Euskararen hauspo berria izeneko elkarrizketa sorta argitaratuko du BERRIAk aste honetan eta hurrengoan. Guztira 11 aditu elkarrizketatu ditu: Iñaki Martinez de Luna, Aines Dufau, Pello Jauregi, Olatz Altuna, Mikel Zalbide, Esti Amorrortu, Joxe Manuel Odriozola, Itziar Idiazabal, Jon Sarasua, Paula Kasares eta Kike Amonarriz.
Iñaki Martinez de Lunarekin zabaldu da sorta. Sektore gehiago nola erakarri euskarara, urruntzea nola saihestu, beste paradigma batera jauzi egiteko garaia heldu dela sinetsita dago Iñaki Martinez de Luna soziolinguista (Gasteiz, 1950). EHUko irakasle da, eta ikerketan daramatza urteak. Abertzale ez diren sektoreak nola hurbildu, muga nola gainditu, horrekin du kezka.
Aldaketa eske ari zara. Unea da?
Bistan da orain arteko diskurtso nagusia baliotsua izan dela denbora luzean, eta, seguru asko, euskararen alde egin diren gauza gehien-gehienak horren izenean egin direla. Oso ekarpen garrantzitsua egin du orain arteko diskurtsoak. Baina diskurtsoen egokitasuna lotuta doa gizartearen izaerari edo momentuko baldintzei. Denbora luzean euskararen sustapenaren eta normalkuntzaren oinarriak jarri dituen diskurtsoak gainditu ezinezko muga batzuekin topo egin du. Orain arteko diskurtso nagusiak oinarri izan du abertzaletasuna, eta iristen den lekuraino iristen da abertzaletasuna. Ez gizarte honetako arlo, sektore eta sentsibilitate guztiengana. Hor dago gakoa. Orain arteko diskurtsoak balio izan du, balio du eta balioko du abertzale sentitzen garenontzat. Baina sentitzen ez direnentzat? Gainera, diskurtso hori arerio politikoaren armatzat hartzen dute. Euskara bera ere bai.
Kontua da nola erakarri diskurtso horrekin bat egiten ez duten sektoreak. Horretarako, beste planteamendu bat egin behar da. Diskurtso berri baten funtzioa ez da orain artekoa ordezkatzea, baizik eta osatzea. Marketin ikuspegi batetik erabiltzea. Merkatuko sektore jakin bakoitzari dituen premiak asetzeko eskaintza egiten dio marketinak. Hori da. Sektore abertzalearen premia ase daiteke orain arteko diskurtsoarekin, baina beste hainbat sektoretarako ez du balio. Horretarako behar da diskurtso berri bat.
Eta nondik sortu behar da?
Euskalgintza, intelektualak... Berdin zait. Historikoki prozedurak oso diferenteak izan dira. Beste sektoreak erakartzeko ahalegina egin behar da. Parametroak zein izan daitezkeen, badaude nazioarteko aukera batzuk. Nazioarteko izateak balio erantsia ematen dio planteamenduari: hizkuntzen ekologia, hizkuntza guztiak garrantzitsuak direla, aniztasuna... Horrek nazioartean badu oihartzuna, zergatik ez erabili hemen? Egia da, hala ere, lekuan lekuko egokitzapenak behar dituela.
"Diskurtso aldarrikatzaile" esaten diozu orain arteko nagusiari. Bada, ordea, beste diskurtso bat, "uzkurra" esaten diozuna.
Aldarrikatzailearen aurrean muturra okertu duen diskurtsoa da. Diskurtso aldarrikatzaile hori nola abertzaletasunaren izenean defendatu izan den gehienbat, hortik dator; ez diskurtsoagatik beragatik, baizik eta batzuen ahotan jarri delako. Hortik etorri da mutur okertzea, buelta eman nahi izatea. Diskurtso aldarrikatzailean sartuta ibili diren eta dabiltzan pertsona guztiak ez dira abertzale sentitzen. Baina abertzaletasunaren kutsua darama atxikita, eta abertzaletasunak diskurtso horretaz egiten duen erabilera politikoa.
Uzkur dauden horiek erakartzeko ardura aldarrikatzaileena da?
Dena konplikatu behar da. Kasu askotan, ez da erakartzeko, baizik eta neutralizatzeko, besterik gabe. Inposizioa, erabilera interesatua, erabilera alderdikoia eta horrelakoak leporatzen direnean, esan behar da hizkuntza guztiak direla zilegi, aniztasuna ona dela, eta ezin direla alde batera utzi euskara eta haren iraunkortasuna. Kontsekuenteak izan gaitezen. Nola onartu kanpoko aberastasuna bertakoari uko eginez? Diskurtso uzkurra kontraesanetan jartzeko balio dezake planteamendu berri batek.
