Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP

De Cospedal: «PPri botoa ematea ez da inoiz izan hain erabakigarria»

Basagoitik adierazi du «EAJk bere militanteak kokatzeko sortutako estatu paraleloa» murriztu behar dela

Hodei Iruretagoiena
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Botoa PPri ematea ez da inoiz izan orain bezain erabakigarria independentismoak eta subiranismoak irabaztea galarazi eta konstituzioa eta estatutua bermatzeko». Halaxe adierazi du PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek, Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia) egindako agerraldian. PPko lehendakarigai Antonio Basagoitirekin izan da De Cospedal; Basagoitik esana du PP prest dagoela bere botoak «ordainik gabe» erabiltzeko EH Bilduk agindu ez dezan.

De Cospedalek gaineratu du «mozorro dantza» dirudiela hauteskunde kanpainak, eta PP dela hala ez dabilen bakarra: «PP da bakarra benetan zer egingo duen esaten duena». EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu De Cospedalek kanpainan «mozorroa» janzteagatik: «Urkulluren aurpegiarekin aurkeztu da EAJ, baina Ibarretxeren arima du». PSE-EEri, berriz, «anbiguotasunez» aritzea leporatu dio. EH Bildu koalizioa izan da «mozorro dantza» horretan aipatu ez duena.

«EAJren estatu paraleloa»

EAJren aurka jo du Basagoitik ere: gobernuan zen garaian «estatu paralelo» baten adinako administrazio egiturak sortu izana leporatu dio alderdi jeltzaleari. «Armada bat baino ez zitzaion falta», esan du, eta gogorarazi du 500 erakunde eta elkarte sortu zituela, bere arabera, «militanteak kokatzeko». Egitura horiek guztiak murriztea proposatu du Basagoitik: legebiltzarkideak 75etik 60ra jaitsiz, egungo hamaika sailak zazpitan bilduz eta elkarte publikoen eta alderdiek zuzenean hautatutako karguen erdiak deuseztuz.

Bestalde, Donostiako Tecnaliaren egoitzan izan da Gipuzkoako zerrendaburu Arantza Quiroga, eta adierazi du «egitasmo batzuek adimenak itxi eta munduarekiko harresiak eraiki» nahi dituztela.Horrela, gipuzkoarrei eskatu die ez dezatela «biderik egin adimen itxi eta epe motzeko proiektuekin nahasteko», eta esan du «adimenak irekitzea eta talentua» dela gizarteak behar duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.