Metroaren lanek zulo bat sortu dute Donostiako eraikin baten sotoan

Udalak azaldu du «istripu teknikoa» izan dela. Bizilagunek kanpoan igaro behar izan dute gaua

Langile batzuk, atzo, Zubieta kaleko 8.eraikineko sotoko zuloa hormigoiz betetzen. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako metroaren lanek kalteak eragin dituzte Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan: eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu da, eta zulo bat sortu da zimenduetan. Jose Mari Gutierrez lanen zuzendari teknikoak azaldu duenez, 120 metro harago egiten ari diren tunel baten ondorioz gertatu da aurreikusia ez zeukaten ezbeharra. «Ez ginen kontziente hemendik 120 metrora dagoen tunelaren eta eraikinaren arteko harremanaz. Ohartu gara Kontxako hondartzaren gune hau gune karstiko bat dela, zuloguneak daudela, eta horietako batzuek harreman zuzena dutela eraikin honekin. Tunela egitean, nahiz eta 120 metrotara egon, ur-filtrazio batzuk sortu dira, zeinek hondarra eraman duten, eta zimendatzean zulo bat sortu dute».

Jon Txabarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariak azaldu duenez, gertatu dena «istripu tekniko bat» izan da. Metroaren obrekin lotura zuzena duela azaldu du: «Denek argi utzi dute kausa-efektu harreman bat egon dela. Ez da arduragabekeriarik izan, eta ez dago ezer ezkutatzeko. Azken batean, istripu bat, baina istripu teknikoa». Jakinarazi du, halere, eraikinean ez dagoela «egiturazko arazorik».

«Zuhurtziaz», Zubieta kaleko 8. eta 10. zenbakiak hustu egin zituzten atzo, baita haiei itsatsita dagoen Londres hotela eta Hegalak kirol zentroa ere. Londres hotelean eta 10. eraikinean ez da kalterik izan, jakinarazi dutenez. 8. zenbakiko bizilagunek kanpoan pasatu behar izan dute bart gaua, hotel batean. «Erabat ziur egon arte, ez da bueltatu ahal izango», azaldu du Eneko Goia alkateak.

Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, 13:00 aldean izan zuten atzo gertatuaren berri, bizilagunek abisua emanda. «Jakitun izan gara auzokoek deitu dutenean etxearen azpian zulo hori azaldu delako», jakinarazi zuen atzo arratsaldean Goiak. Hutsarazi dituzten eraikinetako bateko bizilagun batek BERRIAri kontatu dionez, goizaldean «krakateko bat» entzun zuten, eta 08:00etan «zarata handi bat»: «Etxe batzuetan goizean ez zeukaten urik, eta iturginari abisatu diote. Hark aurkitu du dena erorita». Maddalen Marzolek denda dauka zuloa agertu den eraikinaren parean, eta, BERRIAri erran dionez, 13:20 aldera ikusi zituzten atzo suhiltzaileak hurbiltzen: «Hasiera batean ez ziguten ezer esaten». Ezin izan zuen denda ireki arratsaldean, baina atzo behintzat ez zioten azalpenik eman. Ez du «harritu» gertaturikoak: «Ikusten da ez dela tokia zerbait egiten hasteko. Ez dago espaziorik».

14:00 aldera hasi zen zabaltzen berria, baina printzipioz metroarekin lotura zuzenik egin gabe. 16:00etarako kazetariz beteta eta udaltzainek hesituta zegoen ingurua, eta hormigoi kamioiak zuloa estaltzen hasiak ziren: hiru kamioi gutxienez ibili ziren joan-etorrian sotoko zuloa hormigoiz estaltzeko. Eusko Jaurlaritzako, Donostiako Udaleko eta obrako ordezkariek 17:00etan egin zituzten adierazpenak, metroaren obrekin lotuta, zuzenean. «Metroaren obretan ur iragazketa bat gertatu da, eremu karstiko batetik datorrena, eta Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan zulo bat eragin duena. Aztertzen ari gara nola eutsi, nola estali soto hori, zulo hori. Itxuraz ez dago eraikinean egiturazko arriskurik», azaldu zuen Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Azpiegitura sailburuordeak.

Lanak eteteko eskaera

Metroaren eraikuntzaren aurkako Satorralaia mugimenduak salatu du Jaurlaritzak ez duela «inongo azterketarik egin metroaren obrek hiriguneko eraikinetan sorturiko kalteen inguruan», eta lanak eteteko eskatu du. Donostiako EH Bilduk ere lanak gelditzeko eskatu du, «donostiarren segurtasunagatik»: «Obrekin lotutako istripuen enegarren kapituluan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.