Arnaldo Otegirekin biltzekoa zen Angela Davis ekintzaile estatubatuarra. 9:30etan zuten hitzordua, eta ordu horretarako eskatua zuen baimena Logroñoko espetxean. Baina espetxeko zuzendaritzak ez dio Otegi ikusteko baimenik eman. Davisek negargaritzat jo du espetxeko zuzendaritzaren jarrera, eta iragarri du Otegiren aldeko manifestua sinatu duten gainontzeko ordezkariei emango diela gertatutakoaren berri.
"Neroni preso politikoa izan naizenez honaino etorri eta euskal preso politikoei ere sostengua adierazi nahi izan diet, haiek niri adierazi zidaten moduan", esan du Davisek, Logroñoko espetxearen kanpoaldean.
Berarekin batera izan dira Fermin Muguruza abeslaria eta Amaia Izko abokatua. Azken horrek nabarmendu du euskal presoek politikagintzan parte hartzeko dituzten arazoen ondorio dela Davisein gertatutakoa.
Ondoren, Bilbora itzuli da Davis. Kafe Antzokian Angela Davis gure laguna da! festa egin dute. Fermin Muguruzak bultzatutako egitasmoa da, eta parte hartu dute Mursego, Aiora eta Piti (Zea Mays), Anari, Sorkun, Aneguria, La Basu, Xabi Solano, Broken Brothers Brass Band, Bad Sound System, Maialen Lujanbio eta Eider Rodriguezek.
Davis izan da Free Otegi them all kanpainari babesa eman dionetako bat. Ez da, hala ere, kanpainak jaso duen nazioarteko babes bakarra. Desmond Tutu, Gerry Adams, Nora Cortiñasek ere sostengatu dute Otegiren aldeko aldarria.
Martxoan kalean
Aldaketarik ez bada, martxoaren 1ean irtengo da kalera ezker abertzaleko burua. Izan ere, urtarrilaren amaieran jakinarazi zuten zigor osoa bete baino egun batzuk lehenago irtengo dela Otegi. Izan ere, behin-behinean aske zela auzitegira sinatzera joandako egunak aintzat hartzeko eskaera egin zuen, eta onartu egin dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak.
Bateragune auzian Otegirekin batera espetxeratutakoen artean, hura eta Rafa Diez geratzen dira preso. LABeko idazkari nagusi ohiari beste hamabost hilabete geratzen zaizkio zigorra betetzeko.