Emakumeen Nazioarteko Eguna izanen da igandean, eta Gipuzkoako zahar etxeetako langileek salatu dute Gipuzkoako Diputazioak genero berdintasunaren aldeko hitzak egin dituela haiei kasurik egiten ez dieten bitartean. Zahar etxeetako langileek hemezortzi hilabete daramatzate greban, eta 233. greba eguna dute gaurkoa –gutxienez apirilaren 8ra arte luzatu dute greba deialdia–.
Diputazioaren «aurpegi zuriketa» salatzeko, Donostiako Emakumeen Etxean itxi dira gaur eguerdian, eta jakinarazi dute egun batzuez hor segituko dutela gauez eta egunez –ez dute zehaztu noiz arte–.
Foru aldundiko arduradunei hara joateko deia egin diete, haiekin hitz egitera: «Badakite non gauden». Emakume izatearekin erabat lotuta dago euren lan gatazka, eta horregatik aukeratu dute Donostiako Emakumeen Etxea biltzeko, Bego Gainza langile eta grebalariak azaldu duenez: «Langileen %90 baino gehiago emakumeak gara, eta ez diote baliorik ematen guk egiten dugun zaintza lanari». Azpimarratu dute zaharren kalitatezko zaintza bermatu nahi dutela, eta, horretarako, lan baldintzak duintzeko galdea egin dute. Ohartarazi dutenez, ez dute amore emateko asmorik: «Oso indartsu gaude».