Bahiketa

Deloreaneko kideek bihar hartuko dute Euskal Herrirako bidea

Bi eguneko bahiketaren ondoren lekukotasuna eman dute Mexikoko Poliziaren aurrean. Gaua bizkartzain batekin igaroko dute, eta bihar hartuko dute etxerako hegazkina. Inor ez dute atxilotu oraingoz.

Delorean taldearen kontzertua, irailean, Donostian. GORKA RUBIO, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urriaren 8a
20:45
Entzun

Bi eguneko bahiketaren ostean, Ipar Ameriketan hurrengo egunetan iragarrita zeuzkaten kontzertuak bertan behera uztea erabaki dute Delorean taldeko kideek. Musikarien familiako iturriek BERRIAri adierazi diote gaur gaua bizkartzain batek babestuta emango dutela hotel batean, eta bihar hartuko dutela etxerako hegazkina. Ostegunean Euskal Herrian izatea espero dute.

48 orduz bahituta eduki dituzte Delorean musika taldeko kideak Mexikon. Gaur utzi dituzte aske. Zarauzkoak, Gipuzkoakoak, dira taldekideak, eta telefono bidez erreskatea eskatu zieten haien senideei; dirurik ordaindu ote duten ez dute argitu.

Familiak eskatuta, bahiketari buruzko berririk ez da zabaldu komunikabideetan. Igandeaz geroztik galdu zuten haiekin komunikazioa. Poliziak gaur jakinarazi du onik daudela, bahiketa bukatuta. Espainiak Mexikon daukan kontsularekin, Miguel Fernandez de Mazarambrozekin, hitz egin ahal izan du BERRIAk. Deloreaneko kideak "onik" daudela baieztatu du. Inor ez dute atxilotu oraindik bahiketa horrekin lotuta. "Horretan ari gara".

Espainiako poliziak eta Mexikokoak elkarrekin ari dira egoera aztertzen uneotan, kontsularen esanetan. Musikariek Euskal Herrian 20:00ak inguru zirelarik amaitu dute deklarazioa polizia etxean, Mazarambrozen esanetan. Salaketa jarri dute, eta Poliziak auzia ireki du.

"Bahiketa birtual bat" pairatu dute Delorean taldeko kideek; telefono bidez, kontrolatuta daudela sinestarazten diete, etxetik ateraz gero euren bizitzak arriskuan daudela esanez. Four Point hotelean zeuden taldekideak ostatu hartuta, Mexiko Hirian. Horrelako erasoak ugaritzen ari direla dio kontsulak: "Modan jartzen ari dira era horretako bahiketak. Berez ez dago bahiketarik, baina hori sinestarazten diete, eta, noski, egoera nolakoa den ikusita, beldurtu egiten da edonor". Ikerketak egiteko eta egileak atxilotzeko zailagoak dira horrelako bahiketak, haren esanetan.

Mexikora kontzertu bat ematera joanak ziren Delorean taldekoak. Apartour bira egiten ari dira azken asteetan, haien Apar azkeneko diska dena aurkeztuz. Ostiralean kontzertua emanda, igande goizean galdu zuten haien arrastoa.

Taldekideen senideek Mexikotik dei bat jaso zuten, eta Ertzaintzara jo zuten orduan, salaketa aurkeztera. Harrezkero, zain eta estu egon dira senideak bi egunez. Gaur polizien berria jakin duten arte.

Delorean 2000. urtean sortu zuten Zarautz aldeko lau gaztek. Aldaketa batekin, gaur egun ere lau dira taldekideak: Guillermo Astrain, Igor Escudero, Unai Lazkano eta Ekhi Lopetegi.

Guztira zortzi disko, luzeak eta EPak zenbatuta, publikatu dituzte harrezkero: Silhouettes (Bcore Disc, 2001), Delorean (Bcore Disc, 2004), The Metropolitan Death (Bcore Disc, 2005), Into The Plateau (Bcore Disc, 2006), Transatlantic KK (Simple Social Graces, 2007), Ayrton Senna (Mushroom Pillow - Fool House, 2009), Subiza (True Panther Sounds, 2010) eta Apar (True Panther - Mushroom Pillow, 2013).

Bira luzea egiten ari ziren, Apartour izenarekin. Atzo eta hurrengo egunetan Amerikako Estatu Batuetan ematekoak zituzten kontzertu batzuk bertan behera utzi dituzte, Seattlen Neumos aretoan bihar eman behar zutena, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.