«Jotzea oso erraza da; zeure burua defendatzeko eskubidea daukazula sinestea da zailena». Autodefentsa feministaren ikastaro guztietan premisa hori errepikatzen du Maitena Monroy irakasleak. «Blokeoa» izaten dute ahotan eraso sexistak jasan dituzten emakumeek: pentsatzeko, erantzuteko, egoerari aurre egiteko ezintasuna. Gizarte eraikuntzaren eta genero roletan oinarritutako sozializazioaren ondorio bat dela uste du Monroyk. Sentipen hori desagerraraztea eta indarkeria egoerei aurre egiteko tresnak ematea dira, hain justu, autodefentsa feministaren helburuak. Urtero, azaroaren 25aren atarian ikastaro ugari egiten den arren, hausnarketa sakona eskatzen du prozesuak, feministen iritziz.
Ukabilkadak eta ostikoak nola eman irakasten baino gehiago, hitz egiten eta eztabaidan pasatzen du Monroyk ikastarootako denboraren erdia. Lan fisikora heldu aurretik, ezinbestekoa da psikologikoa egitea. Beldurra deseraikitzea da lehen urratsa, eta, horretarako, andreek bakarrik sentitzen duten beldur horren jatorria aztertu behar da: «Emakumeak ez gara beldurrarekin jaiotzen; beldurrean hezten gaituzte. Txikitatik esaten digute kontuz ibiltzeko, zerbait gerta dakigukeelako, zerbait hori zer den zehaztu gabe».
Hori dela eta, beldurraz baino gehiago, «terrore sexualaz» mintzatzen da. «Beldurrak zehatzak dira; abagune batean kokatzen dira, identifikatzen. Terrorea ez». Andreak kontrolatzeko modu bat dela gaineratu du, eta hori azaltzeko ere termino politikoagoa erabili du: «Kontrol horrek emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoa sendotzen du: harresi sinbolikoak eratzen ditu, eta, hala, espazioak eta momentuak ukatzen dizkigu. Apartheid-a dakar».
Apartheid-a estalia dela erantsi du, kontrol hori ingurune afektiboetatik datorrelako, familiatik gehienbat: «Eta horrek pentsarazten digu babesten gaituztela». Ustezko babes horrek, ordea, erabat mugatzen du emakumeen askatasuna. Aski ezagunak dira neskatoei egin ohi zaizkien gomendioak: gauez bakarrik ez ibiltzea, leku zehatz batzuetara ez joatea... Eta gizonak izan ohi dira segurtasunaren erreferente, arazorik izatekotan aitari edo nebari deitzeko aholkatzen baita. «Zentzugabea da emakumeak babesteko modu bakarra emakumeak kontrolatzea izatea. Indarkeria saihesteko, andreek mugak jartzen dizkiote beren buruari; eta indarkeriaren ostean ere haien gain erortzen dira babes neurriak».
Horren ondorioz, ondorioztatu du andreak ahulezian, «babesgabetasun ikasian» hezten direla. Monroyk ikastaroetan entzun ohi die zenbait andreri: «Edozer eginda ere ezingo dut erasoa saihestu, ez dago nire esku». Izan ere, ez erantzuten ere irakasten zaie andreei, sozializazio prozesuan ematen zaizkien ezaugarrien eta funtzioen bidez: adeitsuak izatea, mundu guztia maitatzea, besteei minik ez egitea edo deseroso ez sentiaraztea, sakrifikatzea, besteengan gehiago pentsatzea norbere buruan baino... «Ez gara subjektu sentitzen», laburbildu du.
Lotsa eta erruduntasuna
«Sexu terrorearen eraikuntzan, emakumeoi ez digute esaten eskubidea dugula bortxatuak ez izateko, errespetatuak izateko. Aldiz, kontuz ibiltzeko ohartarazi didate; beraz, niri erasotzen badidate, kontu nahikoarekin ibili ez naizelako da. Ondorioa: erruduna naiz». Arriskuak behar bezala ez definitzeak erantzuteko tresnak garatzea oztopatzen du, baina emakumeek badute hezkuntzan jasotako beste zama bat: lotsa eta erruduntasuna.
