Torturak egon direla dioten epaileak isildu egin behar dira Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren iritzian, eta Jose Ricardo Fernandez de Prada epailearen kontra "neurriren bat" hartzeko eskatu dio CGPJ Espainiako Botere Judizialaren kontseilu nagusiari, epaileak "hitz zitalak" izan zituela uste baitu.
Tolosan mahai inguru batean izan zen Jose Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea, Iñigo Iruin abokatuarekin eta Carmen Lamarca Zigor Zuzenbideko katedradunarekin batera, Garbiñe Biurrun gidari zutela. Han honela esan zuen, hitzez hitz: "Torturak egon dira, modu argian. Nire bizitza profesionalean susmo argiak izan ditut. Auzitegietan ez zaio erantzun horri".
Fernandez Diazen iritzian, "mespretxagarriak" dira hitz horiek, eta estatuaren segurtasun indarrentzako "iraingarriak". Gogora ekarri du ETAk Espainiako polizia eta guardia zibil asko hil dituela, eta, beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalean aritzen den epaile batek hitz horiek esatea "mespretxagarria" dela.