Diruak ez du aberririk

Lehiakortasuna irabazi nahi duela argudiatuta, Volkswagenek plan bat aurkeztu berri du hitzartutako kaleratzeen bidez Alemaniako lanpostu guztien erdia baino gehiago murrizteko

joxerra senar
2006ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Volkswagen, edo herriaren kotxea, pixkanaka jaioterritik aldentzen ari da. 30eko hamarkadan Adolf Hitler boterean zenean Ferdinard Porschek ingeniariak Käfer edo kakalardo autoa asmatu zuenetik, VW beti egon da Alemaniari estu lotua. Amets alemaniarraren ikurra da, hango autogintzaren harrotasuna.Izan ere, negozioaren eta merkatuaren muinak Alemanian jarraitzen badu ere, pixkanaka talde barruan soldata onenak dituzten langile alemaniarren garrantzia arintzen ari da.

Aurreko astean85.000 lanpostu murrizteko plana iragarri zuen zuzendaritzak. Denak Alemanian. VWren arabera, kaleratzeok langileekin hitzartuta egingo lirateke. Eta Alemania mendebaldean zehar dituen sei lantokiko beharginek onartuko balute eskaintza, bakoitzak batez beste 250.000 eurotik gorako kalte-ordaina kobratuko luke. Amua bota die langileei: iraila baino lehen onartuz gero, 54.000 euro gehiago kobratuko dute; eta urte amaitu baino lehen bada,27.000 euroko gainsaria lukete.

Hilabete batzuk lehenago, taldeak aurreratu zuen hurrengo hiru urteetan 20.000 lanpostu kentzeko asmoa zuela. Ez zuen zehaztu non, baina gehienak Alemanian egingo lituzkeela zabaldu da. Hitzartuta egin edo ez, langileok kaleratuz gero, VWk bere jaioterrian lanpostuen erdia baino gehiago desagerraraziko luke. Eta hori guztia 2004ko azarotik etxean kaleratzerik ez egiteko konpromisoa duela. Debeku horrek 2011ko amaiera arte iraun beharko luke, baina agidanez, bere hitza jan nahi du.

Eta guztia zertarako? «Kostuak murriztu eta produkzioa ahalmena hobetzeko». Talde osoa (Volkswagenez gain, Audik, Seatek,Skodak eta Bentleykosatzen dute) kontuan hartuz gero, gehiago edo gutxiago, baina irabazi oparoak pilatu ditu azken bost urteetan; diru sarrerak ere nahiko egonkorrak ditu (95.000 milioi euro iaz), baina pixkanaka ere, munduko automobilen merkatuaren gaztatik zati txikia jan diote lehiakideek (ia %1).



ARRISKU HILGARRIRIK GABE. Etorkizun hurbilari begira, ez du hodeitzar handirik buru gainean. Apal bada ere, munduko automobilen salmentek gora egitea aurreikusten du, eta hori petrolioak eta altzairua garesti daudela eta interes tasak igo egingo direla. Epe luzera begira, berriz, «uneotan dagoen informazioa kontuan hartuta, taldearen izatea bera arriskuan jar dezaketen arriskurik ez dago».

Eta hala ere, Alemaniako enpleguen erdia baino gehiago murriztu nahi du. VWk argudiatzen du Alemania mendebaldeko lantokiek dirua galtzen dutela, eta, Toyotarekin alderatuta, produkzio ahalmena apalagoa dutela. «Argi eta garbi, kostuak murriztu behar ditugu», ondorioztatu du Klaus Dierkes Alemaniako VWren giza baliabideetako arduradunak.

Lan kostuetan atera nahi ditu guraizeak, nahiz eta lan kostuek ez duten osatzen taldearen gastuen zama handiena. Iaz, adibidez, materialek (lehengaiak eta osagaiak besteak beste) 62.620 milioi euroko kostua eragin zioten taldea osoari; pertsonal kostuek, aldiz, 14.644 milioi eurokoa.

Produktibitatea handitu eta lehiakorrago izateko helburuaren ondorioz, arazoak sortzen hasi zaizkio, baina. Nafarroako Landabenen urte eta erdi daramate lan hitzarmena adostu ezinda. Baina ez da gatazka bakarra. Iragan astean, Brasilgo hiru lantokietako 12.400 langileek 24 orduko greba egin zuten, VWk 5.700 langile kaleratu nahi dituela beldur direlako. Hego Afrikan ere lanuzteak egindituzte. Eta duela bospasei urte Mexikon greba handiak egin zituzten lan baldintzak hobetzeko.

Ekialdeko Europan eta Txinan jarriak ditu begiak VWk. Lehena etxetik gertuen duelako. Bigarrena, lankostu merkeez gain, bere bigarren merkatu handiena delako. <#000>Eta bitartean, lehiakortasunaren izenean, Alemaniaren garrantzia arindu nahi du. Diruak ez baitu aberririk. Baina ezin du ahaztu ere aberria duela lehen diru iturri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.