Nekagarria eta konplexua da auzi bat Europaraino eramatea. "Baina euskal abokatuok egundoko zortea izan dugu: hor izan da gu laguntzeko Didier Rouget", dio Amaia Izko abokatuak. Iñigo Iruin abokatuak ere aitortu du haren lana. "Hutsunea nabarituko dugu orain". Atzo zendu zen Rouget (Paris, 62 urte), gaixotasun baten ondorioz.
Ikasle garaian hasi zen militatzen. Gero, sindikatuetan, etorkinen alde, edota zentral nuklearren eta faxismoaren aurka borrokatu zen, ezkerreko mugimenduetako kide zela. Estaturik gabeko nazioen aldeko borrokari ere atxiki zitzaion, eta Euskal Herriarekin harremantzen Burgosko prozesuan hasi zen, 70eko hamarkadan. 80ko hamarraldian Zuzenbidea ikasteari ekin zion, eta giza eskubideen alorrean aritu zen. 1998tik Uztaritzen (Lapurdi) bizi zen.
Izkok eta Iruinek, biek irabazi izan dituzte auziak Europako Giza Eskubideen Auzitegian Rougeten laguntza izanda. Izkok, Ines del Rio euskal presoaren kasuan—197/2006 doktrina—, eta Iruinek, Martxelo Otamendiren Egunkaria auziko tortura salaketaren kasuan. "Aurretik banuen Rougeten aditzea, banekien Europako auzitegian erreferente bat zela. Baina orain dela 8 bat urte Del Rioren kasuan elkarrekin lan egiten hasi ginenean ohartu nintzen zenbat ezagutzen zuen Estrasburgoko epaitegia. Hango funtzionamenduaren, epaimahaien eta jurisprudentziaren berri zuen", azaldu du Izkok. "197/2006 doktrinaz asko nekien nik, baina Europaz gutxi. Didierrek, gainera, teknika juridiko handia zeukan. Hark gidatuta aritu ginen Estrasburgon lanean. Izugarrizko lagundu gintuen".
Europari urraketak ezagutarazi
Europako auzitegiak 2012ko uztailean atzera bota zuen doktrina —Parot doktrina bezala ere ezagutzen da—, eta ia urte eta erdira berretsi, Espainiak azken 5 urteetan Del Rio espetxean "legez kanpo" eduki zuela argudiatuta. "Preso bakar baten auzia zen, baina beste 60ren bat euskal presori eragin zien, kalera atera zirela Europaren erabaki harekin. Asko, asko poztu zen Rouget ere", dio Izkok, "baina ez bakarrik horregatik, baizik eta Europak orduan ere ikusi zuelako Espainiako Estatuak oinarrizko giza eskubideak urratu egiten dituela. Hori zuen hark buruan, Espainiaren jarrera hori salatzea eta Europari ezagutaraztea".
Otamendiren kasuan, 2012ko urrian eman zion arrazoia Estrasburgok. 2003an Egunkaria-ren itxierako operazioko atxiloaldian Guardia Zibilak eragindako torturak salatu zituen Otamendi kazetako zuzendariak, eta, torturak ez ikertzea egotzita, Europak zigortu egin zuen Espainia. "Nik prestatu nuen salaketa idatzi, baina Estrasburgon aurkeztu aurretik Didierri erakutsi nion, niretzat ere berme bat zelako hark kontrastea egitea", esan du Iruinek. Rougetek Egunkaria auzia bera "adierazpen askatasunari egindako erasorik larrienetako bat" izan zela adierazi zuen 2009an, artean epaiketa hasteke zela. Egin-en itxiera ere aipatu zuen orduan: "Egunkaria auzian aipatzen dituzten elementuak oso ahulak eta bortxatuak dira. Helburu bakarra prentsa independentea gelditzea zen, izan Egunkaria edo Egin".
Iruin orain dela 15 bat urte hasi zen harekin elkarlanean. "Beti prest zegoen laguntzeko. Bazekien mugitzen, barrutik ezagutzen zituen auzitegiak, baita haietako doktrinak ere. Ez Estrasburgokoa bakarrik; Genevakoa ere bai. Niretzat maisu bat izan da". Izkok gaineratu du Europako Giza Eskubideen Auzitegian jurista "errespetatua" zela.
Estrasburgotik at ere bai
1997an, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hiru guardia zibil zigortzea lortu zuen, 5 urte lehenago Kepa Urra presoari tratu txarrak eragiteagatik —launa urteko zigorra jaso zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak gero urtebetera jaitsi zien—. 1999an, NBEko Torturaren Aurkako Batzordeak Frantzia zigortzea erdietsi zuen, 1987an Josu Arkauz Espainiaren esku utzi eta torturatu izanagatik.
Ezker abertzaleko alderdien legez kanporatze auzietan ere Europan lanean aritu zen Rouget. Estrasburgok 2009an berretsi egin zituen Espainiako Justiziak emandako legez kanporatzeak, defentsaren helegiteak tramitera ez onartuta. "Politikoki garrantzi handiko erabakia da", ondorioztatu zuen juristak, "eta terrorismoaren aurkako borrokaren izenean Estrasburgoko auzitegiak, giza eskubideen sinboloak, errepresiorako margen zabala eman die". Sortuk adierazi du "galera handia" dela haren heriotza. "Eskubideen aldeko militantea galdu du Euskal Herriak".
Urte asko zeramatzan gaixotasun larri batekin, "baina segitu zuen Europako auzitegian lan egiten, salaketak aurkezten, borrokan", Izkok esan duenez; "horrek erakusten du zenbaterainoko konpromisoa zeukan". Balio bera nabarmendu du Sortuk: "Gaixorik egonda ere, borrokari eutsi zion". Antzera mintzatu da Iratxe Urizar, Giza Eskubideen Behatokiaren eta Eskubideak abokatu elkartearen izenean: "Militantea eta langile nekaezina zen. Hura izan zen kanpoko auzitegi eta instituzioetarako bidea erakutsi ziguna. Behin eta berriz esaten zigun Europako auzitegietan ere aritu behar ginela. Askotan bakardadean aritu zen lanean, eta haren lankideok ez genekien baloratzen".
Eskuartean Espainiako Estatuko auzi asko izan zituen, baina Frantziako Estatuaren jokabidea ere salatzen zuen. Duela 8 urte Baionan emandako hitzaldi batean, 1986ko data azpimarratu zuen, Frantzian "terrorismoaren aurkako borroka" oinarritzat duen legea orduan onartu zuela eta.
2004an, Europako estaturik gabeko nazioetako mugimenduetako militanteen aurkako epaiketetan behatzaile gisa lan egiteko abokatu talde bat sortu zuten, Bretainian egindako bilkura batean, eta Didier Rouget izan zen Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren ordezkaria.
Uztaritzen ere lanean
Bestelako gaietan eta maila lokalean ere murgildu zen. AHTaren kontra, esate baterako, Uztaritzeko taldeko kide gisa. "Ez dago arrazoirik bide berririk egiteko, enpresa batzuen interesak asetzea izan ezean", adierazi zuen behin. Bruno Karrere (*) egungo auzapezak gogoratu duenez, Herria Bizi Dadin talde abertzaleko presidente eta hautetsi izan zen. "Eztabaida eta bilkura gau luzeetan ibili nintzen harekin urte askoan, eta aurreko legealdiko azken bi urteetan herri kontseilari aritu ginen biok, Herria Bizi Dadinetik. Konpromiso handiko militantea zen. Biziki eri zen, baina segitu zuen bukaeraraino bere misioa. Guretzat inspirazio iturri baliosa zen".
Besteak beste, Frantziako Poliziaren eraikuntza egitasmo baten aurka Rougetek egindako lana aipatu du Karrerek. "Proiektua auzitegietara eraman zuen, uste zuelako herritarren interesa ez zela errespetatzen. Proiektua erretiratu egin zuten azkenean". Uztaritzeko auzapezaren arabera, "beti kolektiboki engaiatu" zen, "ez zuen sekula bilatu boterea izatea".
Frantziak etorkinen aurka onartutako legeak ere gaitzetsi izan zituen, "eraso xenofoboak" sustatu izana egotzita. "Errepublikaren izenean gutxiengo ororen izatea bera ukatu nahi du Frantziako Gobernuak. Haren arabera, Frantzian ez dago jendarte, kultura edo sinesmen gutxiengorik. Errepublikaren baloreak errespetatzearen irudi abstraktua osatu nahi dute, Frantzian kultura, sinesmen, hizkuntza edo nortasun bakarra balego bezala".
Larunbatean erraustu egingo dute Didier Rougeten gorputza, Miarritzeko beilategian, 8:30ean. Sendiak gaur etxean bisitak jasoko ditu, 16:00-19:00 artean.
---
(*) Bruno Karrereren adierazpenak Maddi Ane Txoperena Iribarrenek jaso ditu