Euskal nazioarekin, Euskal Herri independentearekin lotzen dute euskara askok. Traba da beste sektore horiek erakartzeko?
Mailak bereizi behar dira. Nazio-estatu baten izenean joanez gero, abertzale sentitzen ez direnek ezetz esango dute. Beste gauza bat da komunitate etnokultural bezala-edo planteatzea, parametro politikoetara eraman gabe; orduan onar dezakete, eta, de facto, onartzen da giro batzuetan. Baina segun diskurtso aldarrikatzailearen definizioa zein den. Estatu bat, nazio bat, hizkuntza bat defendatzen bada, ezetz esaten dizute.
Hori alde batera utzi behar da?
Planteamendu horiekin identifikatzen denak ez du zertan baztertu. Planteamendu horiek balio izan dute. Niretzat balio izan dute euskarara hurbiltzeko. Balio dute euskararen alde egiteko. Baina ulertzen dut sektore guztientzat ez dela balekoa. Euskarak orain arteko hesiak gainditu behar ditu. Euskara bihurtzen ez bada gizarte honen ezinbesteko osagaietako bat, etorkizuna oso estu izango du. Horizontea zabaltzeko ahaleginetan, behar da diskurtso mailan orain dauden hesiak gainditu ahal izatea. Horregatik sortu behar da diskurtso berria. Ez da ukatzeko orain arte egon dena, baizik eta osatzeko, sektore berrietara iritsi ahal izateko.
Euskara "despolitizatu" eta lehia politikotik atera behar da?
Gauza diferenteak dira. Gauza bat da maila diskurtsiboan despolitizatzea. Sektore abertzaleentzat politizatua badago, nik ez dut arazorik ikusten; baina politizatua bada sektore ez-abertzaleentzat, orduan bai, zeren da abertzaleen eskuetan dagoen arma bat. Beste gauza bat da alderdien arteko jokoa. Gaur egun euskarak duen premia nagusietako bat da eztabaida alderdikoietatik ateratzea. Denok dakigu ohiko politika nolakoa den: alderdiek beren esparru propioa markatu eta defendatu behar dute, eta, horretarako, beste alderdien kontra egin behar dute, ezinbestez. Alderdi batek zerbaiten alde egiten duenean, besteek kontra jartzeko premia eta aitzakia ederra daukate. Berdin zaie hizkuntza izan edo zer izan. Eta hizkuntza bada, zer gertatzen da? Hizkuntza geratzen dela bakarrik alderdi batzuen bandera bezala; ez guztiena bezala.
Maila politikoan ere lortu behar da aldekotasun zabal bat. Zenbait alderdirekiko, planteamendu ez-polizitazuetan planteatu behar da, ezinezkoa bailitzateke paramentro politizatuetan denok bat etortzea. Horregatik egon behar da alderdien arteko ika-mikatik aparte, gainetik. Alderdi gehienek adostu dezaten euskararen alde egin behar dela, euskara sustatu eta salbatu nahi bada. Bestela, zaila dauka euskarak. Nola lortu adostasun politiko zabal hori? Klabe politiko hutsetatik aparte, diskurtso zabalago batekin osatuz.
Momentu honetan posible ikusten duzu gutxieneko hori adostea?
Hor inportantea da euskalgintzaren dinamika, pisua, ahalegina, ekarpena. Euskalgintza zabalagoa da edozein alderdiren parametroak baino. Egon daitezke kolore batekoak pisu gehiagorekin, baina euskalgintza zabalagoa da. Euskalgintzak, gainera, ez ditu alderdien sistema politikoaren trabak. Oztopo pisutsuak dira horiek: alderdi bateko kide bazara, zurea defendatu behar duzu, eta ez zurea bakarrik; zure esparru hori zaindu eta babestu behar duzu. Hortik datoz sistema politikoaren ika-mika batzuk. Euskalgintza hortik aparte dago. Euskalgintzak ez du inongo alderdiren defentsan egon behar; euskararen defentsan egon behar du. Ezar ditzake baldintza eta paramentro batzuk, alderdien gehiengo nagusi batek onar ditzan —ez alderdi guztiek; hori ezinezkoa da—. Neurri handi batean, euskalgintzak markatu behar du hori. Hainbat gauza ika-mika politikoaren gainetik jarri behar dira, gizartearen onerako.
