ATZEKOZ AURRERA

Demokraziaren festa eta bestea

Jaietan dauden herrietan, ez dira gutxi joan botoa ematera gaupasa egin ondoren. Errenterian, txarangek eta txistulariek animatu dituzte hautesleku barruan zeudenak.

Merkatuzarrean jarritako hauteskunde mahaietan, goizean goiz hasi ziren boto emaileak hartzen. XABIER MARTIN.
xabier martin
Errenteria
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bada klixe bat aski zabaldua: botoa emateko egunari demokraziaren festa esaten diote. Festa gutxi, ordea, bozen emaitzak gustuko ez dituen boto emailearen etxean, salbu eta leihotik sartzen bazaio arrapaladan. Emaitzak gustukoak izan ala ez, ez baita erraza izaten hesia jartzea jaiaren musikari eta kaleko burrunbari. Besteentzat, berriz, jai bikoitza dago herriko festak eta hauteskunde eguna batzen direnean: demokraziarena eta bestea; benetakoa, alegia, Errenteriako (Gipuzkoa) madalenena, kasurako.

Kuadrillen eguna zen atzo Gipuzkoako udalerri populatuenetatik hirugarrenean, eta ez zen falta festa girorik goizeko zortzietan. Hauteskunde mahaiak eratzen hasi zirenerako, Niessen kulturgunean eta Merkatuzarrean. Gaupasa egindako gazteak eta ez hain gazteak han eta hemen zebiltzan, Foru plaza eta Biteri kalearen inguruan, Pablo Iglesias kalean gora, bat baino gehiago esku batean zigarreta zuela, eta beste eskuan garagardoa. Haiekin gurutzatu behar izan zuten mahaikide izatea egokitu zitzaien goiztiar behartuek. Zoriak horixe baitu: batzuei, salda beroarekin sabela ematu eta oherako bidea hartzea egokitzen zaie, eta beste batzuei, egun luze bati ekitea, hauteskunde mahai batean.

Argazki hori Euskal Herriko herri askotan errepikatu zen atzo; esaterako, Tuteran eta Vianan (Nafarroa), Getxon eta Bermeon (Bizkaia), Ordizian eta Mutrikun (Gipuzkoa)... Dantzak eta boto paperak, musika kontzertuak eta boto paperak, buruhandien arteko lasterketak eta boto paperak.

Manoli eta Anjel

Boto paper horiek mahaietan jasotzea egokitu zitzaienentzat, demokraziaren festak beste adiera bat dauka, batez ere gaua gehiegi luzatu ondoren mahaia eratu behar izan zutenentzat. Horietako ausart bat edo beste bazen Errenteriako Niessenen jarritako hauteskunde mahaietan, baina «txukun» eratu ziren denak, «aparteko arazorik gabe», udaleko teknikari batek azpimarratu zuenez. «Kapela gorri zelebre bat buruan zutela azaldu dira bi, baina esan diegu hemen ez dagoela festarik», esan zuen teknikariak.

Merkatuzarreko hauteslekuan,Manoli eta Anjel izan ziren bozkatzen lehenetakoak; senar-emazteak goiz jaiki ziren Manoliren urtebetetze egunean. «89 egin ditut gaur, eta horrek 86», bota zuen, tirriki-tarraka aurrera eginez hauteskunde mahai aldera. «Izorratua dago», erantsi zuen, esan aurretik «konplitu» beharra zegoela boz egunean. «Nik beti guretarren alde; badakizu, oiartzuarra naiz jaiotzez; beste horrek ez dakit».

Laster kalera eramango zituzten buruhandi bikote baten albotik pasatu, eta mahaia topatu zuten «konplitzeko». Niesseneko mahaietan, berriz, teknikarien argibideak aditzen ari ziren mahaikideak botoak jasotzen hasi aurretik: «Zuek azkenak bozkatu, ez orain». Azalpenak bukatu orduko, Ibai Arruti zuten bozkatzeko zain. Anbulantzia gidaria presaren presaz zebilen, lanera joan behar zuelako; esan zuen «botoa eman gabe» ez zela joango, «asko baitugu jokoan, batez ere langileek».

Haren atzetik, festan egondako gautxori bat izan zen hurrena. Luis Mari lagun batekin atera zen afaldu ondoren, «eta, azkenean, goizak harrapatu» zituen. Etxera joan aurretik bozkatzea erabaki zuen. «Gero, bestela, ez dakit gogo handirik izango dudan», argitu zuen, irri batekin.

Festaren usaina

Egun osoko erromesaldiaren hasiera bazik ez zen izan hura. Eguerdirako, erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta, areagotu egin ziren bozkatzera zihoazenen joan-etorriak. Bermutaren ordurako, kuadrillak kaleak girotzen hasi ziren, erdialdean. Oraindik ikus zitezkeen aurreko gaueko zalapartaren arrastoak: plastikozko edalontziak eta beste; nahiz eta kale garbitzaileek gogotik lan egin zuten, goizeko zazpietan hasita.

Niessen kulturgunera sartu behar zutenek, aterpeko pasabidean aurrera egin ahala, xaboiaren, uraren, gernuaren eta alkoholaren arteko nahasketaren usainaren kolpea hartu zuten, goizean goiz; batzuek bozei ere ez zieten «usain onik» hartzen. Festaren usaina ez da atsegina izaten eguna argitzen duenean, baina boto emaile goiztiarrek ez dituzte ohiturak aldatzen besterik gabe. Gainera, txibien eta patata tortilaren usainak hartzen du berehala lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.