«Denboraren makinan harrapatuta jarraitzen dugu; nazkatuta gaude»

Askapeña legez kanpo uzteko eskaera gaitzetsi, eta auzi berean epaituko dituzten bost lagunak babestu dituzte hiriburuetako jaietako eragileek

Erredakzioa
Bilbo
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Askapena erakunde internazionalistaren aurkako auzian Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Askapeña konpartsa ldebekatzeko eginiko eskaera gaitzetsi dute Bilboko Konpartsen Federazioak, Gora Iruñea plataformak, Iruñeko Peñen Federazioak, Donostiako Piratak taldeak eta Gasteizko Txosnen Batzordeak. Bilbon eginiko agerraldi jendetsu batean, agiri bat irakurri dute konpartsen izenean. Askapeñak federazioko kide gisa azken 24 urteetan eginiko lana «argia» izan dela azpimarratu dute, eta salatu talde hori legez kanpo uzteko eskaeraren atzean dagoen asmoa «jai herrikoiei eta parte hartzaileei jazarri eta horiek kriminalizatzea» dela, haien iritzian, «bultzada politikoa» duen beste auzi baten bidez.

«2015ean gaude, baina, zentzugabe bada ere, badirudi denboran ezin dugula aurrera egin, maiztasun handiz atzerantz salto egiten duen denboraren makinan harrapatuta jarraitzen dugulako. Makina horrek gure elkartasuna agertzera behartzen gaitu, eta, bereziki, elkartasuna ez dela delitua errepikatzera. Kasu honetan, elkartasun internazionalista ez dela delitua», azaldu dute. Horrekin batera, konpartsetako kideek gogoratu dute ez dela aurreneko aldia beren jai eredua «kriminalizatu» nahi dutena, eta ohartarazi dute ez dela azkena izango ere. «Edozein trikimailu asmatuko dute horretarako, baina jarraituko dugu elkartasuna hertsatzen ez duten jai herrikoien alde lanean. Eta hori ezin da legaz kanpo utzi, jai herrikoiak ezin dira legez kanpo utzi, Auzitegi Nazionaleko jaun eta andereak. Hori hemen, mundu errealeanerabat zabaldutako sentsazioa da».

«Arrazoirik gabe»

Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketarako egunik ez du jarri oraindik, baina aldeek kalifikazio txostenak aurkeztuak dituzte jada. Fiskaltzak seina urteko kartzela zigorra galdegin du Askapenako Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañezentzat, eta, gainera, Askapena bera, Askapeña konpartsa, eta Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteak legez kanpo uzteko eskatu du.

Askapeña konpartsakoek atzoko agerraldian nabarmendu zutenez, eskaera horretan ez dago «arrazoi edo zergati» bakar bat ere gisa horretako zigorrak justifika ditzakeenik, eta auzia amarru bat dela salatu dute, aurretik izaniko beste hainbat bezala. Horren harira, adierazi dute konpartsakideei eta auzipetuei egotzi ahal dieten «delitu bakarra» internazionalistak izatea dela, eta gaineratu dute auzi horrekin kriminalizatu egin nahi dituztela beste gizarte eredu batzuk —baita jai ereduak ere— defendatzen dituzten taldeak. «Eraso honetan guk ezin dezakegu Askapeña konpartsaren aurkako agresioa soilik ikusi; Bilboko konpartsen eta, oro har, Euskal Herri osoko jai eredu herrikoiaren kontrako erasoa da. Eta ez da aurrenekoa», azpimarratu dute.

Larunbaterako ekitaldi bat dago iragarrita: Zarauzko Modelo zineman izango da, 12:30ean, Euskal Herriko 60tik gora eragilek babestuta, Internazionalismoa ez da delitua lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.