iritziz, eskubideetan, baliabideetan eta estatuaren engaiamenduan ere berdintasuna beharko lukete hizkuntzek. Halaber, hitz hauek ere izan zituen Macronek: «pertsona orok du bere hizkuntzak ezagutzeko, hitz egiteko eta transmititzeko eskubidea, eta eskubide hori negoziaezina da». Eskubide hori aipatzen duten nazioarteko testuak «izenpetu eta berresteko» eskatu dio Gure hizkuntzak bizi daitezen kolektiboak.