M-22: udal eta foru hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Donostia, «Europari irekiago»

Odon Elorza PSEko alkategaiak Gipuzkoako hiriburua «globalago eta pluralago» bilakatzea nahi du

Odon Elorza Donostiako alkategai sozialista, Aieteko jauregiaren aurrean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2011ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Odon Elorzak hogei urte daramatza Donostiako alkatetzan, eta badu, beraz, nahiko «esperientzia». Liburu batean jasotzeko adina, behintzat, bai. Atzo aurkeztu zuen La pasión de la experiencia liburu berria (Esperientziaren pasioa). Urte hauetako guztietako gogoetak, iritziak eta bizipenak bildu ditu bertan. Gipuzkoako hiriburuaren egoeraz eta erronkaz hitz egin du, baina baita alkate izatearen erantzukizunaz ere.

Izan ere, Elorzaren ustez, alkatetzak «askatasunean»oinarrituta egon behar du, alderdi politiko jakin baten interesetatik at. «Alkate batek ezin du alderdiaren aginduetara makurtu, eta herritarren interesei bizkarra eman», adierazi du.

Hiri bateko alkate bat ezin da sartu, haren ustez, «fronte politikoen» eta «polo subiranisten» ika-miketan. Are gutxiago Donostian, urteetan asko «sufritu» duen hiriburua delako, Elorzak dioenez. «Zorionez, gauzak aldatuz doaz», erantsi du. Donostiako herritarrek «sosegua, bizikidetza eta adiskidetzea» lortzeko duten nahiak zerikusi handia izan du aldaketa horretan, bere esanetan. Eta bere jardunak eta nortasunak, noski, izan du eragina, Donostiako alkatearen hitzetan. Elorzak dio «zintzotasunez» kudeatu duela udala, eta inork ezin izango diola inoiz leporatu agintean daramatzan hogei urte hauetan dirua xahutu duenik edo senideren bati lanposturen bat eman dionik.

Aurrera begira Donostia Europara eta nazioarteraare eta irekiagoa izan beharko duela iritzi dio Elorzak, bai eta beste hiriburuekin elkarlana sustatu ere. «Ez dut nahi hiri euskaldunagoa izatea, zorionez badelako, ezta espainolagoa ere; Europari irekiagoa, globalagoa eta pluralagoa nahi dut».

Bakeaz ere hitz egin du Elorzak. Bake bidean eman diren aurrerapausoaz eta aurrera begirako erronkaz. Bere hitzetan, Donostiak «bake hazitoki bat izan behar du, bizikidetzan aurrera egiteko balio izango duen ideia demokratikoen laborategi bat». Bakeak atzera bueltarik ez izatea lotzea da erronka, Elorzaren ustez.

Meskita, Gasteizen

PSEko Gasteizko alkategaiari, berriz, beste buruhauste bat sortu zaio hauteskunde kanpainaren erdian. Udalak Zaramaga auzoan meskita bat irekitzeko baimena eman izanak zalaparta piztu baitu auzokideen artean, eta ika-mika berria eragin, berriz, PSE eta PPren artean.Izan ere, PPko alkategai Javier Marotok agindu du bera alkate izanez gero, meskitari lizentzia kenduko diola.

Meskita hori eraikitzeko eskaerak baldintza guztiak betetzen dituela, eta ondorioz, lizentzia atzera botatzea «prebarikazio» delitua litzatekeela erantzun zion Lazkozek PPri. Eta gogoratu zion PP Gasteizko alkatetzan zegoenean gisa horretako beste hiru tenplu zabaldu zituela. Hala, hirian«arrazakeria eta xenofobia» bultzatzea leporatu zion Lazkozek Marotori. «Gasteizko alkatetza eskuratu nahi duenak gasolina bidoi batekin etortzea ez da egokia». Halako adierazpenekin hirian «tentsioa» sortzen ari dela kritikatu zuen Gasteizko alkateak, eta erantzukizunez jokatzeko eta «tolerantzia, eta aniztasun politikoa» errespetatzeko eta elkartasuna sustatzeko eskatu zion PPkoari.

Meskitaren polemikatik harago, kanpaina egiten jarraitu zuen atzo Gasteizko alkateak, besteak beste, datorren urteko Europako hiriburu berdearen izendapenari probetxua ateraz. Atzo, Europako Hiriburu Berdea proiektuaren koordinaketaz aurten arduratzen den Hanburgoko (Alemania) ordezkari Jennifer Wesche hartu zuen udalean, eta «eko-hiriaren»alde mintzatu zen alkatea: «Europako Batasunak saria eman digu denok batera etorkizuneko hiri berdea eraiki dezagun, hots, herritarren bizitza kalitatea bermatuko duen hiria eraiki dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.