berria
«Iaz izandako diru laguntzen handitzea berriro ere ezerezean geratu da»
«2004ko azaroaren 10ean argitaratu da 2004an Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideei emango dizkien diru laguntzen berri. Berandu, oso berandu. Urte osoari aurre egin behar zaio jakin gabe zenbateko diru laguntza jasoko ote den, eta, diru laguntza publikoak beharrezko dituen sektoreak aurrera egitea ezinezko egiten du horrek. Diru laguntzen zenbatekoa urte amaiera arte ez bada ezagutzen, zail dute larri edo oso justu dabiltzan komunikabideekurrats berriak egiteko.
Eta berandu etortzeaz gain, iaz izandako diru laguntzen handitzea berriro ere ezerezean geratu da; hainbat eta hainbat komunikabideren laguntzak 2002ko kopuruetara edo beherago jaitsi dira. Eusko Jaurlaritzak berak sektorea estrategikoa dela dio, baina laguntzeko orduan ez da horrelakorik ikusten. Urteetan diru laguntzen kopurua ez da handitu baina gizarte eragileen ekarpena asko ugaritu da. 2002an egunkari bakar batek, Euskaldunon Egunkaria-k, jaso zuen dirua 2004an egunkarien artean banatu dute. Egia da sektorean baliabide propioak handitu egin direla, baina diru laguntzak jaisten badira ezin dugu ez giza baliabideetan urrats sendorik eman (eta langileen baldintzak hobetu beharra dago) eta ezin da proiektuetan inbertsio berririk egin».
argia
«Oinarri berri batetik abiatutako diru laguntza deialdi berria behar dugu»
«Iaz baino bizkorrago ibili badira ere erabakiak hartzen, oraindik erabaki horren berri dugu bakarrik. Horrek izugarrizko eragina dauka finantza aldetik eta urtez urte errepikatzen ari den atzerapen horrek behartu gaitu kreditu etxeekin operazio bereziak egin behar izatera. Urtea aurrera joaten da, eta bitarte horretan asmo diren proiektuak gauzatzen dituzu jakin gabe diru laguntza nolakoa izango den. Horrek arrisku erantsi batean sartzen gaitu, jakinda lehenagotik ere komunikabideok zer ekonomi justuan eta larrian ibiltzen garen. Horri beste faktore bat erantsi behar zaio: aurrekontu luzatuak izateak suposatzen du denontzako diru poltsa bera dagoela banatzeko. Hemen urte batetik bestera proiektu berriak sortzen dira; horrek esan nahi du proiektu bakoitzarentzat diru gutxiago geratzen dela. Gainera, esan behar da ere deialdi hau zaharkituta geratu dela. Sakonean aspaldiko irizpide batzuen baitan jokatzen du deialdiak eta errealitatea garai hartatik hona asko aldatu da. Oinarri berri batetik abiatutako diru laguntza deialdi berria behar dugu».
topagunea
«Diru laguntzak banatzeko erabiltzen diren irizpideak berrikusi egin behar dira»
«Diru laguntzek azkeneko urteetan ez dute igoerarik izan eta denbora horretan, gainera, hedabide gehiago sortu dira. Ondorioz, bakoitzarentzat diru gutxiago dago. Horrek zalantzan jarri al ditu komunikabideak. Bestetik, diru laguntza deialdiak oso berandu kaleratzen dituzte. Ebazpenak iraila baino lehen ez dira irteten, eta ordainketak, ondorioz, hurrengo urtean egiten dira. Azkenik, diru poltsa banatzeko erabiltzen diren irizpideak ere berrikusteko garaia dela uste dugu. Irizpide horiek sektoreak dituen beharretara egokitu behar dira; izan ere, une honetan ez baitiote errealitateari erantzuten».
gaztetxulo aldizkaria
«Euskarazko prentsa urtetik urtera diru gutxiago jasotzen ari da»
«Egoera kezkagarria dugu. Diru laguntza hauetan ez da igoerarik izan, nahiz eta proiektu gehiago izan. Horrek esan nahi du oro har guztiok diru gutxiago jasotzen ari garela; hau da, urtetik urtera euskarazko prentsa diru gutxiago jasotzen ari dela. Gure arloari dagokionez, kezka hori areagotu egiten da. Datuek argi eta garbi diotenez, gazteentzako argitalpenen jaitsiera handia izan da. Gu horrekin nahiko harrituta gaude. Izan ere, gazteen atala lehentasunezko arloa da Jaurlaritzaren Euskararen Biziberritze Plan Nagusian, baita gainerako planetan ere. Hala eta guztiz ere, guri dagokigun partidan izugarrizko jaitsiera izan da. Kezkagarria deritzogu, halaber, diru laguntzen berri azaroaren hasieran izatea».
euskal irratiak
«Diru laguntza publikoak ezin dira izan batetik kendu, bestetik jartzeko»
«Jaurlaritzaren diru laguntzarik ez bagenu, Euskal Irratiak Elkarterik ez genuke izango. Beste diru laguntzak etorri bitartean, diru iturri garrantzitsua izan da. Aurten iparraldeko Hitzarmen Berezitik diru laguntza gorakadarik izan ez denez, Jaurlaritzak diru laguntza gehigarri bat eman digu; beste deialdietako diru laguntzak, ordea, jaitsi egin dira. Hemengo diru laguntza publikoak ezin dira izan batetik kendu, bestetik jartzeko. Eta hori gertatzen ari da. Komunikabideen deialdian, beherakada nabarmena izan dugu. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza atalean iparraldeko deialdia deitzen dena sortu da, EAE kanpoko elkarteei diru laguntzak emateko. Hor diru laguntza berri bat lortu dugu; baina, diru hori iparraldeko botere publikoek emango zigutela uste genuen. Ez zigutenez ematen, ongi dator Jaurlaritzatik etortzea; baina, arazoa da, gero diru hori komunikabideen deialditik laurden bat kendu digutela».