DBHko 2. mailako ikasleen %36k ez dute euskararen oinarrizko gaitasunik

Eusko Jaurlaritzak 2009ko emaitza baino hobea dela gogorarazi du; ordea, %3 okertu da 2010eko datuen aldean

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 13 eta 14 urte arteko ikasleen %36k ez dituzte euskararen alorrean Hezkuntza Curriculumak zehazten dituen gaitasunak. ISEI Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko EAEko erakundeak emandako datuen arabera DBHko 2. mailako hiru ikasletatik bat oinarrizko mailan dago euskaraz komunikatzeko gaitasunari dagokionez. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen egoera bertsua da. 9-10 urteko ikasleen %30 oinarrizko mailan daude.

Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean emandako datuak 2011n egindako ebaluazio bati dagozkio, eta 2010eko datuak baino txarragoak dira. Euskaraz komunikatzeko gaitasunaren hastapeneko mailan dauden LHko 4. mialako ikasleen kopurua %2,9 hazi da, eta DBHko 2. mailako ikasle kopurua %2,5. Bestetik, erdiko mailan daudenak %6,3 jaitsi dira LHn, eta mantendu egin dira DBHn. Azkenik, ezagutza maila aurreratua dutenen batez bestekoa %3,5 igo daLHn eta %2,9 jaitsi DBHn.

Hezkuntza Sailak gogorarazi du ISEIk ebaluazio hori egin zuen lehen urtearekiko hazkundea dagoela. Urteen arteko datuen mugimenduei garrantzia kendu, eta 2009tik «gorako joera» dagoela jakinarazi du. Hastapen mailan zeuden ikasle kopurua %2,9 jaitsi da 2009tik, eta %2,2 igo dira maila aurreratuan daudenak. DBHn ere %2,1 jaitsi da oinarrizko konpetentziak ezdituztenak, eta %2,8 igo maila aurreratua dutenak.

Zelaak gogorarazi du ISEIko 2011ko ebaluaketako datuak 2009an zehaztutako helburuekin bat datozela:lau urteko epean hastapeneko maila dutenen kopurua %5 jaitsi, eta maila aurreratuan daudenena %5 igo. Hortaz, «aurrera pauso ontzat» jo ditu Zelaak 2011ko datuak. Eboluzioa hizkuntza eredu guztietan gorakakoa dela gaineratu du, eta hazkunde handiena A ereduan gertatu dela gaineratu du. Ordea, eredu horren emaitza hobetu arren batez bestekoaren oso azpitik dago oraindik ere.

Euskaraz komunikatzeko gaitasunaz gain, ISEIk gazteleraz komunikatzeko gaitasuna eta matematikari buruzko ezagutza ere aztertzen ditu 2009tik. Horiekiko alderaketan euskara ez da leku onenean geratu 2011ko ebaluaketan, beste gaitasunen emaitzen azpitik geratu baita.

Matematikei dagokienez LHko emaitzak nabarmen hobetu dira 2010 urteko datuekiko. Hastapen mailan zeudenen kopurua %3,5 urritu da, etamaila aurreratuan dauden ikasle kopurua %6,8 igo. DBHko datuetan oso aldaketa txikiak gertatu dira. Gazteleraren kasuan hastapeneko mailan daudenen kopurua jaitsi da, orokorrean, baina maila aurreratuan daudenen kopurua ez da aldatu.

Ebaluazioa LHko 4. urteko 19.254 ikasleri egin zioten, eta DBHko 2. urteko 18.279 ikasleri.

Ingelesari, arreta

Euskaraz eta gazteleraz komunikatzeko gaitasuna eta matematikak aztertzeaz gain, ikasgai ezberdinak aztertu ohi ditu ISEIk urtero. 2011. urtean ingelesez komunikatzeko konpetentzia aztertu zuen, eta kontuan hartzeko egoera bat antzeman zuen. Ingelesezko eskolaz kanpoko ekintzak egiten dituzten umeek ekintza horiek egiten ez dituztenak baino maila hobea dute. Ordea, ekintza horietako parte hartzea familien maila sozioekonomikoarekin lotuta dagoela ikusi dute. «Ingelesezko hizkuntza gaitasunetan haustura bat gertatzeko arriskua dago, eta hori saihesten saiatzen ari gara», nabarmendu du Zelaak.

Eskola publikoaren eta itunpeko ikastetxeen artean alde nabariak daudela azaldu du sailburuak. A ereduko ikasleen kasua bereziki argigarria da; eskola publikoko ikasleen %8k parte hartzen dute ingelesezko eskolaz kanpoko ekintzetan, eredu berdineko itunpeko zentroetako ikasleen %28aren aurrean. D ereduan aldea txikiagoa da; eskola publikoko ikasleen %46,9k parte hartzen dute ekintza horietan, eta itunpeko ikastetxeetako ikasleen %55,4k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.