Disidentziak ertzetatik josten

'Mariburuari ekin bazterrean' jardunaldiak egin ditu EHGAM-Nafarroak Iruñean. Euskal Herri osoko eragile ugarik parte hartu dute. Harremanak estutzearen eta sare bat osatzearen beharraz aritu dira

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo Iruñeko Kondestablearen jauregian, EHGAMen jardunaldien karira. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Beharrak aztertu, esperientziak partekatu eta sareak josi. Helburu horiek ardatz hartuta, Mariburuari ekin bazterrean jardunaldiak egin ditu EHGAM-Nafarroa taldeak, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Euskal Herri osoko LGTBI talde eta eragileek parte hartu dute hitzaldi, mahai inguru eta tailerretan, bakoitzak bere esperientziak eta gogoetak azaldu eta, gainerako taldeekin batera, «aldarrikapen programa komun bat eraiki eta bidaideak izateko».

Jardunaldien izenari men eginez, bazterretan eraikitako diskurtsoak nagusi izan ziren atzoko saioan. Bi zatitan banatu zuten egitaraua: lehenengoan, LGTBIQ agenda baterako ekarpenak eta aldarrikapenak izenekoan, hainbat gogoeta eta aldarri egin zituzten parte hartzaileek, programa bateratu bat osatze aldera. Bigarren zatian, berriz, hizpide izan zituzten Euskal Herrian abian diren aktibismo molde eta antolaketa era anitz.

Lehen mahai inguruan, «landa eremuko LGTBIQ+ errealitate periferiko eta deszentralizatuez» hitz egin zuten Tuterako (Nafarroa) Kukuluak taldeko kideek; Gasteizko Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako taldearen historia azaldu zuen Amets Martinez de Herediak; eta «amatasun bi-bolloen» nondik norakoak aipagai izan zituen Udane Hermosilla gizarte hezitzaile eta berdintasun teknikariak.

Tarte horri bukaera emateko, LGTBI pertsona migratzaile eta errefuxiatuek sufritzen duten «bazterketa isila» eta «indarkeria sinbolikoa» hizpide izan zituen Jared Andino ekintzaileak. Salatu zuen pertsona horiek «bazterketa bikoitza» sufritzen dutela, «edo hirukoitza, LGTBI+ eta migratzaile izateaz gain, arrazializatuak ere baldin badira». Adibide bat jarri zuen: «Bere sexu joeragatik jazarria izan den iheslari bat hona iristen denean, administrazioek harrera etxe batera bidaltzen dute, eta, batzuetan, han elkartzen dute jarrera LGTBIfoboak dituzten beste pertsona batzuekin. Horrek areagotu egiten du pertsona horren sufrimendua». Halakoei konponbidea ematera premiatu zituen erakunde publikoak.

'Francis'-en heriotza

Jardunaldien bigarren zatian, konplizitateak eta zehar´lerroak eraikitzearen beharraz mintzatu ziren hizlariak. Imanol Miner hizkuntza teknikari eta ekintzaile errenteriarrak, adibidez, mugimendu sozialen arteko elkarlana izan zuen hizpide, eta gogora ekarri zuen Francisen hilketa: «1979ko ekainaren 10ean, kaleko jantzita zihoan polizia batek hil zuen Vicente Badillo Santamaria, Francis goitizeneko trabestia, eta hilketa horrek ekarri zuen plazara atera beharra». Minerrek azaldu zuenez, protestetan bat egin zuten langileen eskubideen aldeko elkarteek, talde feministek eta bi urte lehenago sortutako EHGAM elkarteko lehen kideek ere —oraindik legez kanpokoa zen mugimendua—. «Mugarri bat izan zen hura Euskal Herriko sexu askapenaren aldeko borrokan ari zirenentzat. Aldeak alde, gure Stonewall txikia izan zen», gogoratu du.

