COVID-19aren ondorioz hildakoen heriotzarengatik dolua erakusteko ekitaldiak izan dira. Oroimena eta begirunea ezinbestekoak dira tamaina honetako tragedien aurrean. 350.000 pertsona baino gehiago hil dira munduan koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Euskal Herrian, 2.000 baino gehiago, erakundeek zenbatutako heriotza datuen arabera. Hildakoen oroimenak dolu keinu batzuk baino harago joan beharko luke erakundeen aldetik. Lehenik, tragediaren azterketa kritiko bat, bidean izandako hutsuneak eta akatsak atzemateko, bederen berriro ez errepikatzeko, beste era batera eta azkarrago jokatuta hainbat heriotza ekidin zitezkeelako ustea sendoa baita. Bigarrenik, izurriaren garaian izandako heriotza guztien gainean argitasuna jarriz, esperotakoaren gainetik izan diren heriotzak COVID-19arekin ofizialki lotutakoak baino askoz gehiago direlako.
Zazpi hildako. Gaur ere, atzo eta herenegun bezala, zazpi hildako zenbatu dira Euskal Herrian. Nafarroan bat, eta EAEn sei. Orain ez dago jakiterik EAEko hildakoak zein lurraldetan izan diren, Eusko Jaurlaritzak ez duelako datu hori zehazten, hasieratik duela egun batzuetara arte egiten bazuen ere. Gaurko hildakoekin, 2.034 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta, datu ofizialen arabera. Azken orduetan beste hemeretzi COVID-19 kasu baieztatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak PCR proben bidez. Hamar Bizkaian, zazpi Nafarroan eta bi Araban. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak bederatzi ospitaleratzeren berri eman du.
Suspertze planen norabidea. Osasun larrialdiak hobera egin duen heinean, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurrien protagonismoa handituz doa. Europako Batzordeak suspertze plana aurkeztu du. 500.000 milioi euro laguntza zuzenak izango dira, eta beste 250.000, maileguak. Baldintzarik gabeko laguntzak izango dira, baina jasotzen duten herrialdeek agindu beharko dute "ekonomia modernizatzera" bideratuko dutela.
Ekonomia suspertzeko laguntzak aipatzen direnean, berehala agertzen dira auto industriarekin lotutakoak. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak plan bat iragarri zuen atzo, auto berrien erosketa laguntzeko. Erabat elektrikoak diren autoek laguntza handiagoa izango dute. Eusko Jaurlaritzak Renove programa batzuk iragarri ditu: etxetresna elektrikoak berritzeko, leihoak berritzeko, ibilgailua aldatzeko...
Espainiako Gobernuak onartu berri du bizitzeko gutxieneko dira sarrera sortzea. Diru sarrera hori bateragarria izango da gaur egun Hego Euskal Herrian banatzen diren gutxienekin errentekin. Gainera, EAJk azaldu duenez, diru sarrera horren transferentzia lortu du Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat, haren kudeaketaz ardura daitezen.
Agian honek ere merezi du
Bio zigilua. Zenbateko osasuna du bio esparruak Euskal Herrian? Galdera horri erantzunez saiatu da Xabier Martin kazetaria, biozientziaren esparruan diharduten enpresei begira jarrita. Bio zigiluak balio erantsia du une hauetan. Hainbat enpresa sendo azaltzen ari dira eta COVID-19aren aurkako borrokan parte hartzen ari dira azken hilabeteotan, batzuk zeharka, beste batzuk zuzenean. Biozientziaren esparruko 70 enpresa biltzen duen Basque Health Clusterraren ustez, I+G sendo bat behar dute, eta horretarako "laguntza iraunkorra". Inbertsio publiko eta pribatu gehiago, eta elkarlan estua ikerketa zentroekin, unibertsitateekin eta osasun sistemarekin.
50. termometroa. Konfinamenduaren kaierak 50. kapitulua bete du gaur. Egunez egun bost pertsonen bizipenak biltzen ari da Amagoia Gurrutxaga kazetaria. Bost bizitza, bost ikuskera, egunez egun kontatuta. Baserritarrak traktorearekin eta esnearekin izandako arazoak izan ditu hizpide. Erizainak bezperan izandako lan ugaria eta txarangako entseguekin hasteko gogoa. Unibertsitate ikaslea bost haurren zaintzaile aritu da. Autobus gidaria txanponak behin-betiko alde batera uztearen alde mintzo da. Etxeko zaintzaileak hobeto du orkatila, eta indigenen egoera du gogoan.
Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.