Desobedientzia zibilaren beharra nabarmendu du Arnaldo Otegik

Mila egun beteko dituzte bihar Otegik, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak giltzapean

Arnaldo Otegi eta Bateragune auzikoak askatzea eskatzeko Elgoibarren iaz egindako ekitaldi bat. A. CANELLADA / ARP.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako eta Frantziako gobernuen immobilismoak kezkatuta dauka Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea. Hura gainditzeko ildo batzuk eman ditu Argia astekarian egin dioten elkarrizketan; nagusiak bi: alde bakartasunez lanean jarraitzea eta desobedientzia zibila aplikatzen hastea.

Giltzapean den ezker abertzaleko kideak gogora ekarri du ezker abertzaleak egindako aldaketa estrategikoaren ezaugarri nagusietako bat alde bakartasuna izan dela, eta, beraz, ildo horretan lanean jarraitu behar dela uste du: «Momentu honetan prozesua alde bikotasunaren eremura eramaten badugu, prozesua impass-ean dago, Gobernuak egoera horretan giltza duelako», dio Otegik. Eta immobilismo hori desaktibatzeko formula ere eman du: «Indarrak metatuz, borroka eginez eta alde bakarreko ekimenak ugarituz alor guztietan. Horrela bakarrik lortuko dugu Gobernuak dagokion ardura hartzea».

Helburuak lortzeko immobilismoa gainditu beharra dagoela azpimarratu du, Logroñoko espetxetik idatziz erantzundako elkarrizketan. Hartarako, tresna jakin bat proposatu du: desobedientzia zibila. «Martxan dauden borrokei» desobedientzia zibila gehitu behar zaiela dio, hala, «estatuen aurrean konfrontazioa planteatuz».

ETAk eman beharreko pausoez ere galdetu diote elkarrizketan. Urrats zehatzei buruz ez du erantzun, baina jarraitu beharreko filosofia honela definitu du Otegik: «Estatuaren immobilismoari kalte eta Euskal Herriari mesede egingo dioten urratsak egin behar dira, arduraz bai, baina ausardia osoz ere bai».

«Irribarretsu» eta «harro»

Bihar bertan egingo ditu Otegik mila egun preso Bateragune auziagatik. Denbora berbera daramate kartzelan Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok eta Miren Zabaletak ere, eta auzi beragatik preso dago Rafa Diez ere. Ezker abertzalearen barnean estrategia armatua alboratzea ekarri zuen eztabaida sustatzeagatik daude preso bost lagunak, eta Otegik nabarmendu du «irribarretsu» eta egindako lanarekin «oso gustura eta harro» daudela, preso egonagatik ere.

Estrategia aldaketaren ondorioz, Bateragune auziko bost lagunak preso dauden bitartean ezker abertzaleak erakundeetara iristea lortu du Bildu eta Amaiur koalizioen bitartez. Bi koalizio horiek egiten ari diren lanaren balantze positiboa egin du Otegik, baina kritikoa ere bai: «Gauza batzuk oso ongi egiten ari gara; beste batzuk, ez hain ongi», adierazi du, eta ohartarazpen bat ere egin du: «Afera da helburuak eta printzipioak garbi edukitzea, perspektiba ez galtzea».

Hori kontuan hartuta, «borroka instituzionala» eta «herri borroka» uztartu behar direla ohartarazi du ezker abertzaleko ordezkariak: «Borroka instituzionalarekin soilik ez ditugu beteko gure helburuak».

Ausardia eske

Gizartea aktibatzeko lana hankamotz ikusten du ezker abertzaleko kideak. Nabarmendu du hauteskunde alorrean eta «masa borroka klasikoan» jendea mobilizatu dela, baina iruditzen zaio «ausardia handiagoz» aritu behar dela: «Askapen prozesua erabakigarria den fasean sartu dugun kontzientzian sakondu beharra dagoela sumatzen dut», azpimarratu du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.