Francisen hilketak piztutako sua hein batean apaldu zen hurrengo hogei urteetan, baina ez zen itzali. Minerren arabera, «erreferente ugari» sortu ziren urte horietan guztietan, 1970eko hamarkadako aitzindariei segika. Horri esker, gaur egun ere, joria da mugimendu sozialen arteko harremana: «2014an, Neguko Olinpiar Jokoak egin zituzten Sotxin (Errusia), eta oihartzun mediatiko handia izan zuen zebra bideak LGTBI banderaren koloreekin margotzeko ekintza batek. Bada, Errenterian (Gipuzkoa), euskararen eta herrigintzaren esparruan aritzen zen eragile batek esan zigun 'hau hemen ere egin behar diagu'». Horrela sortu zen Francisen omenez Errenteriako zebra bideak kolorez margotzeko usadioa. «Urtero, sexu askapenaren aldeko mugimenduaz gain, auzo elkarteetako eta beste hainbat esparrutako jendea batu zen ekinaldi horretara. Bizilagun askok gogoan zuten Francisekin gertatutakoa, eta 1979an homosexualitatea eta gaytasuna oso urrun ikusten zuten horietako asko ere batu ziren aldarrikapenera», esan zuen Minerrek.

'Maritxu' hitza aldarri

Errenteriako esperientzia aditu ostean, Zizur Nagusiko (Nafarroa) Marikaroa mugimenduaren berri eman zuen Ander izeneko ekintzaileak —ez zuen abizenik eman nahi izan—. Haren esanetan, «sexu aniztasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea helburu duen kolektiboa» da Marikaroa. 2021etik, gainera, ekitaldi politiko eta kultural sorta antolatzen dute herrian, «sexu eta genero disidentzien berri emateko». Kolektiboaren izenak eta maritxu hitzaren erabilerak hautsak harrotu zituen Zizur Nagusiko udalbatzako zenbait zinegotziren artean, baina, Anderren ustez, polemika horrek «aukera paregabea» eman zien hitz horien erabilera aldarrikatzeko: «Guk asmo osoz erabiltzen ditugu maritxu eta marika hitzak, baina desfase handia dago hitz horien pertzepzioan: nola ikusten dugun guk eta nola ikusten duen gizarteak».

Marikaroa kolektiboko kideak azaldu zuen maritxu hitza historikoki erabili dela «eredu kanonikotik ateratzen ziren gizonezkoak iraintzeko, emakumezkoen ezaugarriak zituztelakoan», eta horrexegatik, «zentzu politikoa» duela LGTBI kolektiboak hura bereganatzea: «Marika edo maritxu hitzen atzean dagoena, funtsean, matxismoa da, gizarteak onargarri duenaren eremua markatzen duelako; baina iraina gure egitean, hitzaren esanahia irauli eta harrotasunez erakusten dugu aurpegiratu nahi diguten horixe».

Hitzak hiztunek erabiltzen dituztela, eta horien jatorrizko esanahia gainditzera animatu zituen parte hartzaileak, «deserosoa dena eta onargarritzat jotzen ez dena aldarrikatzeko».

Zaintza eta antipunitibismoa

Solasaldi sortari amaiera emateko, EHGAMen Kotoi taldearen egitekoa aurkeztu zuten atzoko jardunaldietan. Mugimenduaren barruan dauden taldeen zaintzaz arduratzen da talde hori eta, besteak beste, militantzia eredu ezberdinen artean sor daitezkeen talkak eta ezinegonak konpontzeko zeregina du: «Komunikazioa lehentasuna da gure jardunean, bai kanpora begira, bai etxe barruko taldeen artean ere».

Hitzaldien ostean, hiru tailer eskaini zituzten arratsaldez: Punitibismoaren aurkako hausnarketak, gorputz ez heteronormatiboen kontrako indarkeriei heltzeko izenekoa, Salhaketa elkarteko Libertad Francesen eskutik; Drag experience: queer artea eta identitatea, Albina Stardustek emana; eta azkenik, Ene munstroa: desira maritxuaren itzala, Abel Huete eta Xabi Sanchez Goronaeta hizlari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.