indarkeria matxista

Deisy Mendoza Cruzzatti

Bilbo, 2011ko abuztuaren 22a.

2011ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Deisy Mendoza Cruzzatti 2011ko ekainaren 1ean bereizi zen hogei urtez bikotekide izan zuen gizonarengandik, Hector Melecio Reynarengandik. Hiru hilabete eskas iraun zituen bereizketak: bizi zen etxeko ate aurrean harrapatu zuen gizonak, seigarren pisuan, eta labankadaka hil zuen emakumea. Bilbon izan zen, emakumea bizi zen pisuaren ate aurrean, abuztuaren 22an.

Mendozak 36 urte zituen, Ekuadorkoa zen sortzez, eta hiru seme-alaba zituen (horietatik bi, Meleriorekin); 17 urte zituen alaba zaharrenak. Emakumeak salatua zuen gizonak maiz ematen zizkiola tratu txarrak; apirilean jarri zuen salaketa hori, eta ekainean urruntze agindua jarri zioten gizonari. Are gehiago, arriskuan egongo balitz Ertzaintzari zuzenean deitu ahal izateko telefono bat ere eman zioten Mendozari. Ez zuen erabili.

Bereizi zirenetik emakumearen etxe inguruan ibiltzen zen gizona, eta Mendozaren ingurukoek bazekiten gizona urruntze agindua hausten ari zela, baina inork ez zuen salatu. Abuztuaren 24an, senar ohiak berriro hautsi zuen urruntze agindua. Mendozarekin batera igo zen igogailuan, eta etxeko atarian hil zuen emakumea.

Bizilagun batek aurkitu zuen eszena, builak entzun eta seigarren solairura igo zenean. Meleciori eskatu zion eskuetan zuen labana emateko. Lurrean odoletan zegoen Mendoza. Labana hartu zion eskutik. Ertzainak etorri zirenean halaxe aurkitu zituzten. «Beranduegi iritsi gara», esan zion bizilagunak prentsari.

Indarkeria matxistaren biktimei behar bezalako babesa ez zaiela ematen, polemika sortu zen. Eta Mendoza halako arriskuan bazegoen babes sistemak zergatik ez zuen funtzionatu, eztabaida zabaldu zen. «Biktimen babesa ahal dugun guztia indartzen saiatuko gara», erantzun zuen Patxi Lopez lehendakariak.

Melecio ia bi urte geroago epaitu zuten, 2013ko maiatzean. Hilketaz aparte, urruntze agindua etengabe urratzea eta tratu txarrak etenik gabe ematea ere leporatu zioten, eta 32 urteko kartzela zigorra eman zion epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.