Horren aurrean, erasoaren ardura egilearena dela nabarmendu du Monroyk: «Gezurra da gizon erasotzaileek ezin dutela beren burua kontrolatu. Borondatea, inposizioa eta gizonen gehiegizko boterea praktikan jarri nahi izatea dira emakumeen aurkako indarkeriaren ezaugarriak. Beraz, andreei erasotzen dieten gizonek nahi dutelako erabiltzen dute bortizkeria».
Ohiko tratu txarrei buruz egindako ikerketetara jo du hori azaltzeko. Adituen arabera, indarkeria zuzena jasan duten emakume gehienek enborrean eta adarretan dauzkate kolpeak. «Ubeldurak ikusten ez diren tokietan», zehaztu du; «Oso ondo dakite nor, nola eta non jo».
Hori kontuan hartuta, autodefentsa irakasleak uste du emakumeak beste posizio batean kokatu behar direla, indarkeriari dagokionez. Batetik, erruduntasun sentimendua alboratu: «Guk ez dugulako erantzukizunik erasotzaile sexistek egiten duten indarkerian»; eta bestetik, subjektu bihurtu: «Guk erabaki». Emakumeen jabekuntzak helburu hori duela berretsi du, hots, eskubideez jabetzea eta horiek erabiltzea: «Pertsona bat ezin da eskubideen jabe izan, aurretik bere gorputzaren jabe ez bada. Horrek esan nahi du niri gertatzen zaidanaren inguruan nire autoritateak balio duela, nik erabakitzen dudala zer gertatzen zaion nire gorputzari, eta norekin».
Era berean, erasoak identifikatu eta izendatu beharraz jardun da, eta nabarmendu du intentsitate baxuko indarkeria dakarten jokabideak ere ezin direla normaltzat jo: «Ez da eskua hankan jartzen didala, baizik eta erasotzen didala; nire espazioa inbaditzen ari da, nire gorputza ukitzen, nire baimenik gabe. Gertaera ondo izendatu behar da, hitza jarri: eraso». Eta egileekin, berdin: «Ez da taberna batean etortzen zaidan tipo astuna, erasotzailea baizik, ez nauelako ni errespetatzen, ezta nire espazioa, nire askatasuna, nire erabakiak ere».
Halere, erasoak identifikatzeko zailtasunak dituzte emakume askok, eguneroko bizitzan batik bat: «Egiten eta sentitzen dugunarekin eta garenarekin lotuta dagoelako sexismoa». Izan ere, bikote harremanetako desorekak ikusteko ere baliagarria da autodefentsa feminista. Maitasun erromantikoak duen eragina deitoratu du Monroyk: «Eredu horretan, gizonen egitekoa emakumeak kontrolatzea da, eta emakumeena, berriz, gizonak barkatzea, mendeko izatea, dena ematea. Andreok gure izaera alboratzeko hezten gaituzte, hala maitatuak izango garelakoan».
Hortaz, eredu horrek indarkeria sexista bultzatzen duela uste du. Andreen aurkako bortizkeria, fisikoa eta zuzena izan aurretik, sinbolikoa eta egiturazkoa delako: «Gure gizartean, gizonak legitimatuta daude emakumeen aurkako indarkeria erabiltzeko, eta indarkeria hori, gainera, instrumentala da, emakumeak kontrolatzeko eta mendean hartzeko baliatzen delako». Eta, haren ustez, helburuari eta bitartekoari legitimazioa kentzean dago gakoa.
Horrekin batera, ezinbestekotzat du feminismoaren ekarpena kontuan hartzea eta mugimenduak betidanik egin duen planteamendura itzultzea: «Indarkeria genero desberdintasunarekin lotuta dago: zenbat eta berdintasun gehiago, orduan eta indarkeria gutxiago».
Bidea ibiltzeko «tresna bat gehiago» da autodefentsa, feminismoaren parte bat. «Ikastaroetan gure ezinegona kolektibizatzen dugu, eta izena jartzen diogu, aurka egiteko praktikak bilatzen ditugu, hausnartzen dugu. Eta, ondoren, areago goaz, mundua eraldatzeko helburuz. Gure ezinegon horrek, gure amorruak gizartea eraldatzeko motore bihurtu behar du».
Azaroaren 25a. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna
Defendatzeko eskubidea ikasten
Mugimendu feministarentzat, autodefentsa da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko tresna eraginkorrenetako batAzaroaren 25eko aldarrien harira, bihar kalera irtetearen garrantziaz ohartarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu