Etxegabetzeak

Desokupak atzeratu egin du gaur Bilbon egitekoa zen etxegabetzea

Iragarria zuten gaur etxegabetze bat egingo zutela alde zaharrean, baina azaldu dute etxearen jabeak ez joateko eskatu diela, «Ertzaintzaren presentzia oso handia zelako» eta istilurik ez eragiteko.

Dozenaka herritar Unamuno Plazan (Bilbo), gaur goizean, 'gosari antifa'-n. MAIALEN ARTEAGA
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 12a
11:54
Entzun

Desokupa ez da Bilbon izango gaur. Hala jakinarazi du haien sare sozialetan Daniel Esteve enpresako buruak. Azaldu duenez, etxearen jabeak jakinarazi die goizetik ertzain mordoa zebilela alde zaharrean, eta istiluak saihesteko hobe izango zela «gauzak lasaiago daudenean» itzultzea. Bilbora bidean ziren Esteve eta beste bederatzi gizon.

Desokupak joan den astean jakinarazi zuen gaur Bilbon izango zela, eta eragile batzuk etxegabetzea eragozteko antolatu dira: besteak beste, 7katu gaztetxea eta Bihotzean Bilboko Zazpikaleetako auzo elkartea. Goizean goizetik txandak egin dituzte alde zaharra kontrolatzeko, eta Ertzaintzaren presentzia ere handia izan da. Atzerapena ospatu egin dute.

Atzo manifestazio jendetsua egin zuten Auzokideen etxebizitzen defentsan, faxistak ez dira pasako! lelopean, eta gaur, berriz, «gosari antifa» egin dute, 07:30etan hasita.

«Sareetako folletoi bat»

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur goizean adierazi duenez, «sareetako folletoi bat» da Desokupa enpresak Bilbon iragarri zuen etxegabetzearen inguruan azken egunetan sortutako eztabaida: «Sareetan ikusten dugunaz gain, ez dugu jaso abisu ofizialik edo salaketarik. Ertzaintza herritarren segurtasuna bermatzeko dago, baina ez dakigu egia den edo ez», adierazi du Erkorekak Radio Euskadin. 

Dena den, aitortu du Abadiñon (Bizkaia) joan den apirilaren 15ean egindako etxegabetzean elkarlanean jardun zutela Desokupak eta Ertzaintzak. Hasieran, parlamentuko «asmakeria bat» zela adierazi zuen sailburuak. 

Ezaguna da Desokupa. Hainbat elkartek salatu izan dutenez, okupatutako etxeak «bortxaz eta modu oldarkorrean» husten dituen eskuin muturreko talde bat da. Gainera, Bilbon euren presentzia handitu nahi dutela dirudi: astelehenean, sare sozialetan, Estevek iragarri zuen bi aste barru euren Desokupa TV telesailaren kartel erraldoi bat jarriko dutela Bilboko erdigunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.