Giza eskubideen aldeko Eleak mugimenduaren ustez, gaur egun dagoen «defizit demokratiko larria» agerian uzten dute Herrizaingo Sailaren, PPko Ramon Gomezen eta PSE-EEko Ernesto Gascoren jarrerek. Ordezkari politiko horiek «irain, mehatxu eta debekuekin adierazpen eta manifestazio askatasunaren gisako oinarrizko eta funtsezko eskubideak beren erara politizatu» dutela azaldu du Eleak-ek.
Izan ere, «garai politiko berri baten hasiera» izateko asmoarekin, Euskal Herria Libre eta Legala. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean manifestaziora deitu zuen mugimenduak abuztuaren 13rako Donostian. Era horretan, manifestazioa Bulebarretik 17:00etan abiatuko zela adierazi zuen mugimenduak deialdian, eta «gaizki ulertuak eta polemika interesatuak» saihesteko Okendo plazan amaituko zela, Aste Nagusiaren hasierako kanoikada egingo den Alderdi Ederreko lorategietatik «urrun».
Kanoikada 19:00etan egingo den arren, Herrizaingo Sailak abiapuntua aldatu egin zuen, «segurtasunari eta jaien jarduera normalari eragin» ez ziezaion. Horrela, manifestazioa Perlatik —Kontxako pasealeku paretik— hasteko agindu zuen, eta antolatzaileek hala egiten ez bazuten «debekatu» egingo zutela jakinarazi zuten Herrizaingo Sailetik.
Abiapuntuaren aldaketak «harritu» egin ditu manifestazioaren antolatzaileak, eta adierazi dute ibilbidearen ordua eta lekua zehazteko erabilitako argudioak ez direla «nahikoak» izan Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarentzat eta Donostiako Udaleko hainbat politikarirentzat; hala nola, PPko Gomez eta PSE-EEko Gasco zinegotzientzat.
Mugimenduak adierazi du Herrizaingo Sailaren jarrerak aldarrikapenaren esanahia indartu duela: «Adierazpen politiko oro legala den marko demokratiko bat aldarrikatzea». Horregatik, leloa aldatu diote manifestazioari, eta orain La Perlatik ere, Euskal Herria Libre eta Legala izango da.
Horrez gain, manifestazioaren deialdiarekin bat egin du ezker abertzaleak, «eskubide osoko agertoki baten aldarrikapenaren protagonismoa herritarrei aitortzen» dieten mobilizazioak «ezinbestekoak» direlako; «masiboki» parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Ezker abertzalearen ustez, «inongo indarkeriarik, mehatxurik, presiorik, jazarpenik, atxiloketarik eta torturarik» gabekoada Euskal Herriak «merezi eta behar» duen etorkizuna, baita «pertsona guztiek eskubide guztiak» aitortuak dituzten eta «proiektu politiko guztiak» gauzagarriak izango diren Euskal Herria ere.
Horretarako, hori bai, «behar-beharrezkoa da epaiketa politikoak, jazarpenak, eta oinarrizko eskubideen urraketa oro bertan behera utz ditzan Espainiako Estatuak».
Era horretan, ezker abertzalearen iritziz, «Madrilek bultzatzen duen blokeo politikaren eta ezker abertzalearen legalizazioaren eta jardun politikoen aurkako jazarpenaren amaiera exijitzeko mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa da».
Legeari errespetua bermatzea
Ezker abertzaleak egindako adierazpenei erantzunez, Herrizaingo Sailak ohar bat kaleratu du. Horretan dio «legearekiko eta herritarren eskubideekiko errespetua bermatzea» dela «bere betebeharra».
Horrez gain, adierazi du «abertzale erradikalek» deitutako ekitaldiak «aldatzeko, debekatzeko, eta egoera politikoa tenkatzeko» ez duela «agindu» Segurtasun Sailburuordetzak.
Herrizaingo Sailaren ustez, «egoera politikoa ez dute tenkatzen Herrizaingo Sailak eta Ertzaintzak, baizik eta, jendea pilatzen denean, beren jarreren aldeko apologia egiteko jaiak erabiltzen dituztenek», eta gaineratu du Ertzaintzak ez duela sortzen «arazorik inongo kasutan».
«Defizit demokratiko larria» dagoela uste du Eleak mugimenduak
Manifestazioarekin bat egin du ezker abertzaleak, horrelako mobilizazioak «ezinbestekoak» baitira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu