Euskal Herriak askatasunerako duen eskubidea errespetatzeko eskakizuna. Hori aldarrikatuko du Independentistak sareak apirilaren 24an, Gernikan eta Baigorrin.
Horretarako, Argi berdea independentziari leloa hautatu dute. Txutxi Ariznabarreta Independentistak sarearen bozeramailearen aburuz, demokrata guztiek erantzun beharreko erronka da aurtengoa, «guztion artean demokraziari argi berdea pitz diezaiogun».
Azaldu duenez, «lurralde mugarik gabe» Euskal Herria nazio gisa aitortu eta errespetatzea eskatuko dute. Baita herritarrek etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea izatea ere. «Joko demokratiko garbian, proiektu politiko guztiek, independentziarenak barne, aukera izan behar dute baldintza berberetan defendatu eta gauzatzeko», adierazi du.
Deialdi bikoitza
Datorren urtean Gernika bonbardatu zutenetik 75 urte beteko dira, eta Nafarroa «indarrez» konkistatu zutenetik 500. Hori dela eta, Gernikara joateko deia egiteaz gain, Baigorrin ospatuko den Nafarroaren Egunarekin bat egin du Independentistak sareak: «Aberri Eguna olatu berde erraldoi bilakatu behar dugu, 75 eta 500 urte geroago Euskal Herria bizirik dagoela erakusteko».
Besteak beste, Jose Mari Arrate Athleticeko lehendakari ohiak egin du bat deialdiarekin.
Ariznabarretaren arabera, alderdi politikoek urte osoa dute haien eguna ospatzeko. Haatik, Baigorrira edo Gernikara bertaratu eta berdez janzteko deia egin die kolore guztietako independentistei.
Demokraziari «argi berdea» ematea izango du helburu aurtengo Aberri Egunak
Gernika eta Baigorri berdez janzteko deia egin dio abertzale orori Independentistak sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu