IMMIGRAZIOA

Delitua egin duen etorkina bidali egin behar dela diote EAEko herritarren %60k

Immigrazioaren Euskal Behatokiak inkesta egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek etorkinei buruz duten iritzia ezagutzeko

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO
2005eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle askok immigrazioaren kontrako jarrera dute, beraiek konturatzen ez diren arren, Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako azterketa batek erakutsi duenez. Immigrazioaren Euskal Behatokia gizarteak etorkinei buruz duen iritzia neurtzen ahalegindu da. «Immigrazioari buruz orokorrean galdetzean, euskal gizarteak jarrera baikorra du etorkinekiko; baina gaia zehazten hasieta etorkinek dituzten eskubideei buruz galdetuz gero, kontrako jarrerak azaltzen dira», esan zuen Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak, atzo.

Jendeak etorkinen kontrako duen jarrera agertzen duten zenbait adierazle aipatu zituen Javier Madrazok. Hala, etorkinen etorrerak herritarren segurtasunean eragin kaltegarria izan duela adierazi dute galdeketa erantzun duten lagunen %55ek. Halaber, delituren bat egiten duten etorkinak, delitua edozein izanda ere, kanporatu egin behar direla esan dute%60k. Gizarte Gaietarako sailburuaren hitzetan, konturatu gabeko etorkinen kontrako jarrera izateak badu ondorio «larriagoa»: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %70 baino gehiagoren ustez mugak jarri behar zaizkio etorkinen etorrerari. Europako Batasuneko biztanleekin zirkulazio librearen aldekoak dira biztanleen %51; baina gainerako lurraldeekin neurri murriztaileagoak hartu behar direla uste dute gehienek.

Hain zuzen, Marokoko eta Afrika beltzeko etorkinak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek gutxien atsegin dituztenak. Inkesta erantzun dutenen iritziz, horiei jarri behar zaizkie muga gehien Arabara, Bizkaira edo Gipuzkoara etortzeko. Era berean, seme-alaba etorkinen batekin ezkonduz gero, marokoar batekin ezkontzea ikusi dute begikotasun txikienarekin galdeketa erantzun duten gehienek. Atzerritar taldeekiko azaldutako begikotasun mailan marokoarrek, iparramerikarrek eta Afrika beltzeko etorkinek lortu dituzte emaitza baxuenak.Gure artera etorritako etorkinek izan behar dituzten eskubideez galdetzean ere agertzen da etorkinen kontrako konturatu gabeko jarrera, Madrazok agertu zuenez. Besteak beste, gizarte laguntzak legezko etorkinek bakarrik jaso behar dituztela uste dute herritarren %57k. Halaber, etorkinek boto eskubiderik ez dutela izan behar uste dute herritarren %10ek. Osasun zerbitzuak edo beren seme-alabentzako eskola publikoa izateko eskubidea dira emaitza onenak lortu dituztenak, etorkin guzti-guztiek izan behar dituztela baitiote herritarren %65ek eta %55ek.

Emaitza baikorrak ere agertu ditu Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako azterketak. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %71k esan du immigrazioak norbere kultura aberasten duela eta ona dela gizarte bat hainbat kulturaz, etniaz eta erlijioz osatzea. Halaber, erantzun dutenen %70ek baino gehiagok ez dute inolako arriskurik ikusten etorkinen erlijio ohituretan.

«Larritzeko» emaitzak, Madrazoren hitzetan

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak agertu zuenez, azterketak «larritzeko moduko» emaitzak utzi ditu; hala, horri aurre egiteko premia dagoela esan zuen: «Etorkinen kontrako jarrerari aurre egiteko agintari politikook kalera jaitsi eta han sentsibilizazio kanpainak egin behar ditugu. Horrek erakunde publiko guztien ardura izan behar du».

Era berean, herrialde batean etorkinak egotea «bertako gizartearen, kulturaren eta ekonomiaren hazkunderako tresna» dela azpimarratu zuen: «Elkartasuna izan behar dugu, baina, aldi berean, guk ere beraiek behar ditugula konturatu behar dugu. Horrek ez du esan nahi jarrera hipokrita izan behar dugunik; ezin ditugu etorkinak lan esku merke bezala ikusi».

Madrazok PPri eta PSOEri egotzi zien etorkinen kontrako jarrera izatea, ezagutzen ez denaren kontrako beldurra izatea naturala dela ere onartu arren. «PP etorkinak kriminalizatzen ahalegindu zen lehenengo, eta orain, PSOEk politika mugatzailea ezarri nahi du», agertu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.