ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Datorrenari eusteko, egitura indartu behar

Gure Esku Dago-k 1.500 bazkide dauzka, "indartsuago" izateko aurreikusitakoaren %10a. Galdeketa berrien uholdea dator, eta Angel Oiarbidek herritarrei dei egin die dinamikara batzeko. Larunbatean egingo dute bazkideen lehen batzarra, Eibarren. [youtube]https://youtu.be/B8LXjHKeNBc[/youtube]

enekoitz esnaola
2016ko ekainaren 15a
10:03
Entzun

Gure Esku Dago-ko arduradunak oso pozik daude herri dinamikak hiru urteotan lortu duen zabalkundearekin, erabakitzeko eskubidea gizarteratzeagatik eta berriki Euskal Herriaren estatus politikoaz lehen galdeketa sorta egiteagatik, baina badute kezka bat: datorrenari nola eutsi egituratik. Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak igandean BERRIAn plazaratu zuen arrangura: "Datorren urteak gainditu egingo gaitu". Finantzaketa handiagoa izateko, azpimarratu dute bazkidetza nabarmen indartu beharrean daudela; 1.500 bazkide dituzte, Oiarbidek zehaztu duenez. "2018-2019ko data jarria dugu; ordurako ahal den herritar gehienen borondatea azalarazi eta hori panorama politikoan mahai gainean jarri nahi dugu, baina horra ezin gara iritsi egungo 1.500 bazkiderekin".

Desio luketenaren %10ean daude. "Guk aurreikusten duguna da bazkidetuta 15.000 lagun beharko genituzkeela indartsuago izateko, eta, beraz, helburuetara lehenago iristeko". Herritarrei dei egin die bazkide egitera: "Gu ez gara erakunde publiko bat, herri dinamika bat baizik. Gure Esku Dago-n ahal den jende gehien batzea nahi dugu, elkarrekin bultza egiteko".

Datorren larunbatean egingo dute bazkideen lehen batzarra, Eibarren (IITUE unibertsitatea, 10:00). Gai zerrendan ageri dira iazko kontuak onartzea (1.742.000 euroko aurrekontua izan zuten), estatutu berriak ontzat jotzea, joan den ekainaren 5eko 34 galdeketak baloratzea, 2017ko plangintza eta aurtengo aurrekontuak aurkeztea (342.000 euro; estadioetako-eta ekitaldiak izan zirelako da iazko aurrekontua handiagoa). Bazkidetzarena aterako da. Dinamikak udalerrietan dituen batzordeekin harremanetan jarrita eta fitxa beteta egin daiteke bazkidetza, baita Gureeskudago.eus webgunean sartuta ere.

Bazkideak, aurtendik 

Iazko azaroan Eskura gogoeta prozesuan bide orria onartu eta zuzendaritza batzordeko 75 kideak hautatu ostean, aurtengo urtarrilean heldu zion bazkidetza kanpainari. "Erabakiaren aroa bururaino eramateko" herritarren protagonismoa eta parte hartzea ezinbestekoak direla esan zuen. Baina bazkidetza ez du sobera sustatzerik izan, nahikoa lan eduki baitu galdeketekin: sistema informatikoa taxutu, protokoloa azaldu, hitzaldiak eman, harremanak egin... Azaroan Diman eta Bakaikun kontsultak egin ondotik, hurrengo olatua udaberrian etorriko da. Hura ez da izango 2017ko "kolpe" bakarra. "Ilusioa sortu da, eta ilusioa kutsakorra da", dio Oiarbidek. "Aurreikuspenak txiki geratuko zaizkigu". Ekainaren 5a baino lehen 68 kontsulta zeuden iragarrita. Gehiago izango dira.

Galdeketak ez ditu antolatzen Gure Esku Dago-k, tokian tokiko herritarrek baizik, batzorde sustatzailea sortuta. Herri plataforma denen ardura da bertako galdeketa bertatik finantzatzea. Baina Gure Esku Dago-ri eragiten diote lanik eta kosturik —sistema informatikoak, adibidez—, eta uste du finantzaketa eta egitura aldetik justu dabiltzala. Taldean, kasurako, sei lagun dauzka, eta ez egun osoko lanaldian, gainera. Beraz, bazkidetzarekin-eta egitura indartu beharraz mintzo da Oiarbide: "Euskal herritarrok gure etorkizuna erabaki nahi badugu, bermea herritarrok gara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.