Animalien eskubideen aldeko sentsibilizazioa areagotu egin dela irizten dute Donostia Antitaurina Orain! plataforman bildu diren elkarteek. Hala, «egungo etikarekin zerikusirik ez duen eta iraganean ainguraturik dagoen animaliekiko tortura erarik erritualizatuena» dela ulertzen duten bakarrak ez direlakoan dira. Zezen eta zekorren heriotza edo sufrimendua bere gain daramaten ikuskizunen salbuespenik gabeko debekua aldarrikatuko dute, alegia, 2012tik aurrera Donostia zezenketarik gabeko hiri bilakatzea. Horretarako, gaiari lotutako herri mailako galdeketa lotesle bat eskatu dute, «herriaren hitza behingoz errespeta dadin».
Animalien bebeserako borrokak batu ditu zenbait talde feminista, ekologista zein animalista zezenketen aurkako plataforman, zezen eta zekorrekiko «basakeria» gisa ulertzen duten tauromakiari aurre egite aldera, eta Donostiako Aste Nagusiaren atarian, manifestu bat aurkeztu dute prentsaurreko batean.
Inoren sufrimenduan oinarritutako baliorik ez transmititzea ezinbesteko jo dute agirian. Animaliekiko indarkeriaren normalizazioak sufritzen ari den izakiarekiko enpatia falta sortarazten baitu. Ildo beretik, zapaldurik ez dagoen gizartea eraiki nahi dutela adierazi dute. Gainera, Donostia 2016an kulturaren hiriburu izanik, indarkeria onartuko ez duen kultura etikoa sustatzeko beharra nabarmendu dute.
Aste Nagusian zehar arratsaldero hiltzen diren sei zezenak eta urte osoan modu berean amaitzen duten beste hainbat zekorrak ikuskizun odoltsuetarako baliatzea gaitzetsi du Askekintza elkarte animalistako kide Lide Trekuk: «Interes ekonomikoak baztertzea eta herriaren hitza errespetatzea nahi dugu behingoz». Trekuren hitzetan, zezenketei lotutako enpresak izan dira azken urteotan udala zezenketak egiten jarraitzea babesteko estutu dutenak.
Baina, horien interes ekonomikoak Donostiako herritarrenekin talka egiten dutela ohartarazi du, ikuskizun defizitarioa izaki, «gastu ikaragarria» baita udalarentzat. Donostia Antitaurina Orain! plataformako kideak gogorarazi duenez, udalak 80.000 euro ordaindu behar izan du zezen plazaren sabaiaren konponketarako eta mantentze lanetarako, eta, «zer esanik ez», erantsi du, «Ilunbeko zezenketak kudeatzen zituzten Txoperatarren zorra kitatzeko orain urte gutxi ordaindu zituzten 21 milioi euroez».
Jaietako egitarautik at
Zezenketak udalaren egitarauaren barnean ospatuko ez diren lehen Aste Nagusia izango da aurtengoa. Donostiako alkate ohi Odon Elorzak ere egin zuen horretarako saioa orain urte gutxi, baina, presioen aurrean, atzera egin zuen azkenik. Edonola ere, festetan ez ezik, urte osoan ere zezenketak kendu daitezen lortu nahi du plataformak. «Atxikipenen eta presio sozialaren bidez, udalarekin biltzen garenerako indarra lortzeaz gain, beste alderdiek ere zezenketen aurkako mugimenduak babes zabala duela onar dezaten nahi dugu», azaldu du Trekuk. Abolizio hori ez litzake datorren urtera arte bideragarri izango, dagoeneko itxi diren kontratazioak oztopo izango baitira. Baina, 2012tik aurrera zezenketak debekatzeko nahia helaraziko diote udalari, Kataluniako Parlamentuak erabaki zuen gisan.
Zezenketen aurkako manifestazioa egingo da igandean, eta hartan parte hartzeko dei egin du plataformak: «Zezenketen aurkakoon ahotsa entzutea inoiz baino garrantzitsuagoa da orain», adierazi du Trekuk.
Manifestazioa Bulebarretik abiatzeko debekua jarri zien udalak, eta ibilbidea aldarazi, festak aurrera eramateko oztopo zela argudiatuz. Antolatzaileei, ordea, ez zitzaien pisuzko arrazoia iruditu, manifestatzeko eskubidea festarakoaren gainetik egon beharko litzatekeela ulertu baitzuten. Azken hamabost urteotan Aste Nagusian egin diren zezenketen aurkako protestek inolako arazorik eragin ez dutela gogorarazi dute. Debekuaren aurkako errekurtsoa jarri zuten, eta, arrazoi eman dietenez, Bulebarretik irtengo da azkenean manifestazioa, igandean, arratsaldeko 19:00etan.
Donostia zezenketarik gabeko hiri bilakatzea aldarrikatuko dute
Zezenketen inguruko herri mailako galdeketa lotesle bat eskatu du Donostia Antitaurina Orain! plataformak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu