25 urte bete dira euskal presoen urruntze sistematikoa ezartzea erabaki zenetik, eta ordutik, euskal gizartearen zati handi batek pairatu du neurriaren eragina. Egun ere, milaka herritarrei erabat baldintzatzen die bizitza haien hurkoen sakabanaketak. Horietako lauen bizipenak jaso ditu BERRIA-k.
FERNANDO MUJIKA(Ander eta Julen Mujika presoen aita)
«Semeak psikologikoki zigortu nahi dituzte gure bitartez»
61 urte eta bi seme ditu Fernando Mujikak; biak, Frantzian preso: Ander Montpelier inguruko Becierres kartzelan, eta Julen Toulousen. Bizia erabat baldintzatu dio urruntzeak. Ostiralean lanetik 15:00etan atera, eta jarraian hartzen du autoa, hileko hiru ostiraletan. Jarraian egiten du bidaia emaztearekin. Dena ondo badoa, 23:00ak aldera helmugara iristen den arte ez da geratzen. Autobideko ordainlekuak baliatzen ditu gidatze lana emaztearekin txandakatzeko. «Bestela gauerdia pasatuta edo goizaldeko ordubietan iritsiko ginateke, eta 6:30erako altxatu behar dugu bisitarako».
Zortzi urte darama Frantziarako bidaia etengabeetan, seme gazteena atxilotu zutenetik. Ander lehen lau urteetan Paris ondoan izan zutenez, trenez edo hegazkinez egin zitzakeen bidaiak. Moulinsera eraman zuten, ordea, ondoren. Urrutiago gero, Ginebra ondoan dagoen Bourg En Bressera; etxetik 870 kilometrora. Autoz egin behar zituen halabeharrez bidaiak. Baita duela hilabete eta erditik Montpelier ondoko Becierres kartzelara joateko ere.
Oso lagun gutxiri eman diote Ander ikusteko baimena; lau laguni eta senide batzuei. Horrek asko zailtzen du asteroko bisita ziurtatzea, eta, hori dela eta, bi astetik behin joaten dira gurasoak.
Autoz joaten dira Toulousera ere, beste semea ikustera. Hilean behin, Juleni lagun gehiagoren bisitak baimendu dizkiotelako. Hortaz, hilero asteburu bakarra izaten dute bidaiarik gabe.
Bourg En Bressekoak egin zaizkio gogorrenak aitari. «Bi egunetan bi mila kilometro egitera behartu naute; asteburuko 400 eurotik gora xahutzera». Zailena negua dela dio. «Hotza, elurra, euria eta lainoa izaten da, ia beti». Zero azpitik hamar gradurekin, izoztutako errepideetan egin du bidaia; gatza botatzeko kamioiaren atzetik joana da, orduko 20 kilometroko abiaduran, 200 kilometrotan.
Semeekin egoteko aukera izatearekin konformatzen da, hala ere. Sakabanaketa erabaki politikoa dela argi du, eta helburua ere bai: «Gure semeak psikologikoki zigortu nahi dituzte; semeen kontra egin nahi dute, gure bitartez».
IÑAKI GABILONDO (Alicia Saez de la Cuesta presoaren bikotekidea eta bere bi alaben aita)
«Urruntasunak bizi erritmoa apurtzen duela da gogorrena»
Sakabanaketak dakarrena ondo ezagutzen du; presoak urruntzeak senideei eta, batez ere, seme- alabei eragiten diena. Baina «pribilegiatutzat» du bere burua. Zorionekoa, bikotekide eta bere bi alaben ama Logroñon dutelako. «Madrildik behera beste kontu bat da».
13 urte darama bikotekideak preso. Espetxean jaiotako bi alaba dituzte, 9 eta 4 urtekoak. Lehen hiru urteak espetxean egin dituzte alabek ere, Aranjuezen. Duela urtebetera arte hilean hiru asteburutan joaten zen bisitetara, bikotekidearekin egotera, eta, are garrantzitsuagoa zena, alaba nagusia amarengana eraman eta txikia espetxetik ateratzera. 3 urte izan arte, alabak kartzelan bizi izan dira, eta asteburuetan kalera ateratzen zituen aitak.
«Txikiekin» bidaiak «zailak» direla dio, eta gehien kostatzen dena «erritmo horretara egokitzea» dela, ezinbesteko presa eta tentsiora. Gainera, aurrez aurreko bisitak ostegunetan eta astelehenetan ezarriak zituzten Aranjuezen. Lanegunak eta eskola-egunak galtzea esan nahi du horrek; bizimodua haustea. Halako beharretara egokituko den lanpostua lortzea ez da erraza. Alabek amarekin egoteko premia dute, baina baita eskolara joatekoa ere. Eta nagusiak inoiz esan dio beti klase berak galdu behar dituela. «Gogorra da».
Etxetik gertuko espetxera joan behar izatekotan, bestelakoa da egoera. «Bisitetara joan arren bizitza erdi-normala egitea» ahalbidetzen duela dio. Hori frogatu du bikotekidea Logroñora gerturatu dutenetik. «Ez du zerikusirik», dio, «pribilegiatua» dela sentitzen duela aitortuta. Urruntasunak «bizitza erritmoa apurtu» egiten duela azaldu du. «Ezin duzu ohiko bizimodu arrunt bat jarraitu». Hori da, haren ustez, gogorrena.
