Donostiako metroaren lanek zulo bat sortu zuten Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan, joan den ekainaren 5ean. Horren ondorioz, bizilagunek zenbait gau igaro behar izan zituzten beren etxebizitzetatik kanpo. Azpiegituraren aurkako Satorralaia bizilagun elkartearen iritziz, ezbehar hori «iragarrita» zegoen. Eta gertatutakoa «larria» dela iritzita, metroaren lanak erabat gelditzeko eskatu du elkarteak. Gainera, «zentzurik gabeko azpiegitura horri» arbuioa adierazteko, Kontxako pasealekuko erlojuetan protesta elkarretaratze batera deitu du datorren iganderako (13:00).
Elkarteko kideek gaur Donostiako udaletxearen atarian egindako agerraldian nabarmendu dutenez, azpiegituraren obrek pitzadurak, arrakalak, eta «bestelako kalteak» eragin dituzte dozenaka etxebizitzatan. «Bizilagunen salaketak ugaritu egin dira azkeneko hilabeteetan». Hori hala izanda, Satorralaiari «guztiz salagarria» iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzak joan den martxoan adierazitakoa. Izan ere, elkartearen arabera, herritar batek lanei buruzko informazioa eskatu zioenean, Jaurlaritzak erantzun zion ez dela «beharrezkoa» azterketarik egitea obrak eraikinetan sor ditzakeen kalteen inguruan.
Satorralaiarentzat, gainera, ez dago Donostian metroa egiteko beharrik. «Zentzugabekeria bat da, xahuketa ekonomiko itzela. Egitasmoak ez du mugikortasunaren ikuspegitik inongo justifikaziorik».