«Korapilatsua, zaila eta itxaropentsua» da egoera, Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroaren irudiko. Garai berezi honetan, alderdi politiko nagusiak batzea «bereziki garrantzitsua» dela ohartarazi du. Sortu alderdi berriak legezko izan behar duen edo legez kanpo utzi behar den erabakitzerako orduan auzitegietan «erabateko konfiantza» duela esan du, eta dudarik ez egiteko eskatu die gainerako alderdiei ere: «Konfiantza eduki behar da instituzioetan». Nabarmendu duenez, «auzitegiak izan ziren Batasuna ETA dela dioen printzipio juridikoa baieztatu zutenak», eta, horregatik, «auzitegiak dira aurkeztu den proiektu honi dagokionez ondorio desberdina atera dezaketen bakarrak».
Meridan izan zen atzo Jauregi (Extremadura, Espainia), eta han esan zuen ETAren kontrako borrokan alderdien arteko batasuna apurtzen bada ez dela sozialistengatik izango. Izan ere, elkarlan hori «ezinbestekoa» eta une honetan «bereziki garrantzitsua» dela uste du. «Ez da hausturarekin mehatxu egiteko unea, ezta harremanak gaiztotzekoa ere. Alderantziz, harremanak lantzeko unea da, batasunaren eta elkar ulertzearen aldeko jarrerak hartuz».
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Sortu alderdiaren inguruan «ahalik eta eztabaidarik objektiboena» egiteko eskatu du, bestalde, eta Auzitegiei errespetua edukitzeko eskatu du. Bere esanetan, denborarekin ikusiko da Sorturen urratsa garrantzitsua den edo ez.
Ez zen hori izan atzo Espainiako Gobernuak eman zuen mezu bakarra. Ezkorrago aritu zenFrancisco Caamaño Justizia ministroa. «Legearen exijentzia guztiak» bete behar direla esan zuen, eta «paperean intentzio onak idaztea» ez dela nahikoa iradoki. Sorturen «estatutuek esaten dutena esan arren, ETA oraindik hor dago». Canal Sur telebista katean elkarrizketa egin zioten atzo Caamañori, eta han esan zuen alderdi berriaren estatutuak aztertuko dituela bere esku dagoen Ministerioak eta Espainiako Fiskaltzak ere gauza bera egingo duela. Azterketa horretan, bi kontu horiek hartuko dituzte bereziki kontuan.
«Zehatz arituko gara exijentzia horiek baieztatu eta bete daitezen, eta eskaera horietakoren bat ez dela betetzen ikusten badugu, auzitara eramango dugu, zuzenbide estatu batean haiek baitira alderdi politiko bat legezkoa den edo ez erabaki behar dutenak». Nolanahi ere, ezker abertzalea une honetan egiten ari den urratsa «aurrerapauso baikorra» da, haren irudiko, eta hori onartu beharra dagoela nabarmendu du.
Hain justu, Fiskaltzako iturriek Efe berri agentziari esan diotenez, «materialki» frogatu behar da Sorturen eta ETAren artean loturarik ez dagoela. Horregatik, erakunde armatuak alderdia sortu aurretik egindako atentatuak errefusatzea ere eska dakiokeela adierazi dute, iturri horien arabera. Estatutuak ez ezik, alderdiaren aurkezpeneko testuingurua ere aztertu behar dela diote.
PP eskuzabala izango da
PPk ere urrats txiki bat egin du baikortasunera. Iñaki Oiartzabal EAEko PPren idazkari nagusiak jakinarazi du «eskuzabal» izango direla ezker abertzaleak «hainbeste engainuren ostean orain serio ari dela frogatzen badu».
PPk eta PSOEk urteetan egindako lanaren ondorioz «ostertzean itxaropena» dagoela esan die Oiartzabalek Eusko Legebiltzarreko korridoreetan galderak egin dizkioten kazetariei. Azaldu duenez, Sortu bera da «joko arau demokratikoak onartu behar dituena, guztiokin demokrazian aritu behar duena eta guztion ideiak errespetatu behar dituena». Horren frogak dituztenean PPkoak pozarren egongo direla eta eskuzabalak izango direla dio.
Margarita Uria CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalak ez du iritzirik eman Sorturen legalizazioari buruz, baina hautestontzietan adierazteko beharra duen sektore bat badela ohartarazi du.
Sorturen sorrera
Demokratak batzeko eskatu du Jauregik, «itxaropen aldi» honetan
Estatutuez gain «legearen exijentzia guztiak» behar direla ohartarazi du Francisco Caamaño Justizia ministroak«Ahalik eta eztabaita objektiboena» egiteko eskatu du Jose Luis Rodriguez Zapaterok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu