Derrigorrezko eskola garaiko liburuek doakoak izan behar dutela esan du Gabilondok

Murrizketek hezkuntza kaskartu dezaketela-eta kezkatuta, lehentasuna heziketa dela esan du Hezkuntza ministroak

Bilera egin zuten Angel Gabilondo Hezkuntza ministroak eta Julio Lafuente NUPeko errektoreak. HEZKUNTZA MINISTERIOA.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak eskola liburuekin hartutako bidea okerra dela ohartarazi du Angel Gabilondok, Espainiako Hezkuntza ministroak. Derrigorrezko eskola garaian ari diren ikasle guztiek beharko lituzkete doan liburuak, haren hitzetan: «Aukera berdintasuna bermatzeko, liburuak dohainik izatearen aldekoak gara erabat». Nafarroako Gobernuak sistema auzitan jarri eta hurrengo egunean babestu du Gabilondok doakotasuna. Oharra egin du gainera: dohainik liburuak lortzeko aukera kentzea edo gutxitzea okerra litzateke.

Aurten eraman du burura liburuak doan emateko sistema Nafarroako Gobernuak; mailaz maila ezarri dute, eta, datorren astetik aurrera, derrigorrezko hezkuntzako ikasle guztiek izango dute modua eskola iburuak doan eskuratzeko. Ordea, Jose Iribas kontseilariak iragarri du aztertu egingo dutela hori; beste sistema baten aldeko azaldu da: errenten arabera eman nahi dituzte liburuak. Yolanda Barcina gobernuburuak adierazi du modu horretara «benetan premia dutenek» jarraitu ahalko dutela eskola liburuak dohainik jasotzen. Datorren ikasturtea begiz jota dute sistema berria abian jartzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, programa bat bada liburuak merkeago jasotzeko; batu diren eskoletako gurasoek prezioaren laurdena pagatzen dute, eta lau urtean erabiltzen dira liburuak. Osorik ordainduta geratzen dira.

Doakotasun erabatekoaren alde egiteak izan behar du jomuga, Gabilondoren hitzetan: «Oraindik dohainik ez diren lekuetan hala izatea dut itxaropen. Espero dut sistema aztertzeaz ari direnean helburu horrekin arituko direla, ez kontrako bidean». Hala, txartzat jo du Nafarroako Gobernuak hartutako bidea, doako sistema berrikustekoa: «Ez dugu nahi inork derrigorrezko heziketan zailtasunak izatea arrazoi ekonomiko edo sozialengatik».

Diru murrizketen altzoan egindako iragarpena izan da Nafarroako Gobernuarena. Kalitatean eragina izan dezaketelakoan, diru gutxitzeekin kezka azaldu du ministroak: «Kezkatzen nau une zailotan pentsatzeak murrizketak egiten hasi eta horrek hezkuntzari eragin diezaiokeelako». Herritarrak heztea eginbeharra dela berretsi du, eta kontuak eskatu dizkie gobernuei: «Autogobernua errespetatzen dut, baina lehentasunezkoa da hezkuntza».

Nafarroan eskola ordu gehiago eman beharko dituzte irakasleek datorren astetik aurrera; modu horretara, orain arte aritzen ziren irakasle batzuei ez diete kontratua berritu —sindikatuen arabera, 235 bat daude egoera horretan; Hezkuntza Departamenduaren arabera, 112—. Irakasleek, eskola ordu gehiago emateko, beste zeregin batzuetarako denbora gutxiago izango dute. Horretaz ohartarazi dute sindikatuek eta hezkuntzako hainbat eragilek ere.

Gabilondo ministroak bat egin du haien aldarriekin. Adierazi du bidezko iruditzen zaiola maisu-maistrei dagokien lana betearazteko eskatzea, baina nabarmendu du beste jardun batzuetarako denbora murrizteak eragina izango duela hezkuntzaren kalitatean: «Kezkatzen nau uste izateak irakasleen lana dela ezagutzak eskualdatzea soilik dela. Gure ustea da irakaslea ez dela mugatu behar eskolak ematera». Hala, tutoretzen eta horrelakoen garrantzia oinarrizkoa dela esan du: «Irakasleen beste jardun horiek ere ezinbestekoak dira: tutoretzak, ikasleei banaka kasu egitea, gaiak eta materialak prestatzea, ikasleen martxa jarraitzea...». Murrizketen bidea hartu duten gobernuei oharra egin die: «Hezkuntzako kalitatean eta berdintasunean eragina izango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.