Uholdeak

Denbora irabaztea da erronka

Maiatzaren 20ko uholdeak ezustean harrapatu zituen Bortzirietako herriak: Beran, bi orduan metro koadroko ehun litro baino gehiago bota zituen. 2019an, urak Tafalla hartu zuen, eta hango udalak ikasi du lezioa: alarma ahalik eta azkarren piztea helburu duen proiektu batean parte hartzen ari da.

Uholdeen arrastoa Beran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
2023ko ekainaren 2a
11:07
Entzun

«Berako irudiak ikusita, 2019an sentitu nuen beldurra datorkit berriz burura». Tafallako jarduneko alkate Jesus Arrizubietarenak dira hitzak (EH Bildu). Ekainaren 17an utziko du kargua, ez baita koalizioaren alkategaia izan joan den igandeko hauteskundeetan. «Etxeko lanak eginda» joanen dela nabarmendu du, halere.

2019ko uztailaren 8an, Arrizubieta Tafallako alkate bilakatu eta 24 egunera, Zidakos ibaiak gainezka egin zuen herrian, eta kalte handiak eragin zituen. Atarrabiako 25 urteko gazte batek ezin izan zion uholdeari ihes egin, eta Ezporogi ondoan zendu zen, urak autoan harrapatuta.«Garbi nuen udalaren ardura zela neurriak hartzea, egun hartakoa, ahal dela, berriz gerta ez dadin. Uholdeak gertatuko direla badakigu; denbora irabaztea eta alarma ahalik eta azkarren piztea da gure erronka».

Denbora irabazteko asmo horrekin erabaki du Tafallako Udalak bertze hainbat erakunde eta enpresarekin batera garatu nahi duen proiektuan parte hartzea. «Gu gaude, baina badira Espainiako eta Frantziako hainbat enpresa ere sartuak. Europaren babesa lortu nahi dugu, adimen artifiziala erabilita alerta goiztiarrak aktibatzeko sistema bat sortzeko», azaldu du Arrizubietak. Zortzi bazkidek sustatu dute proiektua, bertze sei laguntzailerekin batera. Bazkideen artean dago Zumarragako Udala (Gipuzkoa), eta laguntzaileetako bat da Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa. «Helburutzat hartu dugu uholdeak gertatu baino zortzi ordu lehenago piztu ahal izatea alarma».

Zer egin jakiteko planak

«Uholdeei ezinen diegu ihes egin, baina, denbora irabaziz gero, eragin ditzaketen kalteak gutxitzea lor dezakegu. Herritarren segurtasuna da lehentasuna», berretsi du Tafallako jarduneko alkateak. Garatzen ari diren proiektuaren asmoa ere bada urak azpian har ditzakeen eremuetan dauden azpiegituretan —eskoletan, lantegietan, kiroldegietan eta gisakoetan— larrialdi planak egitea. «Zerbait gertatzen bada, denok jakin behar dugu zer egin. Larrialdi plan batek ez du deusetarako balio herritarrek ezagutzen ez badute».

2019ko uholdeak gertatu eta gero, Tafallako Udalak egin zuen herriko larrialdi plana. Oraingo proiektuarekin, urrats bat harago egin nahi dute. «Onena da lortuz gero udal guztiek erabili ahal izanen dutela». Beran ere badute larrialdi plan bat, baina joan den maiatzaren 20ko goizaldean ezerk ezin izan zion mugarik jarri uraren indarrari: ekaitzak gogor jo zuen herria —bi orduan, metro koadroko ehun litro baino gehiago bota zituen—, eta, Zia errekak gainezka egin eta gero, urak hartu zituen herriko hamaika karrika, etxabe, denda, auto eta etxe.

Uholdeak kalte material handiak utzi ditu Beran, eta berrogei oilo hil ditu, gutxienez. Lesakan, berriz, luizi batek ur kanal bat itxi zuen, eta ura etxeetara desbideratu; hainbat hustu behar izan zituzten. Nafarroako Gobernuak Espainiakoari eskatu dio urak azpian hartutakoa hondamendi eremu izenda dezala. Berako Udalak lau milioi euroren galerak zenbatu ditu, urak herriko bide eta azpiegitura publikoetan egindako kaltearen arabera. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa ari da urak herritarren ondasunetan eragindako kaltea zenbatzen.

«Amets egiten ari nintzela pentsatu nuen hasieran», oroitu du Berako alkate Aitor Elexpuruk (EH Bildu) —kargua berrituko du ekainaren 17an—, etxeko leihotik karrika urez beteta ikusi zuen uneari buruz. «Goizaldeko ordubietan, lau tanta ari zuen; laurak eta laurdenean, dena kontrolez kanpo zegoen. Bat-batekoa izan zen erauntsia».

Elexpuru 2019tik da Berako alkate. 2021eko otsailean, suak hartu zituen herriko zenbait mendi; urte bereko abenduan, Zia errekak eta Bidasoa ibaiak gainezka egin, eta uholdeak eragin zituzten. Kalbarioko errekaren emariak ere gora egin zuen 2021eko abenduan, eta urak zulo bat eragin zuen erreka ubidean sartzen den tokian. Iazko urtarrilaren 10eko euriteen ondorioz, okerrera baino ez zuen egin egoerak: Berako Plaza Zaharrean agertutako zuloak horma bat bota zuen, eta Lorenzobaita etxeko sotoan gainezka egin zuen urak. Azpitik pasatzen da ubidea.

Maiatzaren 20ko erauntsiak ere kalte egin dio Kalbarioko errekako lur azpiko galeriari. «Zia errekarekin bat egiten duen tokian buxadura bat dago, eta zulo bat eragin du etxebizitza bateko sotoan. Hori da orain ditugun puntu kritikoetako bat», azaldu du Elexpuruk. Isidoro Fagoaga musika eskolaren inguruan dago bertzea, han ere lur azpiko erreka bat baitago. Musika eskolaren aurreko botikak, hain zuzen, kalte handiak izan ditu, duela bi asteko erauntsiaren ondorioz.

Laguntzen zain

Berako hainbat dendatan sartu zen ura maiatzaren 20ko goizaldean. Kirolak Zelako jabe Mari Jose Fagoagak dendaren gainean du etxea. «03:30ean, 112ra deitu nuen, ekaitzaren ondorioz putzu handi bat sortu baitzen etxe aurrean; handik gutxira, Ziak gainezka egin zuen, eta, suhiltzaileak etorri zirenerako, dena zegoen ur azpian», gogoratu du. Biltegiko materiala galdu du Fagoagak, baina dendan zuena «herritarren laguntzari esker» salbatu ahal izan duela nabarmendu du. Galdutakoaren inbentarioa egiten eman ditu azken egunak, Nekane Lasaga langilearekin batera. «Beharko ditugun obren aurrekontua ere aurkeztu behar diogu partzuergoari». Urak erakusmahaiei eta zokaloei egin die kalte, bertzeak bertze.

Orain gertatu denak duela berrogei urte denda ireki zuenekoa ekarri dio gogora Fagoagari: «1983ko abuztuaren 2an ireki nuen, eta, hilabete horretako 26ko uholdeen ondorioz, urak metro bat egin zuen gora denda barruan. Egun hartan ezin izan nien malkoei eutsi».

Iciar Fagoaga herritarren babesak hunkitu du, batez ere. Jasotako laguntzari esker, uholdea gertatu eta hurrengo astelehenean zabalik zuen zapata denda. «Mari Josek [Fagoaga] deitu zidan denda urez beteta zegoela abisatzeko». 06:00ak arte ezin izan zen sartu. «Erakusleihoak apurtuak ziren, eta urak zapatak eramaten zituen karrikan behera».

Inbentarioa egiten segitu du Fagoagak azken egunotan, eta partzuergoak emanen dien erantzunaren zain da. «Perituak erran digu oraingoz Europako laguntzak badirela. Bukatzen direnean, ez dakit zer gertatuko den». Beratarren babesa berretsi du, ororen gainetik. «Niretzat hori izan da inportanteena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.