DDRa (Desarmea, Desmobilizazioa eta Birgizarteratzea) Euskal kasuan: bideragarritasuna eta aukera izeneko jardunaldia egin du arratsaldean Foro Sozialak Donostiako Carlos Santamaria zentroan. Topaketan DRR printzipioaren aplikazioa aztertu dute, Kolonbia, Ipar Irlanda, Filipinak eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren esperientzietatik abiatuta. Jardunaldiaren amaieran, hausnarketak utzitako ondorioen berri eman du Veronique Dudouet Berlingo Berghof Fundazioko programen zuzendariak. Nabarmendu duenez, okerra litzateke DDRa "prozesu baten amaiera gisa, are gutxiago porrot gisa" ulertzea. Aldiz, "bake iraunkor" bat lortzeko bidean "eraldaketa bektore" izan behar duela adierazi du.
Dudouetek azaldu duenez, "DDRa oinarrizko fase bat da gatazka armatuen konponbide prozesuan, normalean borrokaren irtenbide negoziatu baterako prozesu batean koordinatuta". Prozesu hori "oinarrizko fase bat" da gatazka armatuak gainditzeko eta posible egiteko bidean. "DDRa ez da ulertu behar neurri isolatu gisa, gatazka bere osotasunean konpontzeko tresna gisa baizik".
DDRaren bidez, gatazka gainditzeko borondatea islatzen du ordura arte enfrentamenduan engaiatuta egon denak. Baita indarkeriari uko egin eta bere ideiak soilik "bide baketsu eta demokratikoak" erabiliz defendatzeko konpromisoa ere.
ETAren armagabetzeak DDR printzipioen lehen atala itxi zuen, eta orain hurrengo bi urratsak eman behar direla nabarmendu du Dudouetek. Batetik, desmobilizazioa: "erakunde klasndestinoa desegitea"; eta, bestetik, "presoak, iheslariak eta deportatuak gizarteratzea, bizitza zibilari berrekiteko eta adiskidetze eta garapen lan komunitarioetan nahiz bizitza politikoan parte hartzeko".
Talde armatuko militante ohiak "bakearen eraikuntzarako kidetzat" jo behar dira DDR prozesuan, Dudouetek nabarmendu duenez. "Bake iraunkorraren eraikuntzan" parte hartu behar dute, haren esanetan, "ekintza politikoaren, konpromiso zibiko eta komunitarioaren edota adiskidetze eta elkarbizitza egitasmoen bidez". Parte hartze hori "berme sendo bat" izan daitekeela ziurtatu du, "elkarbizitza eta gizarte adiskidetu bat lortzeko bidean".
Dudouetek aitortu du Euskal Herriko bake prozesuak berariazko zenbait ezaugarri dituela. "Aldebakartasuna" eta "inklusibotasuna" aipatu ditu. Lehenengoa, Espainiako Estatuaren engaiamendu faltarengatik, eta, bigarrena, "euskal gizarteak izan duen egitekoarengatik". Aldiz, testuingurua edozein dela ere, ETAren desmobilizazioak nazioarteko estandarrak zehazten dituen baldintzak bete behar dituela ohartarazi du.
Lehenik eta behin, Dudouetek ezinbesteko jo du desmobilizazioa "borondatezkoa" izatea. Beraz, garrantzia eman dio ETAko kideek jokatu beharreko rolari. Horrez gain, "modu inklusiboan" gauzatu behar dela gaineratu du: "eragindako aktore guztien beharrak eta lehentasunak aitzat hartuta, ez soilik militanteenak (presoak, errefuxiatuak eta klandestinoak), baita euren senideenak eta gertukoenak ere". Emakumeek eta gazteek egin dezaketen ekarpenari erreparatzea ere galdegin du. Armagabetzearen kasuan bezala, desmobilizazioa ere aldebakarrekoa izan daitekeela adierazi du Dudouetek, baina erabakia kide guztiena dela bermatu beharko du ETAk.
Bestalde, nahitaezkoa jo du desmobilizazioa egiaztagarria izatea, eta horren osagarri "emaitzaz publikoki informatzea, gaizki ulertuak eta kontra-propaganda saihesteko, horiek oztopatu lezaketelako gatazkaren aktoreek prozesuari zilegitasuna aitortzea". Dudoueten esanetan, ETAk erabakiaren berri eman behar dio euskal gizarteari eta, "bereziki, gatazkaren biktimei".
Ohartarazi duenez, "desmobilizazio argi batek" erraztu egingo du erakundeek hari sinesgarritasuna aitortzea eta "alde bakarreko prozesu batetik elkarrizketa batera igarotzea" ahalbidetzea; ez soilik euskal erakundeekin, baita Espainiako Gobernuarekin ere, "euskal gatazkari irtenbide inklusibo bat ematea oztopatzen duten lokarriak askatzeko".