Donostiako Udalak Mujikaren oroitarria konponduko du

Oroitarriak «modu iraingarrian eta mehatxuzkoan erasoak» jasan izan dituela salatu du PSEk

2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Fernando Mujika PSE-EEko zinegotziaren omenezko oroitarria «normaltasun eta naturaltasun osoz» konpondu eta eraberrituko duela adierazi du Donostiako Udal Gobernuak. ETAk 1996. urtean hil zuen Mujika Donostiako erdigunean, eta haren omenez Igeldo mendian dagoen oroitarriari eraso egin diote ezezagun batzuek.

Bilduk agintzen duen udalak azaldu du «errespetuan, konfiantzan, enpatian eta adiskidetzean oinarrituz, guztien artean eraikitako bakera begiratzen duen Donostia eraiki» nahi dutela. Horrez gain, adierazi du «ez dela zilegi zenbait alderdi politiko erabilera alderdikoiarekin gatazka politikoa betikotzen saiatzea, Ernesto Gasco jaunaren kasuan gertatzen den bezala».

Ernesto Gasco Donostiako Udaleko PSE-EEren bozeramaileak egin duenari erantzunez, Juan Karlos Izagirre alkatearen gobernu taldeak azaldu du ez dela «batere ulergarria gertakariaren inguruan udal gobernua informatu gabe komunikabideengana joatea eta horien bidez zuzentzea gobernu taldeari».

Izan ere, komunikabideetan egindako salaketaren bidez eskatu dio PSE-EEk udal gobernuari Mujikaren oroitarria konpontzeko.

PSE-EEk kaleratutako oharraren arabera, oroitarriak «modu iraingarrian eta mehatxuzkoan eraso eta pintaketak jasan ditu hainbat aldiz». PSE-EEk azaldu du, gainera, «ezezagunen hirak» oroitarria «guztiz suntsitu» duela, eta, «are gehiago, zabortegi bihurtu» dutela.

Tolosako Udalak Juan Mari Jauregiren omenezko oroitarria konpontzea erabaki zuelako egin dio PSE-EEk eskaera hori.

«Kolore guztietako biktimak»

Izagirrek adierazi du bere alderdia ETAren biktimen omenaldietan parte hartzeko prest dagoela, nahiz eta ñabardurak izan: «Alderdi desberdinetako ordezkari politikoak parte hartu genezakeen omenaldia izango litzateke egoera ideala. Kolore guztietako biktimei omenaldia egingo litzaiekeen omenaldia izango litzateke hori».

Era berean, azaldu du «datu objektiboa eta nazioartean onartua» dela «normalizaziora bideanurrats garrantzitsuak» egiten ari direla. Gainera, PP eta PSE-EEri erreferentzia eginez, Bildu alderdien arteko gatazketatik kanpo uzteko eskatu du: «Hasieratik babestu duguna babesten jarraitzen dugu, eta entzun nahi duenak entzun dezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.