Tuterako Poliziak (Nafarroa) 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, bikotekideari eraso egiteagatik. Emandako informazioaren arabera, bikotea eztabaida batean zen, eta gizonezkoak eraso egin zion emakumezkoari; lesioak eragin zizkion. Arratsaldeko 17:00ak aldera gertatu zen.
Genero indarkeria leporatu diote gizonezkoari. Atxilotu eta berehala, Udaltzaingoak polizia etxera eraman zuen ustezko erasotzailea, eta gero epailearen aurretik pasatu zen.
Barakaldon ere (Bizkaia) beste gizon bat atxilotu dute emakume bati eraso egitea eta hiru egunez fabrika zahar batean itxita edukitzea egotzita. Horretaz gain, lesio delitua, mehatxuak eta polizia agenteen aurkako atentatua egitea egozten diote. Joan den astelehenean atxilotu zuten, eta espetxeratzeko agindu dute.
Barakaldoko zinegotzi Angel Madrazok azaldu duenez, astelehenean izan zen atxiloketa, 19:30ak aldera. Esan du herritarrek abisatu zietela udaltzainei gizon bat emakume bati erasotzen ari zela denda baten kanpoan, eta labana bat jarri zion lepoan udaltzainak agertu zirenean.
Gainera, zinegotziaren hitzetan, udaltzainak bertaratu eta atxilotzen saiatu zirenean, «erresistentzia» jarri zuen gizonak. Adierazi duenez, emakumeak kontatu zien gizonak hiru egunez itxita eduki zuela fabrika zahar batean, eta bertan zegoela jo eta mehatxatu egin zuela eta sakelakoa kendu ziola, inori ez kontatzeko. Zinegotziak ziurtatu du gizonari aurretik ere egotzi diotela indarkeria matxistako delitu bat.
Donostian, berriz, adingabe batek salatu du arte martzialetako bere entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiola. Duela hilabete jarritako salaketaren arabera, 2018an egin zizkion sexu abusuak. Gizona mezuak idazten hasi zitzaion, «gero eta traza sexual handiagoa hartuz joan zirenak». Dokumentuaren arabera, gizonak bere etxera joatea proposatu zion, «harremanak edukitzera», adingabea zela jakin arren. Hark onartu egin zuen, «pasatzen ari zen momentuagatik». Gazteak jakinarazi zion «ez zegoela gustura», baina gizonak jarraitu egin zuen, adingabeak apartatu zuen arte.
Dokumentuan ageri denez, astebete geroago entrenatzaileak berriz proposatu zion bere etxera joatea. Nerabeak, hasieran, «aitzakiak» jarri zizkion, «ez zuelako joan nahi». Baina gizonak behin eta berriz eskatu zion harreman sexualak edukitzeko, eta «adin txikikoak ez zion kontra egin, deseroso sentitu eta blokeatuta geratu arren». Efek jakin duenez, gizona atxilotu egin zuten, baina gero aske utzi zuten deklaratu bitartean.
Hamar urteko zigorra abusuengatik
Mont-de-Marsaneko epaitegiak (Landak, Okzitania) hamar urteko kartzela zigorra berretsi du gizon baten aurka abusuengatik eta intzestuagatik. Jadanik kondenatua izan zen 2019an, baina helegitea jarri zuen, eta baldintzapean aske utzi zuten. Erasoak 2014 eta 2016 artean gertatu ziren, Nafarroa Beherean, zehazkiago, Izuran, Donibane Garazin eta Baigorrin. Biktimak gizonaren anai-arreba gazteak ziren, eta 5 eta 7 urte zituzten 2014an. Hamar urteko kartzela zigorraz gain, biktimengana hurbiltzeko debekua ezarri diote, arta psikologikoak egitera behartua izanen da, eta haren izena FIJAIS sexu bortizkeriazko arau hauste egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartuko dute.