Sartagudako alkateak (PSN) dimisioa eman du, etxeko argindarraren kontagailua trukatua zuela argitara atera ostean

Beatriz Santos Belinchon alkateak gutun bat argitaratu du, Sartagudako herritarrei barkamena eskatzeko.

Sartagudako udaletxea
Sartagudako udaletxea, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko martxoaren 22a
13:30
Entzun

Kargua utzi du Sartagudako alkate Beatriz Santos Belinchonek (PSN). Sare sozialetan zabaldutako gutun ireki baten bidez egin du hori, etxeko argindar kontagailua trukatua zuela argitara atera ostean. Ez da herrian antzeman duten irregulartasun bakarra: beste 30 bat lagunek ere argindar sare publikora lotuta zeukaten kontagailua. Auzia argitara aterata, dimisioa ematea erabaki du alkateak.

Gutunean, Santosek esan du kargua uztea erabaki «zaila» izan dela, baina alkateari dagokiola «eredugarri izatea» eta horregatik «onartu» egiten duela «oker» eginikoa: «Okerra onartzea eta politikaren lehen lerrotik aldentzea dagokit orain». Barkamena ere eskatu die herritarrei, bereziki harekin «desilusionatuta» daudenei, baina lasaitasun mezua ere helarazi die: «Udalean egin dudan lana eredugarria izan da, eta dena dago udaletxean erregistratuta».

Aurrera begira, Santosek esan du «Sartagudaren alde lanean» segituko duela: «Baina orain dagokidan tokitik».

Udalbatzan, bost ordezkari ditu PSNk, eta lau EH Bilduk. Hain zuzen, koalizio independentistak ez du polemika areagotu nahi izan, eta esan du alkateak «ongi» egin duela dimisioa aurkeztuta: «Sortu duen egoeraren ostean, hori zen egin beharrekoa. Espero dugu honek ahalik eta eragin txikiena izanen duela udalaren eguneroko jardunean. Gai oso garrantzitsuak jorratu behar dira udalean, eta guk lanean segituko dugu, herriari zor diogun konpromisoa arduraz betetzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.