Donostiako Udalak zergak igoko ditu, eta ibilgailuen tasak garestitu

«Kostuen igoerari aurre egin eta hiritarrei zerbitzua kalitatez eskaintzeko» hartu dituzte neurriok

Trafikoa Donostian, atzo. JON URBE / FOKU.
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Donostia
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak iragarri du zergak igoko dituela, eta ibilgailuen erabilera kostua handituko duten neurriak hartu. Gobernu Kontseiluaren ostean, prentsaurrekoa egin du Eneko Goia Donostiako alkateak, Kerman Orbegozo aurrekontuen ardura duen zinegotziarekin batera, neurrien berri emateko. Besteak beste, neurri hauek iragarri ditu: TAO %5 igotzea; bigarren etxebizitza duten udatiarrei autoa aparkatzeko txartelaren tasa 120 eurora igotzea, eta autokarabanek kostan aparkatzeko debekua.

2024ra begira «eguneratu» dituzte zerga politikak, «pandemia osteko errealitate ekonomikora egokitzeko». Hau da, «inflazioaren ondoriozko kostuen igoerari aurre egin», eta horrela, «hiritarrei zerbitzua kalitatez eskaintzeko» asmoa dute neurriokin, Goiak esan duenez. Neurri berriez gain, Loiolako kuartelak erosteko 59,7 miloi euroko epe luzeko mailegua sinatuko dutela jakinarazi dute: «Etorkizunera begirako inbertsiotzat» jo dute.

Zergen artean, ondasun higiezinen gaineko zerga eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gainekoa batez beste %4 igotzea proposatu dute. Eta zerbitzuak emateagatik ordaintzen diren tasetan, estolderia eta hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzu tasak %5 igoko dira. Ibilgailuei dagokienez, %5 igoko da bide publikoetan aparkatzen dutenen tarifa (TAO). Ondorioz, Donostian bigarren etxebizitza duten udatiarren autoko tarifa 64 eurotik 120 eurora garestituko da.

Iragarri berri dituzten neurrien artean hau ere badago: bertakoa ez denak gauez ezin izango du itsaso inguruan —Pasealeku Berrian, Salamanca pasealekuan eta Saguesen— aparkatu. Donostiako Udalak isuna jarriko die autoa aparkatzeko neurri berria betetzen ez duten ibilgailuei. Goiak azaldu du «kostatzen» ari dela araudi berria betetzea. «Ohitura oso txarrak daude. Muga jarri den lekuetan ere esaten ari gara toki batzuetan ezin dela kanpatu, baina behin eta berriz ari dira ezin den tokian aparkatzen».

Udaltzaingoa arau hausteak zigortzen hasia da jada. «Gauetan ibilgailuan edo inguruan inor agertzen ez denean jartzen dute isuna. Horregatik daude hain isun gutxi: joan den astean bi isun jarri bazituzten ere, bi egunean hamabi ibilgailuren jabeei esan zieten bertan ezin zutela aparkatu».

Bestalde, alkateak adierazi duenez, «hiriko gunerik gatazkatsuena» delako ari dira itsas aurrean lanean, baina ez da arazoaren «behin betiko konponbidea». Esan duenez, konponbidea ezartzeko denbora gehiago beharko da: «Ordenantza aldatzearekin batera, sei hilabete baino gehiago irauten duen prozedurari esker lortuko da konponbidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.