DONOSTIAKO PLAN OROKORRA. ZUBIETARAKO EGITASMOAK. Zubietaz, Zubietarik gabe

Donostiako Udalak Zubietan Gipuzkoako industrigune handiena, espetxea, errauste planta eta ehunka etxebizitza egin nahi ditu

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Hasi dira eraikitzen Zubieta eralda dezakeen bidea. Zubietaren oraina eta etorkizuna lotuko dituena. Edo beste modu batera esanda, oraina eta etorkizuna bereiziko dituena. Izan ere, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren beharretara soilik egokitutako etorkizuna marraztu dute Zubietarentzat. Zubietarik gabe, eta zubietarrei entzun gabe.

Bistan da Donostiako Udalak orube ezin hobea -orube berdea- aurkitu duela Zubietan hainbat egitasmo gauzatzeko. Hirigintza Plan Orokorra da horren lekuko. Ekainean onartu zuten behin betiko. Eta ez dira gutxi Zubietarako dituzten asmoak. Zubietarren irudiko, asmo «txikitzaileak»: Gipuzkoako industrialde handiena, errauste planta, espetxea eta ehunka etxebizitza, besteak beste. Hori nahikoa ez, eta zurrumurruek diote Loiolako kuartela hara eramateko asmoa ere badagoela bulegoren batean.

Egitasmo horiek Zubietamendin egingo dituzte, Eskuzaitzeta eta Artzabaleta izeneko eremuetan. Eskuzaitzetako eremuak 105 hektarea hartuko ditu, eta hainbat jarduera ekonomiko eta espetxea hartzeko egokituko dute. Hortik gertu eraikiko dute errauste planta, Artzabaletan. «Hirian ditugun industrialdeak baino hiru aldiz handiagoa izango da Zubietakoa». Honelaxe aurkeztu zuen egitasmoa Jorge Letamendiak, Donostiako Hirigintza zinegotziak: «Enpresen beharrei erantzungo diegu, eta ez diegu hiritik alde egiten utziko». Denis Itxaso Donostiako Ingurumen zinegotziak eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidenteordeak, bestalde, esana du, abiadura handiko treneko obren atzetik errauste planta izango dela Gipuzkoan egingo den «proiektu handiena». Proiektu handiegiak, ordea, txikia izaten nahi jarraitu nahi duenarentzat. Izan ere, zubietarrek aspalditik dute honako lelo hau: «Zubieta txikia da, txiki izaten jarraitu nahi du, baina ez gaitzatela txikitu».

Industrialdea egiteko, 70 hektarea erabiliko dituzte, eta sabaiak 296.000 metro koadro izango ditu. Espetxeak beste 28,8 hektarea hartuko ditu -Martutenekoak bi hektarea ditu-, eta «504 preso» hartzeko tokia izango du. Bikoitza ere izan daiteke, normalean zelda bakoitzean bi preso sartzen dituztelako. Martutenekoa ordezkatuko du Zubietakoak.

Partzuergoaren neurrira

Eskuzaitzeta garatzen hasteko, lehen esleipenak jada egin dituzte, eta orain arteko guztiek errauste plantarekin dute zerikusia, hau da, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren beharren erritmora dabiltza dantzan.

Batetik, N-1a (Merkabugati eta Garraioaren Zentroa dagoen tokitik) eta Eskuzaitzeta eta errauste planta lotuko dituen errepideko lanak hasi dituzte. Horren ardura partzuergoak du, Donostiako Udalarekin egindako akordioari esker. %30 partzuergoak berak ordainduko du eta %70 udalak. Sei hilabetean amaitu nahi du. Bestetik, Eskuzaitzetan errauste plantaren osagarri izango diren azpiegiturak egingo dituzte, eta plataforma eraikitzeko lanak eskainiak dituzte jada. Donostiako Udalak berak saldu zizkion lur sail horiek partzuergoari, 8,4 milioi euroren truke. 2012ko uda baino lehen amaituta edukitzea espero dute. Azkenik, errauste planta egiteko lehiaketarako baldintzen plegua ere onartu berri dute.

Faseka eraikiko dute Eskuzaitzetako industrialdea. Errauste plantarekin zerikusia duen fasea amaitu eta gero, bestelako jarduera eta enpresei irekiko diete atea. Lur sailak «oso merke» salduko direla aurreratu du Jorge Letamendiak. Udalak berak ere merke eskuratu ditu: 5,3 euro metro koadroa. Udalak edozein enpresa motari egin nahi dio lekua han.

Reala eta etxebizitzak

Industrialdeaz, espetxeaz eta errauste plantaz gain, hipodromo inguruan ehunka etxebizitza egiteko asmoa jasota dago planean, eta Realari bere instalazioak handitzeko aukera ematen dio. Realak eremu horretan jokalarientzako egoitza bat, taberna bat eta jatetxe bat eraiki nahi ditu.



