Bordeleko Errektoretzak jakinarazi du dagoeneko heldu den eskola sartzean murrizketa handiak egonen direla sail publikoan. Pirinio Atlantikoetan 29 irakasle lanpostu kenduko dituzte lehen mailan. Arrazoia garbi azaldu du Philippe Couturaud Paueko Akademia ikuskariak. Haurren jaiotza tasaren apaltzearen ondorioz, azken urteotan apaltzen doa haur kopurua eskoletan. Joera horri loturik dago erabakia. «Bordeleko Errektoretzak 98 irakasle postu gutxiago ukanen ditu irailean, eta guri horietako 29 dagozkigu».
Gurasoek haurren izen ematea egin baino lehen murrizketa egiteko deliberoa hartu du errektoretzak. Departamendu mailan, iaz 2008ko sartzean baino 380 haur gutxiago egon ziren, eta datorren eskola sartzean iaz baino 300 haur gutxiago kalkulatzen dituzte. «Bi urtez 700 haur gutxiago zenbatu ditugu departamenduko eskoletan, eta horri dagokion kopurua zehatza da: 30 irakasle lanpostu gutxiago», azaldu du Couturaudek. Frantziako hezkuntza agintariek irizpide zehatzak finkatu dituzte. Funtzio publikoan lanpostuak aurreztu behar dira, eta klase bakoitzean biltzen den haur kopurua emendatu da. Frantzian 24 haur daude gela bakoitzean, eta, akademia ikuskariaren arabera, Pirinio Atlantikoetan, 23. Murrizketa handiagoa izan zitekeen, beraz.
Orotara funtzio publikoan murriztuko duten irakasle kopurua ebatzi duten arren, oraindik goizegi da Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin ukanen duen eragina zehazteko. Izan ere, Ipar Euskal Herrian eredu elebiduna garatzen ari da. Gero eta gehiago dira eredu hori hautatzen duten gurasoak. Izen ematea egin arte ezin da jakin zenbat irakasle postu beharko diren sail horretan. Akademia Ikuskaritzak nabarmendu du arlo horretan hitzarmen zehatzak daudela eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin batera finkatu duten ildoari segida emanen diotela.
Martxoko hauteskunde kanpaina pasatu arte ez da eskola kartarik finkatuko departamenduan, eta ondorioz, Ipar Euskal Herrian ere ez. Frantziako Morbillan eskualdean iragan lau urteotan abiatu ildoa jarraitu dutela esan du Couturaudek, hauteskundeekin zerikusik duela ukatuz. Horrelako erabakiak tentsio politikotik at gelditu behar direla dio: «Gela bat ireki ahal izatea ez da garaipen bat, eta ixtea ere ezin da porrota izan». Izena emateko epea apirilera arte luzatzeaz gain, gurasoekin eta hautetsiekin bilduko dela jakinarazi du Paueko Akademia ikuskariak. Iragarpen horrek ez ditu sindikatuen arrangurak baretu.
Mobilizaziorako deia
Eskola karta ez dute ezagutzera emanen hauteskunde kanpaina burutu arte. Akademia Ikuskaritzak erabakia gibelatzea adierazgarria dela salatu dute sindikatuek. «Akademia ikuskariak badaki mobilizazio handiak egonen direla irakasle lanpostuak kentzen diren herrietan, eta mobilizazio hori ekiditeko asmoz, iragarpena orain egitea saihestu nahi izan du», azaldu du Katti Petrissans SNU-IPP sindikatuko ordezkariak. Sindikatuek aukera baliatu nahi dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte. Urtarrilaren 22an elkarretaratzeak eginen dituzte Baionan eta Pauen.
Lanpostu murrizketak gero eta handiagoak direla azpimarratu dute sindikatuek. Eredu elebidunetik so eginez ere, nahi edo ez lanpostu murrizketak egonen direla diote ozen. Azken urteotan etengabe emendatu dute gela bat ireki ahal izateko behar den gutxieneko ikasle kopurua. Eredu elebidunean bereziki, ordu eta gai jakin batzuetan ikasle kopurua 30etik gorakoa dela salatu dute. Testuinguru guztiz frantsesean bizi diren haurrek euskara ikasteko laguntza gehiago behar dutela dio Petrissansek, eta ikasle kopurua emendatuz Frantziako Hezkuntza Ministerioa euskararen kalitatearen kaltean ari dela pentsatzen du.
Urtez urte gauzatzen ari den irakasle lanpostuen murrizketaren gibelean zerbitzu publikoen pribatizazioa dagoela diote. Zerbitzu publikoen eskaintza txartuz, ikasleak eredu pribatuetara bultzatzea leporatzen diote Frantziako Gobernuari.
Eta eredu publikoaz gain, Seaskako eredu hitzartuan zer gertatzen den ikusteko dago oraindik. Urtez urte emendatzen ari da murgiltze eredua, eta heldu den sartzean bederen 200 haur gehiago igurikatzen ditu Seaskak. Alta, Seaskari ere lanpostu urritasuna inposatzen dio Parisek, ikastolen ereduaren garapena arriskuan ezarriz. Bertze alde batetik irakasle lanpostuen estatusa gero eta okerragoa dela salatu du LABek. Tituludunen kopurua apaltzen ari da, behin-behineko kontratuak emendatzen ari diren bitartean, eta proiektuen araberako lan hitzarmenak deitoratzen ditu.
Departamenduko sail publikoan 29 irakasle postu kenduko dituzte irailean
Lehen mailako haurren izen ematea apirilean bukatuko da, baina dagoeneko lanpostu murrizketa erabaki dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu