Donibane Garaziko herriko etxea okupatu dute Okzitaniako autobide proiektu bat salatzeko

Okzitanian A69 autobidea egin nahi dute, Tolosa eta Castres hiriak lotzeko. Proiektu horren kontra, gose eta egarri greban dira dozena bat lagun, eta haienganako elkartasunez egin du ekintza Herribiltza kolektiboak. Ostiralera arte autobidea egiteko obrak bertan behera utzi dituzte Okzitania eta Tarn eskualdeko prefeturek.

'Lurra defendatzea ez da krimen bat' dioen pankarta bat, Lurraren Altxamenduen protesta batean, Parisen. MOHAMMED BADRA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko urriaren 10a
11:48
Entzun

Donibane Garaziko herriko etxea okupatu dute Herribiltzako bi kidek, Parisen gertatzen ari den gose eta egarri greba baten sostenguz. Izan ere, Tolosa eta Castres hiriak lotzeko autobide bat eraikitzeko proiektuaren kontra, gose greba hasi zuen Thomas Brail militanteak irail hastapenean, Parisen. Ordutik, beste hamabost kide juntatu dira gose grebara, eta, astelehenean, horietako hiruk egarri greba ere hasi zuten. Goizean, agiri baten bidez jakinarazi du Herribiltza kolektiboak Donibane Garaziko herriko etxean okupazioa egin dutela. Arratsaldean bukatu dute ekintza; izan ere, Okzitania eskualdeko eta Tarn eskualdeko prefeturek A69 autobidea egiteko obrak behin behinean eteteko erabakia hartu dute, gutienez, ostiralera arte. Egarri grebari bukaera eman diote hiru ekintzaileek.

A69 autobidea egitearen kontra, bestalde, elkarretaratzera deitu du Ostia kolektiboak biharko. 18:30ean eginen dute protesta, Baionako herriko etxearen aitzinean. Kolektiboak proiektu hori gaitzetsi du: «Klima krisia gero eta azkarragoa den garai honetan, duela 30 urte abiatu proiektu honek ez du zentzurik: autoari eta gas isuriei ematen die lehentasuna, beste garraio moten kalterako. Hiri handien garapena ahalbidetzen du, herri txikiagoen kaltetan. Eta, oroz gainetik, laurehun hektarea lur suntsituko ditu, naturaren, herritarren eta laborarien kaltetan». Lurraren Altxamenduek deitu duten ekintzara batzeko deia ere egin du Ostiak. Izan ere, urriaren 21ean eta 22an autobidearen obrak blokeatzera etortzeko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.