Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren hautagaia hauteskunde kanpainan murgilduta dago. Ez du oporrik hartu. Gai ekonomikoei lehentasuna eman arren, euskal auziaren gaia ez du albo batera utzi, eta Espainiako Gobernuan presidenteorde eta Barne ministro karguan zegoenean baino argiago hasi da hitz egiten. Azaroaren 20ko hauteskundeetakoa «lehen kanpaina segurua» izango dela nabarmendu du, ETAren mehatxurik ez delako izango. «1977tik, inoiz ez dugu egin kanpaina bat ETAren itzalik gabe; honetan ez da egongo», adierazi du Rubalcabak. Berez, ez da izango lehen kanpaina, 1998, 1999 eta 2007ko hauteskundeetako kanpainetan ETA su-etenean zegoelako, baina lehen aldia izango da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Dena den, PSOEren hautagaiaren ustez, oraingo egoera ez da tregoa arrunt bat. Rubalcabarentzat oraingo kanpaina lehena izango da demokrazian «ETAren atentatu baten beldurrik gabe».
PSOEren kanpaina batzordearekin eta hautagaitzaren prestakuntzan lanean ari diren boluntarioekin bilkura bat izan zuen atzo Rubalcabak, eta topaketa horretan egin zuen ohar hori.
Rubalcabaren adierazpen horiek ustekabean harrapatu dute alderdi popularra. Ika-mikan sartu da Javier Arenas buruzagia, baina nola erantzun ongi jakin gabe. Lehenik, «harriturik» agertu da Rubalcabak kanpaina seguruari buruz esandakoagatik. Ondoren, PSOEren hautagaiak kanpainan ETAri buruz «asko» hitz egingo duela iragarri du. «Duela hiru egun sozialistak haserretu egin ziren, eta esan zuten hemendik hauteskundeetara ezin zela ETAri buruz hitz egin», gogorarazi zuen Arenasek. Hori dela eta, Rubalcabak egindako aipamena «zinikoa» eta «kontraesankorra» iruditu zaio PPko buruzagiari.
Ares eta Erkoreka
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak beste ikuspuntu batetik heldu zion ETAren indarkeriaren amaieraren gaiari. «Gero eta preso gehiago eskatzen ari dira jarduera terroristaren amaiera», esan zuen atzo prentsaurreko batean. Datu hori «egiaztatuta» daukala gaineratu zuen. «Batzuk euskal politikagintzan konformatzen dira ETA su-eten iraunkorrean egotearekin; gu ez gara konformatzen behin betiko gelditzea ez denarekin», nabarmendu zuen Herrizaingo sailburuak. Aresen ustez, armak behin betiko uzteko eskaera hori Bildun dauden ezker abertzaleko buruzagiek ere egin beharko lukete.
Hauteskundeen aurretik ETAren agiri bat egongo ote den espekulatzeari uko egin zion Aresek. Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak EAJri eta Aralarri elkarrekin aurkezteko egin dieten proposamenari dagokionez, alderdi jeltzalearen jarrera babestu zuen. Ezezkoa ematea «zuzena» iruditu zitzaion. «Espero dut koherenteak izatea eta ezezko horrek ez izatea zerikusirik koiuntura elektoralarekin eta jarrera sendoa izatea», gaineratu zuen.
Josu Erkoreka EAJko diputatu taldeko bozeramailearen ustez, azken egunotan, ETAren indarkeriaren amaiera gertu egon daitekeela dioten albisteak edo aipamenak interesatuak dira. Hori guztia noren onurako ote den galdetu du bere blogean. «Azken hilabetean, gertatzen diren gauza guztien atzean Barne ministro ohiaren eskua ikusten dut», idatzi du Josu Erkorekak.
Datorren kanpaina ETAren beldurrik gabeko lehena dela dio Rubalcabak
Lehen «kanpaina segurua» eta «ETAren itzalik gabekoa» izango dela ziurtatu du PSOEren presidentegaiakRodolfo Aresek begi onez ikusi du EAJk ez onartzea aliantza abertzalerako eskaintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu