HEZKUNTZA

Dimisioa eman du Itziar Alkorta Unibertsitate sailburuordeak

"Arrazoi pertsonalak" aipatu dituzte saileko iturriek. Ordezkoa hautatu dute: Adolfo Morais izango da.

Gorka Rubio, ARP. ITZIAR ALKORTA /
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko ekainaren 9a
17:29
Entzun

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak aintzat hartu du Itziar Alkorta Unibertsitate sailburuordearen dimisio eskaria. Gobernuak ohar batean jakinarazi du "arrazoi pertsonalengatik" utzi duela kargua. Hezkuntza Saileko iturriek ez dute beste azalpenik eman.

Kudeaketan urte luzeetako eskarmentua du Alkortak (Donostia, 1967). Sailburuorde izan aurretik, EHUko errektoretzan aritu zen, Kalitate eta Berrikuntzarako errektoreorde gisa. Zuzenbidean doktore da, eta bioetikan espezializatua dago —Euskadiko Bioetika Batzordeko kidea da—.

Eusko Jaurlaritzako agintaldian ez ditu garai errazak bizi izan, unibertsitate planaren harira. Mozketa handia egin zuen gobernuak: EHU unibertsitate publikoari 200 milioi gutxiago eman zizkion. Tentsio garaiak izan zituzten Hezkuntza Sailak eta Iñaki Goirizelaia errektoreak.

Ordezkoa, Morais
Alkortaren kargu uztea onartzearekin batera, ordezkoa izendatu du gobernu kontseiluak: Adolfo Morais (Gasteiz, 1965) izango da sailburuordea. EHUren Donostiako Eskola Politeknikoko zuzendari izan da orain arte. Aurrez, besteak beste, Euskalmet meteorologia agentziako burua izan zen.

Sailburuordetzako gainerako arduradunek karguan jarraituko dute, saileko iturrien arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.