Kontzeptuekin ere baduzu kezka: euskara berreskuratu ez, irabazi egin behar dela uste duzu.
Euskal Herriko hainbat eremutan lasai asko esango dizute: “Aquí nunca se ha hablado euskera”. Gezurra bada ere. Baina norberaren memoria, gizartearen memoria, oso motza da. Aiton-amonek ez bazuten ezagutzen, “aquí nunca se ha hablado”. Berreskuratzeak ez du zentzurik orduan. Zer berreskuratu, hemen ez bada izan? Jar gaitezen etorkinen lekuan ere. Zer berreskuratu? Euskara ez zaie galdu. Egokitze batzuk beharrezkoak dira terminologian. Berreskuratze horrek ez du saltzen. Pertsona batzuengana terminologia horretan hurbiltzeak ez du zentzurik; ez die ezer esaten. Marketin ikuspegia; sektore batzuei zer terminologia egiten zaie egoki, erakargarri, ulergarri? Egokitzea beharrezkoa da.
Behar adinako ahalegina egin da etorkinekin?
Ez gara saiatu behar beste. Etorkinak oso pragmatikoak dira: haien premia da harrera gizartean integratzea eta leku duina eskuratzea. Hizkuntza batek hori ematen badie, hizkuntza horren alde egingo dute. Ikusten badute bertakoek ez dutela ahaleginik egin, gizartean hainbat eremutan horren premiarik egunerokoan ez dagoela, zertarako? Bizitza nahiko konplikatua dute. Beste gauza bat da haiei erakustea euskararekin hainbat ate zabalik aurkituko dituztela, euskararik gabe horren erraz zabalduko ez zaizkienak. Horretarako, sentsibleak gara euskaldunok. Kanpoko pertsona batek euskararen alde ahalegin berezia egiten duela ikusten dugunean, ateak eta bihotza zabaltzen dizkiogu. Integratzeko balio izan dezake. Gakoetako bat izan beharko litzateke etorkinen aldeko erakundeekin lan egitea. Sentsibilizazio lana egitea, euskarak etorkinei begira zer ekarpen egin lezakeen ondo azaltzeko. Erakunde horiek dira etorkinen aurrean sinesgarritasun handiena dutenak.
Iritzi publikoa irabazita dago?
Ez. Iritzi publikoa irabaziago zegoen trantsizio garaian. Erraza zen: Francok debekatutako hizkuntza zen. Hainbat sektorerentzat deskubrimendua izan zen euskara. Ohikoa zen: “Euskaraz badakizu? Hori zortea hori!”. Gaur egun ea zenbat jendek esaten duen hori. Gainera, bide honetan, hainbat gauza ondo egin diren bezala, erresistentzia bat agertzen joan da euskarara hurbildu ez direnen aldetik. Askotan, abertzale sentitzen direnengan ere sortu dira diskurtso horiek. Bidegurutze batean daude hainbat sektore: bihotzarekin euskararen alde, baina egunerokoan eta maila praktikoan, euskara deserosotasun, zailtasun edo muga bihurtzen zaien neurrian, orduan euskararen kontra ez, baina euskararen aldeko neurrien aurka daude. Azken finean, euskari bai, baina aho txikiarekin. Neurriekin dira kexak; ez euskararekin. Perbertsio bat badago planteamendu horietan.
Marketina aipatu duzu hainbat aldiz. Ondo saltzen da euskara?
BERRIAren kasuan, adibidez, gehienbat azpimarratu izan dira puntu kezkagarria duten albisteak. Seguru asko, oso intentzio sanoarekin: euskaldunak kezkarazteko, mobilizatzeko. Kontua da mezu horiek zenbateraino lortzen duten ustezko helburu hori, edo hainbat urtetan euskararen alde egin dutenak frustratzen ote dituen. Mezua zenbateraino da mobilizagarri edo frustragarri? Niri gertatu izan zait euskaltzale elkarteek antolatutako hitzaldietan eta. Halakoetara joaten direnak euskaltzaleak dira, kezkatuak, mobilizatzen direnak. Sentsazio oso kezkagarria dago hainbat sektore euskaltzaletan. Badaude jendea animatzeko moduak: arazo asko daude, izugarri falta da, baina asko ari gara egiten. Lagunartean, lehengoan: “Euskaraz hainbat gauzatan zeroan gaude”. Ez, ez. Zeroan ez gaude. Bidea ari gara egiten. Oso inportantea da perspektiba pixka bat izatea. Nondik gatozen eta nora goazen. Jende gaztearen artean perspektiba hori ez dago, eta oso sentsibleak izan daitezke frustraziorako.