Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik auzipetutako Mikel Alvarezek eta Ibon Garciak haien aurkako karguak ukatu dituzte, eta deklaratzeari uko egin diote. Mugituko bi kideek, Espainiako Auzitegi Nazionalak deituta, Gipuzkoako Lurralde Auzitegira joan behar izan zuten atzo, auzipetze autoa irakurtzeko. Auzipetuek lau eta bederatzi urte arteko zigorra jaso dezakete, agintarien aurkako delitua leporatzen baitiete. Maiatzaren 17an Gorka Ovejerok eta Julio Villanuevak Iruñeko auzitegian egin bezala, Alvarezek eta Garciak deklaratzeari uko egin zioten Donostian. «Ez dugu Espainiako Auzitegian deklaratu beharrik Frantzian egindako ekintza batengatik».
Auzitegitik atera ondoren, prentsaurreko bat eman zuten Alvarez berak eta bi auzipetuen abokatu Fidel Sanchezek. Sanchezen arabera, «zentzugabekeria» bat da Mugituko kideen aurkako autoa, eta «erabat neurrigabeak» dira jarri nahi dizkieten zigorrak. Abokatuak salatu duenez, auzia Foruzaingoa ari da ikertzen Nafarroako Gobernuaren «zerbitzura», nahiz eta Frantzian gertatutako ekintza bat ikertzeko «inolako eskumenik» ez duen. Mugituko kideen esanetan, auziaren atzean Nafarroako Gobernuaren «mendeku politika dago», eta nabarmendu dute salatzailea eta ikertzailea bera direla.
Alvarezen iritzian, beste behin «agerian» gelditu da Frantziako eta Espainiako polizien eta auzitegien arteko elkarlana: «Frantziak hasieran ekintza ikertzeko txostena ireki zuen, baina gero ez zion jarraitutasunik eman; horrela, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera heltzea ahalbidetu du». Espainiako Auzitegi Nazionala desagerrarazteko ere eskatu du Alvarezek: «Salbuespeneko auzitegi bat da, disidentzia politiko guztien organo zigortzailea». Mugituk salatu du tarten auzian ere proportzionaltasun printzipioa ez dutela errespetatu, eta nabarmendu du ekintza berarengatik zigor «arinagoak» jartzen dituztela beste herrialdeetan: « Frantziako aurreko gobernuko lehen ministroari tartak botatzeagatik, gazte bati 400 euroko isuna jarri diote».
Horrez gain, ez zaie «bidezkoa» iruditzen ekintza baten helburuaren arabera ondorio legal desberdinak izatea. «Autoritate printzipioa aplikatzeak Espainiako Konstituzioak aldarrikatzen duen 'espainiar guztien berdintasuna legearen aurrean' baliogabetzen du».
Deklaratzeari uko egin diote Barcinari tartak botatzeagatik auzipetutakoek
Auzia Espainiaren esku uztea Nafarroako Gobernuaren «mendeku politikak» bultzatu duela uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu