Denak alde, dena kontra

Enpresetan genero berdintasuna lortzeko zailtasunak nabarmendu, eta horiek gainditzeko aholkuak eman ditu Maria Pazosek, Emakundek eta EHUk prestatutako udako ikastaroan.

Bi emakume, Fagorrek Basaurin duen lantegian beharrean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Genero gaietan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldekoa da Europako herrialdeetan hedatuen dagoen iritzia. Dena kontra dute, ordea, andreek lanean aritu, lanpostuari eutsi eta ardura postuetara ailegatzeko. Enpresek jarri ohi dituzten trabez gain, politika publikoek «hainbat harresi» ezartzen dizkiete emakumeei. Desberdintasun horiek amaitzeko, «baldintza zehatzak» jarri behar direla uste du Madrilgo Ogasun Ikasketen Institutuko kide Maria Pazosek, «gizonek eta andreek abiapuntu bera izan dezaten».

Pazosek hitzaldi bat eman zuen atzo Donostian, EHUko Udako Ikastaroetan Emakundek antolatutako jardunaldi batzuetan. Ekonomia eta enpresa: hazkunde arduratsu, bidezko eta paritario baterako gakoak izeneko mintzaldia eman zuen, eta emakumeek lan esparruan dituzten zailtasunak salatu zituen. Baita irtenbide zehatzak eman ere. Ondoan izan zuen Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria.

Gizonezko sostengatzaile-menpeko emazte deituriko eredua gainditu eta zaintzaren ardura parekidetasunez hartuko duen gizarte baterantz joatearen aldekoa da Pazos: «Gutxik nahi dute jada aurreneko eredua». Halere, errealitatea bestelakoa dela azaltzeko hainbat datu eman ditu: gizonak gehiengo dira lanaldi osoko lanpostuetan eta, oro har, bizitzeko adina ematen duten diru sarrerak lortzeko esparruetan. Berriz, emakumeak gehiago dira lanaldi erdiko kontratuetan, diru laguntzak jasotzen dituztenen artean eta antzeko alorretan.

Egoera hori hezkuntzarekin eta eraginkortasunarekin kontrajarri du Pazosek: «Andreen heziketa altuagoa da gizonezkoena baino, eta, Catalyst enpresak eginiko ikerketa baten arabera, emaitza hobeak dituzte zuzendaritza postuetan andreak dituzten enpresek». %43 hobeak, hain justu. Zergatik gertatzen da hori, beraz? «Hainbat faktorek oztopatzen dutelako emakumeen lan eskaintza».

Zenbait alderdi nabarmendu ditu Pazosek: alargun sariek, ezkontideek errenta aitorpena batera egiteko aukerak, haurrak zaintzeko emandako pizgarriek —lan utzaldiak, lanorduak murrizteak...— eta beste hainbat neurrik erraztasunak jartzen dituzte emakumeek zaintza lanak euren gain har ditzaten eta, beraz, lan pagatuaren esparrua utz dezaten. Pazosek gogorarazi du zergatik eragiten dieten neurri horiek andreei bereziki: «Gizonen hamabost eguneko aitatasun baimena ongi dago, baina emakumeek hamasei astekoa dute. Andreek hartzen dituzte eszedentzien %95 umeak zaintzeko».

Politika publikoek ezarritako oztopoak dira horiek, baina are handiagoak dira enpresetan topatzen dituztenak, Pazosen iritziz: «Emakume bat kontratatzen badute, jakin badakite aukera gehiago daudela andre horrek eszedentzia bat hartzeko». Datu horiek eskuan dituztela erabakitzen dute enpresek lanerako nor hartu: «Arrisku handiko langileak dira enpresentzat, eta, ondorioz, lanpostu ezegonkorrak eta ordezkatzeko errazak eman ohi dizkiete andreei».

Genero politikak errotik aldatzearen aldekoa da Pazos, eta zenbait neurri proposatu ditu horretarako. Amatasun eta aitatasun baimenak denbora berekoak izan behar direla uste du, eta gurasoek soldata osoa jaso behar dutela epe horretan. Ezinbestekotzat jo du, era berean, andrea zaintza lanetan geratzea sustatzen duten pizgarri oro ezabatzea. Gainera, mendekotasun eta hezkuntza alorretako zerbitzu publikoak hobetu behar direla esan du.

Galdera batekin eta hainbat erantzunekin amaitu du hizketaldia Pazosek: «Posible al da eredua aldatzea?». Baiezkorako lau argudio eman ditu: «Aldaketa nahi dugu, badakigu nola egin, produktiboagoa da eta demografia aldetik irtenbide iraunkor bakarra da».

Baimenak eztabaidagai

Bestalde, aitatasun eta amatasun baimenak berdintzearen aldeko lege egitasmo bat eramango du Izquierda Plural taldeak Espainiako Kongresura. Biek hamasei asteko baimena izateko eskatuko du PPiiNAk, jaiotza eta adopzio baimenak berdintzearen aldeko plataformak. Maria Pazos bera plataforma horretakoa da, eta, adierazi duenez, kongresuko talde guztiekin bildu da. Izquierda Pluralek, BNGk eta Geroa Baik eman diote babesa egitasmo horri. PPk eta PSOEk esan dute ez dela «une egokia» baimenak berdintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.