Egoerak asko kendu badio ere, eman dionari erreparatzen dio, halere. Eta esker oneko dago. Ingurukoek ematen dioten laguntza aipatzean hunkitu egiten da. Familiak ekonomikoki laguntzen du. Gainontzean, mota guztietako laguntza herritarren artean aurkitzen du. Leintz Gatzagan bizi da, eta azaldu du herria «familia handi baten moduan» duela. Guztiek laguntzen dutela. «Batek auto-karabana uzten digu udaran, besteak afaria prestatzen digu bidaiatik etortzen garenerako...». Bisitetara bakarrik doanean ere, lagunen etxean geratzen dira alabak, «familia handian».
MAIDER ALUSTIZA (Jon Enparantzaren emaztea eta haren bost seme-alaben ama)
«Ezin izan gara familia guztia elkarrekin oraindik egon»
Bost seme-alaba ditu Jon Enparantzarekin: 14, 10 eta 8 urteko bana, eta 6 urteko bikiak. Segovian dute preso aita, urtarrilean atxilotu zutenetik. Aurrez, beste urtebetez izan zuten preso, eta zazpi espetxetatik igaroa da. Edonorako bidaiak prestatzen «aditua» bihurtu dela dio emazteak: «Bidaia agentzia bat zabaldu dezaket».
Astebururo mila kilometro bost seme-alaben ama izanda egin beharrak etengabeko gorabeheratan murgiltzera behartu du Alustiza. «Denetarik frogatu dut: hegazkina, trena, autobusa, autoa». Gehienetan, ordea, herrietatik urruti daude espetxeak; autoz joan beharreko lekuetan. Zailtasunak areagotu egiten ditu, beraz, garraio publikoaren aukerak.
Baina seme-alabak zorabiatu egiten dira. Bidaiak autoan egiten dituztenean, botaka aritzen dira «bata ez bada bestea». Egun, tartekatu egiten du garraioa: trenez edo autoz joaten dira Segoviara. Larunbat goizetan izaten dute han hitzordua. Bezperan abiatzen dira batzuetan, larunbateko 05:00etan besteetan. Lehertuta iristen dira haurrak. «Oso urduri» egoten dira, eta bidaian ez dute lorik egiten. Gertatu zaie hilean behin duten aurrez aurreko bisitara sartu orduko seko geratu, eta haurrek bisita osoa lo ematea.
Izan ere, tentsioa ez da bidaian amaitzen Alustizaren hitzetan. Orain arte, espetxezainen jarrera bereziki bortitza jasan behar izan du. «Goitik behera biluztu ezean haurrak bisitarik gabe geratuko direla esan didate eta baimena idatziz izan arren bost seme-alabatik bi kanpoan uztera behartu naute. Nor aukeratu? Zer esan?».
Bere kexa nagusia zentzu horretan egin du, ukatuta baitute bost seme-alabek aita elkarrekin bisitatzeko eskaera. Gehiegi direla diote. Banatu egin behar direla. Ondorioz, bi hilean behin besterik ezin dira egon aitarekin. Hiru seme-alaba joaten dira amarekin hil batean, eta beste biak hurrengoan. Horixe da gogorren egiten zaiena. «Familia biltzea inportantea da, eta ezin izan gara guztiok elkarrekin oraindik egon».
Babesari dagokionez, familiak laguntzen du diruz eta bidaietan. Lagunen laguntza ere badu: bisitara bakarrik doanean, bost lagunen bost etxetan banatzen ditu haurrak. «Zazpi poltsa prestatzen ditut; ume bakoitzarena, nirea eta Jonen paketea». Astebururo joan da Segoviara orain arte, lagunek ez zutelako baimenik.
JOSE RAMON ARKAUZ (Josu eta Kepa Arkauz presoen anaia eta aita, hurrenez hurren)
«Gurasoek eta anaiak soilik dugu semea bisitatzeko aukera; txandaka joaten gara»
Frantziarako joan-etorriak duela 23 urte ezagutu zituen, Josu Arkauz anaia atxilotu zutenean. Sei urtez izan zuten Paris inguruko kartzeletan, eta askatuko zutela uste zutenean, Espainiaren esku utzi, atxilotu, modu basatian torturatu, eta berriz espetxeratu zuten. Madrilen, Cadizen eta Galizan izan dute, besteak beste, ordutik. Egun Murtziako kartzelan dute, etxetik 900 bat kilometrora. Kepa semea, iaz atxilotu zuten Frantzian, eta Villapinten dute. «Gauzak konpontze aldera joango zirela zirudienean, berriz istorio bera errepikatzen ari da».
Luzea da Murtziarako bidaia, baina alde ona aipatzen du 60 urteko arrasatearrak: hamabostean behin Mirentxin furgoneta dago; senideei bidaiak arintzeko, boluntario talde batek furgonetetan eramaten ditu bisitariak. Anaiaren neska-lagunak eta lagunek bisita asko egiten dituzte, gainera. «Eskerrak horri».
Semearen egoera okerragoa da. Hiru pertsonak soilik dute presoa ikusteko baimena: amak, aitak eta anaiak. Txandakatu egiten dira, ezinbestean, eta hilean behin joaten da bakoitza Frantziako espetxera, bakarrik.
«Sakabanaketak bizitza baldintzatzen dizu», dio. «Aste osoa ematen duzu bidaian pentsatzen: euria, lainoa edo elurra ote den». Helburua «iristea» dela azaltzen du. «Edozer gertatzen bada, ez zara iritsiko». Eta, kexu da tentsio hori, bai senideak bai presoak estutzeko baliatzen dutela. «Baina familiak beti egongo gara hor; ez ditugu utziko».