Bi udalerrik banatuta

Donostia eta Usurbilgo (Gipuzkoa) auzoa da Zubieta. Bi udalerrien artean dago banaturik, eta, ondorioz, administratiboki, erdiak donostiarrak dira, eta beste erdiak usurbildarrak. Zubietarrek herri izaera oso barneratuta daukate. Sentimenduz, gainera, udalerri ere izan dira noizbait, eta auzo alkatetza izan du ia gaurdaino. Udalerri izatea da euren nahia. Nahiz eta ahalmen urrikoa izan,duela urte gutxi, 1992an, Zubietako Herri Batzarra osatu zuten zubietarrek, Usurbil eta Donostiako udalen oniritziarekin. Batzarra osatzearekin batera, lurrak ere mugatu zituzten. Herri batzarreko ordezkariak lau urtetik behin aukeratzen dituzte. Bi urtez Usurbil aldeko alkatea izaten da, eta hurrengo bi urteetan Donostia aldekoa.



Donostiako Plan Orokorra

Zubietarako egitasmoez gainera, honako ardatz hauek ditu plan orokorrak:

Etxebizitzak. Datozen zortzi urteetan 16.680 etxe eraikitzea aurreikusi dute.

Industrialdeak. Auditz Akularren ere industrialde bat egin nahi dute, eta osasun etxe bat.

Handitzeak. Realak Zubietan dituen instalazioez gain, Kursaal jauregia, Deustuko unibertsitatea eta Tabakalera handitu nahi dituzte.

Garraio publikoa. Metroari eman diote lehentasuna. Tranbia baztertu, eta autobusentzako bideak ugarituko dituzte.

Errepideak. Egungo saihesbidea hiri barruko joan-etorrietarako izatea nahi dute, eta ez pasabideko zirkulazioak erabiltzeko. Urumeako autobiak eta ingurabideak hori ahalbidetuko duela diote.



Auditz Akularren datorren urtean hasi nahi dituzte lanak

Donostiako Udalak Auditz Akularreko plan partziala aldatzea onartu zuen lehengo astean, eta, hartara, beste 198 etxe egingo dituzte; guztira, 3.059 etxebizitza. Erdiak pasatxo babes ofizialekoak izango dira. Urte amaieran eman nahi dituzte lanak, datorren urtean obrekin hasi ahal izateko.



223,3

BEZa aintzat hartu gabe errauste plantak izango duen kostua. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren arabera, BEZa aintzat hartu gabe, 223,3 milioi euroko kostua izango du errauste plantak. 2013a amaitzerako errauste planta martxan jartzea espero dute.



18,4

Errauste planta Donostian egiteagatik Udalak jasoko dituen milioiak. Hondakinen Partzuergoak 18.437.500 euro emango dizkio Donostiako Udalari, errauste planta haren lur sailetan egiteagatik. Udalak lur sailak eman dizkio, bidea eta azpiegitura osagarriak egiteko.



«Garapen orekatuari bidea itxi, eta diru gose diren 'lobby' espekulatzaileeimen egiten die planak»

XABIER ARREGI
Zubietarra


Eñaut Zuriarrain.Azken bi urteotan Zubietako alkate izandakoa

«Bere nortasuna desagertzeko mehatxupean bizi da Zubieta»

A. S.

2007tik 2009ra bitarte, Zubietako Herri Batzarreko alkate izan da Eñaut Zuriarrain. Iaz Imanol Azpirozek hartu zuen haren lekua, Donostiako aldekoari baitagokio orain ardura hori betetzea. Hala ere, Herri Batzarrean jarraitzen du lanean, eta ondo ezagutzen du Donostiako plan orokorra.

Donostiako Udalak onartu berri duen plan orokorrean egitasmo ugari daude jasota Zubietarako. Zer eragin izango dute Zubietan?

Egitasmo horiek ez dituzte Zubietaren beharrak kontuan hartuz planteatu. Bestelako interes batzuk nagusitzen dira, eta Zubietaren benetako izaera arriskuan jarri du. Gipuzkoako industrialde handiena izango litzatekeena egin nahi dute, 703.000 metro koadro izango dituena. Makrokartzelak 280.000 metro koadro, errauste plantak 448.000 metro koadro eta egun Zubietako Donostiako eremuan dauden 66 etxebizitzez gain, beste 1.036 etxe eraiki nahi dituzte, guztiak Zubietako herrigunetik urrun. Zubietak, ordea, modu orekatuan hazi behar du, eta, batez ere, herrigunea indartu eta zerbitzuak eskaini behar dira.

Jarduera ekonomikoak egun hutsik dauden eremuetan ezarri beharko lirateke. Ez du justifikaziorik industrialdea Eskuzaitzeta mendiko landa lurrean kokatzeak. Egun, beheko aldean badago lekua, Bugati, Garraio Zentroa eta Realaren instalazioak dauden lekuan, Zubietari proportzionaltasuna errespetatuz.

Hori nahikoa ez eta, gainera, espetxea eta errauste planta.

1.008 preso hartzeko espetxea egin nahi dute, espetxe politika egokia izateari jaramonik egin gabe. Presoak, izurrite kutsakorra izango balira bezala, mendira bidali nahi dituzte. Zubietako Herri Batzarrak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Mahaiari bere lurrak eskaini zizkion, bergizarteratzea helburu duen benetako espetxe politika baten zentroak bere lurretan hartzeko.

Errauste plantaren inguruan, ia dena esanda dago. Ez du bi mila metroen legea betetzen. Errauts toxikoekin zer egingo duten ez dakigu oraindik, eta, gainera, zabor bilketa eredugarria ari dira abiatzen hainbat herritan.

Donostiako Udalarekin baduzue harremanik? Zuen eskaerak kontuan hartu dituzte?

Planari alegazioak jarri genizkion, baina udalak ez zigun erantzun ere egin. Gure eskaerei ez diete kasu zipitzik ere egin. Gure iradokizunak Zubietaren benetako izaeran oinarrituta egin genituen. Izan ere, zubietarrok badakigu nolako Zubieta nahi eta behar dugun.

Zer behar dituzue une honetan?

Une honetan bi arazo azpimarratuko nituzke bereziki. Eskola txikia kinka larrian dago, eta hori arazo da gure herriko haurren etorkizunerako, baita herriaren beraren etorkizunerako ere. Eta, bestetik, zubietarrok gure zaborra kudeatu nahi dugu, eta konpostatzeko planta bat nahiko genuke. Donostiako Udala, hasiera batean, bidelagun genuen, eta diruz lagunduko zigula hitzeman zigun. Orain, ordea, bestelakoa da egoera.

Nola eutsi zuen herri nortasunari, Donostia bezalako hiri handi baten zati izanda?

Zubieta bere izaera desagertzeko mehatxupean bizi da. Herri izaera berreskuratzea ezinbestekoa da, baina, tamalez, legearen haria luzea da. Tokiko erakunde txiki bihurtzea erdibideko geltokia litzateke.



Iritziak

«Beste herri bat sortuko da hipodromo aldean, egungo Zubietarekiko loturarik gabekoa»

Unai Agirre
Zubietarra, informatikaria
«Planak ez du Zubieta aintzat hartzen, Donostiako beharren ikuspegitik garatuta dago. Agortuta dagoen ikuspegi batetik landuta dago, etxebizitza eta eraikuntza erraldoietan oinarrituta, herritarrentzako zerbitzu eta beharrak bete ordez. Zubietan beste herri bat sortuko da hipodromo aldean, egungo Zubietarekin loturarik izango ez duena. Zubietak beste eredu bat behar du, ordea: herrigunetik hasiko den garapena, mendi aldea babestuko duena eta erribera lehen sektoreari erreserbatuko diona. Horrela garatuko genuke Zubieta, bere etorkizuna bere historiarekin marraztuz».

«Donostiak nahi ez dituen proiektuak, Zubietara eraman nahi dituzte»

Juanar Arrillaga
Zubietarra, baserritarra
«Ikuspegi guztietatik, negar egiteko moduko plana da. Baserriaren ikuspegitik, nekazaritzarako aproposak diren lur ugari suntsituko dituzte, euren interesen mesedetan, eta, gainera, merke salduko dizkiete enpresei. Baserrietan beti izaten da eremu bat traste zaharrak gordetzeko, eta antzeko zerbait ari da gertatzen Zubietarekin: soberan duten guztia Zubietara eraman nahi dute, hau da, Donostiak nahi ez dituen proiektuak Zubietara eraman nahi dituzte. Zubieta suntsitu nahi dute, zaborrez bete, eta, horren ordainean, batzuek poltsikoak beteko dituzte».

«Herritarrok praktikan erakusten ari gara posible dela bestelako etorkizun bat sortzea»

Xabier Arregi
Zubietarra, irakaslea
«Nekazaritza, ingurumena eta lurra ez dira balioesten. Beterriko inguru aberatsenetako batean, makroproiektu txikitzaileak proposatzen ditu planak. Erokeria da: bailara osoak eskertuko lukeen garapen orekatuari bidea itxi, eta diru gose diren lobby espekulatzaileei men egiten die. Horregatik, plan horrekin Zubietak etorkizun beltza eta ketua du. Baina, zorionez, plan hori onartzerako, herri mugimenduak erakutsi du zein den bidea. Esaterako, errauste planta dela eta, herritarrok teorian eta praktikan erakusten ari gara posible dela bestelako etorkizun bat egunez egun sortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.