Indar politikoak gaur eguerdian batzartu dira Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean. Estatutu politiko berriaren hitzaurreari buruzko eztabaida katramilatuta dagoenez, erabaki zuten gaurko bileran aurrera egitea eta atariko tituluari buruz hitz egiten hastea.
Hala egiteaz gain, hurrengo bilerarako gai zerrenda adostu dute: aitzinsolasari buruzko eztabaida ixtea eta atariko tituluari buruzkoarekin jarraitzea.
Bilera amaitzean, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak esan du EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artean “puntu komun garrantzitsuak” daudela erabakitzeko eskubidean, Euskal Herriaren izaera nazionalean eta eskubide sozialak blindatzeko beharrean, eta uste du estatus politiko berria adosteko “abiapuntua” badagoela.
Bileraren aurretik ETB1en eginiko elkarrizketa batean, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak PSEri eskatu dio ez erabiltzeko legalitatea “aitzakia” gisa “ezezko” jarrerari eusteko. EAJri, berriz, eskatu dio “maximalismoak” alde batera uzteko.