MEMORIA HISTORIKOA

DNA banku bat sortuko dute Nafarroan 36ko gorpuzkiak identifikatzeko

Exhumazioetan lortutako gorpuzkiak identifikatzeko bidea jarri nahi du gobernuak horrela. Bestalde, astelehenean hasiko dira laureada kentzen.

Apirilean, hamasei gorpuren arrastoak topatu zituzten Olaben. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko irailaren 23a
11:09
Entzun

Memoria historikoarekin lotutako pisuzko bi erabaki hartu ditu Nafarroako Gobernuak. Batetik, jakinarazi du DNA banku bat sortuko duela 36ko gerran desagerrarazitako pertsonen gorpuzkiak aurkitzen dituztenean horiek identifikatu ahal izateko. Desagerrarazi zituztenen seme-alabei hartuko dizkiete DNA laginak, eta gorpuzkiak atera ahala identifikatu nahi dituzte. Ana Ollo kontseilariak gogorarazi du adinean aurrera joanak direla desagertuen seme-alabak, eta komenigarria dela DNA laginak berehala hartzea. Seme-alabarik gabe hil zirenen kasuan edo seme-alabak hilda daudenean, banaka aztertuko dituzte kasuak, lagina zein senideri hartu erabakitzeko

Exhumazioetan aurrerapausoak ematen ari dira Nafarroan. 31 hilotzen arrastoak topatu dituzte aurten: hamasei Olaben, zortzi Otsoportillon, lau Gaztelun eta hiru Usetxin.

Beste pisuzko erabakia foru jauregiko laureadari dagokio. Astelehenean hasiko dira kentzeko lanak. Panel batzuk jarriko dituzte zergatik kenduko duten azaltzeko. "Ez dugu historia aldatu nahi. Baina kontuan izan behar da biktimentzat erasoa direla ikur batzuk". Alvaro Baraibar Bake eta Bizikidetza zuzendariak adierazi du "indarkeriaren gorazarrea" dela laureada hori. Kendu egingo dute, eta jarri aurretik zegoen bezala utziko dute jauregia.

Ikur gehiago kentzeko bidea ere martxan dute. Hainbat herritatik informazioa jaso dute, ikur frankistak dauzkatela. Urriaren bigarren erdirako espero dute zentsua egina edukitzea. Kentzeko prozesua hasiko dute orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.