Baiona eta Donostia arteko korridore ekologikoa babesteko egitasmoa onartu du bi hiriburu horiek osatutako eurohiriak. Egitasmoaren lehen fasea egitea da onartu dutena. Bi hirien artean eraikiko diren azpiegiturek korridore hori errespetatu beharko dute, eta, beraz, ezingo da eremu babestu horretan eraiki.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan batzarra egin zuten atzo Baionako auzapez Jean Grenetek, Gipuzkoako Kanpo Harremanetako diputatu Jon Uriguenek eta eurohiriko zuzendari Jean Paul Badiek eta Roke Akizuk. Gainera, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanorekin bildu zen Grenet. Bi aldeen artean giro ona dagoela nabarmendu zuten erakundeko arduradunek, eta lankidetzan jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Pozik azaldu ziren, Europako Batasunak proiektua diruz lagunduko duen erabaki baino lehenago onartu baitute korridorea sortzea. Uriguenen arabera, aurten zehaztuko dute zein lur eremutan ezingo den eraiki. Gainera, Donostian eta Baionan trenbideari buruzko mintegi bat egitea adostu zuten atzoko bileran. Horretarako, aldundia Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko dela agindu zuen Uriguenek. Eurohiriaren hurrengo batzarra martxoan egingo dute.
Donostia-Baiona korridore ekologikoa babestea adostu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu